Udaletxea hartuz lehertu da jaia

Ataria 2023ko otsailaren 16a

Aldarrikapenak ekarri dituzte Kabi Alai elkarteko kideek inauterien hasierako unera. Antxon Elosegi Kabi Alai kuttunak "Gora Ostegun Gizen! Gora Tolosa! Gora inauteriak!!" oihuekin batera eman dio su festa lehertu duen suziriari.

Kabi Alai elkarteko kideek aldarrikapenez betetako parodia egin dute inauteriei hasiera emateko unean. Udaletxea hartu dute, balkoira igoz eskaileretan eta bertan zeuden kideak botaz, eta horrela euren aldarrikapenak betetzea exijitu dute. Batetik, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari eta Tolosako Udalari ospitale publikoa egiteko eskatu diete, eta bestetik, Alde Zaharreko bizilagunen eskaerak ere erraman dituzte. Bada, udalak aldarrikapen guztiak beteko dituela hitz eman ostean jarraitu dute festarekin.

Orduan atera da Antxon Elosegi, aurtengo Kabi Alai kuttuna, balkoira jaiei hasiera ematera. "Gora Ostegun Gizen! Gora Tolosa! Gora inauteriak!! oihukatu du hunkituta, eta su eman dio suziriari. Orduan hasi da Asteartita bitarte etenik gabe jarraituko duen festa Plaza Zaharrean, Ostegun Gizen entzuten zen bitartean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!