Eukene Larrarte: «Asko lagundu nauten pertsona asko ditut inguruan»

Imanol Garcia Landa 2023ko ots. 15a, 11:58

Eukene Larrarte, scratch proban lortutako zilarrezko dominarekin. RFEC

Elite mailan Europako txapeldunorde izan berri da Eukene Larrarte txirrindulari tolosarra scratch proban.

Orain arteko lorpen handiena eskuratu du Eukene Larrarte txirrindulari tolosarrak: pistako elite mailako Europako Txapelketan zilarrezko domina lortu du scratch proban. «Izugarrizko poza suposatzen du, eta oso garrantzitsua da nire ibilbide profesionalean», esan du Larrartek. «Emozio asko bizitu nituen, negar asko egin nuen, eta oso pozik nago baita ere nire familia, nire lagun eta kuadrillakoengatik, beraientzako ere badelako domina hau. Asko lagundu nauten pertsona asko ditut inguruan».

Berez tolosarraren fokua parte hartu zuen beste hiru probetan zegoen, horiek olinpiarrak baitira. Horrez gain, beste proba batzuk zeuden libre eta egitaraua nahiko betea zuenez, ondoen geratzen zitzaion proba scratchekoa zen. Proba hori egingo zuela jakitean, helburu jakin bat zuela dio: «Erasokor aritzea, dena barruan utziz, eta taktika horrekin irabazi ahal zen edota gaizki ateraz gero, azken postuan geratu». Tolosarrak Portugalgo selekzioko Maria Martinsekin batera erasoa jo zuen, eta «lehiakide on bat» izan zen berarentzat. «Bi itzuliren faltan iritsi egingo ginela konturatu nintzen. Gero bera esprintean hasi zen oso indartsu eta ni bigarren postuarekin pozik geratu nintzen».

Beste hiru probetan lortutako emaitzekin konforme geratu dela esan du. Omniumean 11. egin zuen sailkapen orokorrean. «Proba bakoitzean emaitza hobeak lortzeko aukera izan nuen, eta zenbait akats izan nituen. Nire sasoi fisikoa ona izan zen, eta emaitza orokorra ona izan da. Olinpiar Jokoei begira, aurkari zuzenak diren herrialde batzuk atzean utzi nituen». Madisonean 10. postua lortu zuen Laura Rodriguezekin batera. «Gure lehenengo txapelketa garrantzitsua izan da bikote moduan, eta aurkari zuzenak atzean utzi genituen, Suitza izan ezik. Hobetzeko dugu, baina ibilbidea ona izango dela ematen du». Taldekako jazarpenean ere parte hartu zuen Larrartek, Rodriguez, Tania Calvo eta Isabel Ferreresekin batera. Bi aldiz Espainiako marka hobetu zuten, eta pozik daude hori lortu ondoren. «Denbora gutxi daramagu lanean, eta gainontzekoak espezialistak dira. Pozik gaude segundo asko kendu dizkiogulako markari», esan du Larrartek.

Ez da lehiatu gabe denbora askoan egongo Larrarte. Errepidean, bihartik igandera Valentziako Itzulian parte hartuko du. Etxetik pasa gabe, Indonesiara joango da, pistako Munduko Kopan parte hartzeko, otsailaren 22tik 26ra. Hurrengo hilabetean ere beste Munduko Kopako proba bat izango du, eta pistan horiek izango dira bere helburuak, Olinpiar Jokoetara joateko garrantzitsuak direlako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!