«Astea mundu paralelo batean igarotzeko balio dit»

Endika Apalategi Labayen 2023ko ots. 16a, 07:58

Inauterietako egunei ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatzen da Amaia Iraola (Tolosa, 1993). Inauteriak herritarrak asko inplikatzen diren festak izateaz gain, gauza eta emozio askoren elkargunea dira beretzat.

Gauza askoren multzoa dira niretzat, ia astebetez beste mundu paralelo batean murgildu eta beste ezer existituko ez balitz bezala aritzea, tradizioak edo ohiturak mantentzen jarraitzeko ilusioa, familia eta lagun artean elkartu eta giroaz elkarrekin gozatzea... Aste benetan berezia izaten da.

Nola bizitzen dituzu inauteriak?

Egunei ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatzen naiz. Etxean egotea ia ezinezko bihurtzen da, txarangek eta kalean dagoen giroak gorputzari ateratzeko eskatzen baitiote, eta denbora luzez egoten naiz inauteriak iritsi zain. Esan beharra daukat, behin inauterietako astea iritsita, oso azkar joaten zaizkidala jaiak.

Zein dira zure lehen oroitzapenak inauterien inguruan?

Aipatu bezala, etxean txaranga oso presente eduki dugu txiki-txikitatik. Horregatik, ditudan lehen oroitzapenak musikaren inguruan dira, familiakoen atzetik txarangaz txaranga saltoan. Mozorroek ere ilusio handia egiten zidaten eta denbora luzez egoten nintzen inauterietako mozorroa erabaki nahian.

Hala ere, inauteriek badute pertsonalki niretzat berezitasun bat. Nire aitona ekartzen didate gogora, inauteri zale amorratua zen. Arco iris txarangako zuzendaria izandakoa urte askoz. Berarengandik asko jaso eta ikasi dugu familian, horregatik ere dira egun hauek bereziak.

Zerk egiten ditu berezi inauteriak?

Herria asko inplikatzen da. Txarangek kaleak alaitzen dituzte goizean-goizetik, Tolosa guztia mozorroz beterik egoten da, astetan zehar prestatzen egondako karrozez beterik egoten dira kaleak... eta leku ezberdinetako pila bat jende inguratzen da Tolosara. Horrek denak, giro berezia sortzen du.

Umetako oroitzapenetatik zertan aldatu dira inauteriak?

Zerbait esan beharko banu, intentsitatea izango litzateke. Nik uste dut, umea nintzenean askoz ere intentsuago eta beste erritmo batekin bizitzen zirela inauteriak, hori da behintzat nire pertzepzioa. Motibazioa eta gogoa ez dira desagertzen, baina egia da beste lasaitasun batekin hartzen direla zaharrago egiten zaren heinean.

Urte hauetan guztietan, zein izan da zure papera inauterietan?

Astelenita egunean, urte luzez atera izan naiz aisialdi taldean, bai ume bezala, eta baita begirale bezala ere dantza egiten. Gainontzean, mozorroa soinean jarri eta lagun artean ondo pasatzeko gogoz dagoen beste herritar bat baino ez naiz izan.

Txarangaren batean parte hartzen al duzu?

Nahiz eta nire familia txaranga zalea izan, ez dut beraien ibilbide berdina jarraitu, eta beste aldetik jarraitzen diet txarangei.

Inauterietako zenbat abesti dakizkizu?

Abesti gehienak dakizkidala esango nuke, denak buruz jakitea ez baita erraza.

Mozorrotzea gustuko duzu?

Noski baietz! Zein tolosarri ez zaio gustatzen inauterietan mozorrotzea? Etxean betidanik izan dugu gauzak gordetzeko ohitura. Inauteriak gerturatzen doazen heinean, trastelekura igo eta inauterietako arropez beteriko armairu eta kaxetan lardaskan ibiltzea izugarri gustatzen zait eta urteen poderioz ehunka mozorro ezberdin eraman ditut soinean.

MOTZEAN

Egun bat? Zaldunita eguna dut gustukoen.

Eguna ala gaua? Nerabezarotik gaua gehiago gustatu izan zait, helduagoa zaren heinean ordea, egunaz gozatzen ikasten duzu.

Une bat? Diana. Oso polita iruditzen zait. Oso herriko ekitaldi bat da.

Mozorro bat?

Ez da erraza mozorro bakar batekin geratzea. Urte guzti hauetan zehar mozorro asko eraman baititut soinean, baina bat aukeratu beharko banu, pasa den urteko asto mozorroarekin geratzen naiz, erraz jazten den horietako bat baita.

Txaranga doinu bat? Txikia nintzenetik Galtzaundi doinua jotzen gogoratzen ditut nire urasoak, beraz, Galtzaundi aukeratzen dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!