Olatz Peon Tolosako alkateak azaldu duenez, «udalean berdintasunaren alorrean lan ildo ezberdinak ditugu, eta emakumea eta kirola bada lan ildo horietako bat. Herri kirola ere bada beste horietako bat, eta gaurkoan biak uztartzen ditugu». Peonek gaineratu duenez, «plazera da emakumezkoen esku pilota agerian jartzen laguntzea aurtengo inauterietan. Gizonezkoen pilota partidez gain, emakumezkoen partidak izango ditugu, beraz, eta maila altuko partidak izango dira denak».
Ados Pilota elkarteko Iera Agirre Iturriagak eskertu egin dio Tolosako Udalari Beotibarren beraien txapelketako partidak jokatu ahal izateko aukera emateagatik: «Ados Pilota sortu zenetik, helburu batzuk jarrita genituen eta hor joan gara helburu horiek betetzen. Beotibarren partidak jokatzeko helburu hori ere tartean izan da». Agirrek gaineratu duenez, «goi mailako pilota ikusteko aukera izango da eta emakume pilotariak inoiz baino gogotsuago gaude horrelako pilotaleku batean pilotan ariko garelako. Beraz, jendeari animatu nahi diogu Beotibarrera etortzera; ea frontoia betetzen dugun eta denon artean arratsalde bikain bat igarotzen dugun».
Binakako Txapelketa Nagusiko lehen mailako final-laurdenetako bi partidak jokatuko dira larunbatean, 18:00etan hasita. Sarrerak bost euro balioko du. Partida bakoitzeko bikoteetako bat zehaztuta dago, baina aurkariak zein izango diren ostiralean jakingo da, Zierbenan jokatuko den ligako azken partidaren arabera. Beotibarko lehen partidan Aldaregia-Mendiburu bikotea ariko da eta bigarrengoan Etxekolonea-Mujika. Iturriaga-Galeano bikoteak larunbatean jokatuko du ziur, baina oraindik jakin gabe zeinen aurka. Ruiz de Infante-Orbegozo bikoteak ostiralean jokatuko du ligako azken partida, eta neurketa irabazten badute eta beste bikoteak 6 tanto edo gutxiago egin, bigarren geratuko dira eta zuzenean finalerdietara pasako dira; bestela, final-laurdenak jokatuko dituzte larunbatean. Irati Zabala lizartzarrak parte hartu du Binakako Txapelketa Nagusian, baina ez du lortu final-laurdenetara sailkatzea.
Gizonezkoei dagokionez, bi jaialdi izango dira, biak 16:30ean hasiko dira eta bietan hiru partida izango dira jokoan. Astelenitan, lehen partidan Victor-Bikuña eta Egiguren V-O. Etxeberria ariko dira; bigarrengoan, Jaka-Aranguren eta Altuna III-Tolosa; eta hirugarrengoan, Dario-Erostarbe eta Salaberria-Eskuza. Asteartitan, lehen partidan Agirre-Iztueta eta Zabala-Gaskue ariko dira; bigarrengoan, Ezkurdia-Martija eta Peña II-Mariezkurrena II; eta hirugarrengoan, Elezkano II-Arbizu eta Irribarria-Eskuza.
Altuna III.a eta Tolosa sailkatuta daude Binakako Pilota Txapelketako finalerdietarako, eta Jaka eta Aranguren bikoak ez du aukerarik txapelketan jarraitzeko. Beraz, beraien arteko partidan jokoan dagoen puntuak ez du eraginik izango txapelketan, baina Altunak esan du partida berezia izango dela: «Uste dut jende asko etorriko dela. Tolosan jokatzea beti da berezia eta inauterietan are gehiago, eta oso gustura etorriko gara jokatzera».
Peña II.ak bere herrian jokatuko du, eta berarentzako gainera oso partida garrantzitsua izango da, sailkapenean aurkari zuzenak direnen aurka jokatuko dutelako. «Ia hil ala biziko partida izango dugu», esan du tolosarrak. «Uste dut Joseba [Ezkurdia] eta Julen [Martija] azken bi partida oso on egitetik datozela, eta gu aldrebes. Saiatuko gara gure onena ematen, partida irabazten, eta laugarren postua lortzeko lehian bizirik mantentzen». Partidan zentratuta egongo direla dio, baina inauterietan izaten den giroarekin jokatzea «berezia» izaten dela gaineratu du.
Berrikuntzak Beotibar pilotalekuan
Bestalde, Tolosako Udalak hainbat berrikuntza egin ditu Beotibar pilotalekuan, «espazio horrek bere betiko indarra mantendu dezan eta, orain arte bezala, kalitatezko partiduak jasotzeko azpiegitura egokiak bermatu ditzan». Hori horrela, bi markagailu berri jarri dira, ikusleek partiduaren markagailua pilotalekuko edozein puntutatik ikusteko aukera izan dezaten. Horiek 7.000 euroko kostua izan dute. Horrez gain, 62 foku halogeno zahar kendu eta horiek led teknologiadun 40 foku berriengatik ordezkatu dira. «Horrek pilotalekuko argiteria nabarmen hobetzeaz gain, energia kontsumoa %30ean murriztea ahalbidetuko du, energia jasangarritasunaren alde urrats bat gehiago emanez», zehaztu da udaletik.
Horiekin batera, halaber, pilotalekuan beste hainbat hobekuntza egitea aurreikusia du Tolosako Udalak. Hala nola, espazioa megafoniaz hornitzea, sarearen sistema modernizatu eta automatizatzea edota berogailuaren sistema eguneratzea. Guztira, 100.000 euroko inbertsioa egingo du udalak datozen urteotan aipatu espazioa berritu, egokitu eta hobetzeko.
Inbertsio lanak Berazubin
Beotibar pilotalekuarekin batera, tolosarrei kirol instalazio egokiak eskaintze aldera, Berazubin ere hainbat hobekuntza egitea aurreikusi du udalak 2023an zehar. Horri lotuta, une honetan pista garbitzeko lanetan dihardu eta inauterietan homologazioa lortzeko lanak egingo dira, horien artean, margotze lanak. Era berean, padeleko pistetan eguzkiaren erreflexuak saihesteko binilo sistema berria ere ezartzea aurreikusi du.