Urte guzti hauetan, Tolosako Udalak txosna batzordearekin izan duen harremana beste edozein eragilerekin izan duenaren berdina dela esan du alkateak: «Udalak baliabideak jartzen ditu eta eremu publikoaren kudeaketa egiten du, eta horretarako baldintza batzuk jartzen ditu. Udalak ez du eskatzailearen hautu politikoa begiratzen. Hori, gainera, oinarrizko ariketa demokratikoa dela iruditzen zait, batzuek agian errepasatu beharko luketena».
Peonek gaineratu du udalak «beti» aldarrikatzen duela ariketa horretan espazioa «denona» dela eta «denontzat izan behar» duela. «Orain, eragileetako batzuek ez omen dute uste GKS-k hori betetzen duenik. Baina lehen betetzen al zen espazio publikoaren erabilera hori, modu irekian eta askotarikoan, pankartak noiznahi eta baimenik gabe jartzen direnean? Kontua da beraien hautu politikoarekin ez dutela bat egiten, eta orduan, gatazka bat sortu da».
Era berean, alkateak adierazi du Tolosako udal gobernuak ez duela inoiz proposamenik ukatu ideologia politikoengatik, eta etorkizunean ere ez duela ukatuko arrazoi berdinagatik. «Afera guzti honetan, desadostasunak izan direnean, ni izan naiz GKS-ko gazteekin eta izenik eman ez duten norbanako eta eragile horiekin elkartu den pertsona bakarra. Nor saiatu da bi taldeen arteko adostasunak bilatzen? Norekin elkartu dira bi taldeak batera? Nork parte hartu du eta nork ez? Nortzuk eskatu didate modu pribatuan izatea eta ez publikoan? Badirudi nik jokatu behar dudala beti modu pribatuan, besteek publikoki nahi dituzten balorazioak egiten dituzten bitartean. Hori ez da oso justua».
Halaber, alkateak prentsaurreko bat ekarri du gogora, hain justu, aurten txosna Euskal Herria plazan egongo ez zela azaltzeko udal gobernuak deitutakoa. «EH Bilduk prentsaurreko horretan parte hartzeko aukera izan zuen eta ez zuen parte hartu. Modu pribatuan eta isilean lan egiteko asmo handiegirik ez du adierazi. Bozeramaileen bilera bat baino gehiago baliatu ditugu gai hauen inguruan hitz egiteko, alderdi politiko guztiek informazio gardena izateko, baina pausoa alkateak bakarrik eman du, udal gobernuaren izenean, eta orain irakurri behar dut «gatazka saritu» dugula. Izugarria da batzuek errealitatea bihurritzeko duten ahalmena. Badirudi batzuek mozorroa inauterien aurretik jantzi dutela, eta mozorro hori badela EAJ-ren antza geroz eta handiagoa hartzea, modu publikoan behintzat. Baina errealitatean, modu pribatuan, eta arazoei irtenbideak bilatzeko garaian, hemen inork ez du aurrerapausorik eman alkateak baino».
Bi talderen arteko «gerra» bat egon dela adierazi du alkateak. «Bataren zein bestearen nahia udalaren baimena ahalik eta lehenago lortzea, eta horregatik egon dira eskari desberdinak, baina taldeetako bat erretiratu egin da, eta besteak men egin dio udalak jarritako baldintzari. Nik batzuei zein besteei azken uneraino eskatu diet adostasunera heltzeko eta espazio berdina erabiltzeko aukera izateko. Talde batek ez du horretarako aukera egokirik ikusi, nahiz eta beste taldeak azpimarratu izan duen ahaleginak egiteko prest zeudela eta daudela. Eta zein egon da bi talde horien artean bitartekari lanak egiten? Ni neu. Gauza bakarra eskatu didate: ez esatea publikoki. Orain kontua da afera guzti honen ardura udalarena dela».
Amaitzeko, Tolosak horrelakorik «ez duela merezi» nabarmendu du. «Inauteriak modu alai eta baketsuan bizitzea merezi dugu. Inauteriak beti izan dira aldarrikapenerako garaia, betiere errespetuz eta modu egokian, eta hori aldarrikatzen du udal honek, baita ere inauteri hauetan. Tamalgarria da Ostegun Gizen bezperan horrelako agerraldi bat deitu behar izatea, atzo egindako hainbat adierazpenen harira, txosnen bueltan sortutako aferaren inguruan zenbait kontu argitzeko. Aukera hobea zen aurretik edo ondoren egitea, eta inauterietan bakean uztea».