Lehen mailako eskubaloia berriro Usabalen

Imanol Garcia Landa 2023ko ots. 15a, 19:30

Tolosa CF Eskubaloiak Bera Bera taldearen partida antolatu du, larunbaterako, 50. urteurrenaren harira. Gizonezkoen lehen taldeak ondoren jokatuko du bere partida.

Tolosa CF bere mendeurrena ospatzen ari da eta horrekin batera Eskubaloi atalak bere 50. urteurrena. Horren harira, beste ekitaldi bat antolatu du atalak: Bera Bera eskubaloi taldearen partida Usabal kiroldegian. Larunbat arratsaldean izango da, Usabal kiroldegian, 18:15ean hasita. Ligako partida ofiziala izango da eta aurkaria Grafometal La Rioja taldea.

Ospakizun ekitaldien nondik norakoa hasieratik zehaztuta zutela azaldu du Imanol Esnaola Tolosa CF Eskubaloiko kideak: «Urrian egin genuen atalaren festa, eta ondoren lehen mailako eskubaloia ekarri nahi genuen Tolosara, Usabalen ikusi ahal izateko. Gizonezkoen lehen mailako torneoa antolatu genuen urtarrila bukaeran, eta dena osatzeko, emakumezkoen lehen mailakoa ekarri nahi genuen». Zortez, Gipuzkoan Bera Bera taldea dagoela gaineratu du Esnaolak. «Estatu mailako talde onena da eta erraztasun guztiak eman dizkigute etortzeko. Donostian jokatu beharrean beraien partida, hemen jokatzeko mesedea egiten digute, eta, bide batez, eskubaloia Gipuzkoan zehar zabaltzeko aukera dute». 

Partida horren ondoren, Tolosa CF Eskubaloiko gizonezkoen lehen taldearen ligako partida jokatuko dute, 20:00etan. 1. Maila Nazionalean jokatzen du taldeak, eta aurkaria Casademont Zaragoza izango da. Hirugarren postuan dago talde hori eta Tolosa CF laugarren postuan. «Eskubaloia gustatuz gero, aukera ona da bi partidak segidan ikusteko. Ziur erakargarria izango dela», esan du Esnaolak. «Gainera taldeari oso ondo etorriko zaio zaleen laguntza partida zail horri aurre egiteko. Beraz, Bera Berarekin gozatu dezake eta gero gure lehen taldeari bultzatu». Azken partidetan emaitza onak lortzen ari dira lehen taldekoak, eta beste garaipen bat lortu nahi dute larunbatean.

Sarrerak hamar euro balioko ditu eta Bera Berako abonatuak doan sartuko dira. Tolosa CF Eskubaloi taldeko abonatuek beherapena izango dute, bost euro ordainduz. Sarrerak bi partidak ikusteko aukera emango du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!