Zer dira zuretzat inauteriak?
Parentesi bat. Egunerokotasunetik atera eta herriarekin konektatzeko momentua da. Kalea etxe bihurtzen dena. Tolosar inauterizaleok DNAn daramagu jai honekiko lotura. Egiaz, inauteria ezer baldin bada jendea da. Nik nire aitarekin lotzen dut asko.
Nola bizitzen dituzu?
Bizitzako etapa bakoitzean, ezberdin. Umetan dibertsioaren paradisu, eta gazteago ginen garaian festa amaiezinak ziren. Lehen sutsuago bizi nuen, orain lasaiago. Ama izan naizenez geroztik, sentitzen dut erantzukizun puntu bat nire alabak ere bizitu dezan inauteria nik bizitzeko aukera izan nuen bezain modu ederrean.
Zein dira zure lehen oroitzapenak inauterien inguruan?
Gurasoen irudia datorkit burura, buru-belarri inauterietako konpartsa eta plan guztiak antolatzen, eta ama familia guztiaren mozorroak josten (denborarekin ulertu dut zergatik amari behin ere ez dien grazia handiegirik egin inauteriek).
Aiton-amonen etxearen atarian egiten genituen prestaketak; entsegu egunetan ere inauteria dastatzen da pilula txikitan. Gainontzean, Aiz-Orratz elkartearen haur-jaialdiarekin hasten genituen inauterien beroketak eta Zaldunita egunean zein Asteartitan konpartsa ateratzen genuen kuadrilla handian: Galtzagorriak —argazkian—, Txiki-Zirkus, Etxeko Olinpiadak, Esbandieratori Tolosarri…
Zerk egiten ditu Tolosako Inauteriak berezi?
Irudimena, naturaltasuna eta umorea dira Tolosako Inauterien bereizgarri nagusiak. Hiruen arteko eztanda bat da, zentzumen guztiak pizten dituena.
Umetako oroitzapenetatik zertan aldatu da inauteria?
Testuinguru konplexu honetan, gauza asko ari dira aldatzen —batzuk tamalez eta beste batzuk zorionez—, tolosarrok ere azken hamarkadetan aldatu egin gara eta festak gauzatzeko modua ere bai, hein batean, baina inauteriaren izpiritua bizi-bizirik sumatzen dut eta, forma ezberdinetan azaleratzen bada ere, hor dago.
Urte guzti hauetan, zein izan da zure papera inauterietan?
Taldean antolatu izan gara beti eta urtearen arabera zeregin batzuk edo besteak egin ditut.
Txarangaren batean parte hartzen al duzu?
Ez.
Inauterietako zenbat abesti dakizkizu?
Euskaraz abesten direnak ditut presenteenen. Inauterietako kantuak euskarara ekarri eta mezu matxista edota arrazistak hauetatik ezabatzeko egindako ahaleginari jarraipena eman beharko genioke orain.
Mozorrotzea gustuko al duzu?
Aitortu behar dut diskrezioz mozorrotzea gustatzen zaidala. Hori ez da oso tolosarra, ezta?
Eta zein da zure inauterietako mozorrorik gustukoena?
Nire bizitzan zehar, mozorro asko eraman ditut soinean inauterietan. Kuadrillakoekin batera, egun bakoitzerako mozorro bat aukeratzen dugu eta urteek aurrera egin ahala kopuru hori goraka doa. Bat aukeratu beharko banu, Galtzagorriaren mozorroa izango litzateke. Azken finean, inauteriekiko dudan nire lehenengo oroitzapenetako bat da eta maitasun berezia diot mozorroari.
MOTZEAN
Egun bat? Ostegun Gizena.
Eguna ala gaua? Eguna.
Une bat? Zein ordu den ere ez dakidan une hori.
Mozorro bat? Erosoa den edozein.
Txaranga doinu bat? Diana doinua, adibidez.