Antxon Elosegik eman dio su festari

Ataria 2023ko otsailaren 16a

Kabi Alai elkarteak kultur ekintzaile ezaguna aukeratu du aurten Kabi Alai kuttun gisa eta berak izan zuen inauterien hasierako suziria pizteko ohorea; udaletxeko pleno aretoan omenaldi xumea egin diote aurretik.

Kabi Alai kuttun izendapena jaso du aurten Antxon Elosegi tolosarrak eta hark izan du aurtengo inauteriak abiatzeko ohorea pregoiaren osteko txupina botata.

Elkarteak opari gisa emandako garaikurra jaso ondoren esker oneko hitzak izan ditu Elosegik. «Nire aita hemen balego asko poztuko litzateke, hura ere oso inauteria baitzen», esan du.

Inauteriak ospatzeko deia luzatu du Elosegik eta azpimarra egin du jai hauetako musikan: «Garrantzia berezia du». Hain zuzen, txaranga doinuak entzun ahal dira Plaza Zaharrean, Elosegik Gora Ostegun Gizen! Gora inauteriak! Gora Tolosa! aldarriak bota eta txupinari su eman ondoren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!