Asaltoa udaletxeari

Ataria 2023ko otsailaren 16a

Kabi Alai elkarteko konpartsak inauterietako pregoia egin du eta Kapitoliorako asaltoa irudikatu du udaletxeko balkoia hartuta; osasun publikoaren aldeko aldarria eraman dute festen hasierara.

Aurtengo inauteriak Ostegun Gizeneko txupinazoarekin abiatu dira. Urtero bezala, Kabi Alai elkarteko konpartsa arduratu da hasierako antzezpena egiteaz. Suziria lehertzeko minutu gutxiren faltan, parodia egin dute. AEBko Kapitolioko asaltoa irudikatu dute Tolosako udaletxean. 

Parodia horretan osasun publikoaren aldeko aldarria egiteko tartea hartu dute. Sagardui iruzurrik ez, ospitale publikoa pankarta zabaldu dute udaletxeko balkoi nagusian, plazatik bertatik eskailera luze batzuk jarri eta bertara igota. 

Behin udaletxea hartuta, Kabi Alai konpartsako kide Iñigo Perurenak hitz egin du. Eskualdearentzat ospitale publikoa eskatu du, «berehala». Inauterietarako osatutako korporazio berriak, eskaera onartu eta inauteriei hasiera eman die, Kabi Alai kuttun izendatu duten Antxon Elosegi zortzi urtetarako alkate izendatuz. 

Bera arduratu da txupina piztu eta aurtengo inauteriei hasiera emateaz. Eta Kabi Alai txaranga arduratu da inauterietako lehen doinuak Plaza Zaharrean jotzeaz eta plaza saltoka jartzeaz. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!