Tolosako Txozna Batzordearen aurkako «erasoak» salatu dituzte

Ataria 2023ko ots. 14a, 17:58

Azken asteetan indar politiko desberdinen partetik eman diren jarrerak salatu dituzte. Hori dela eta, manifestazioa egingo dute Ostegun Gizenean, 19:00etan, txosnatik hasita.

Tolosako Txozna Batzordearen parte diren eragileek eta batzordearekiko atxikimendua erakutsi duten zenbait norbanako eta eragilek, azken asteetako gertakariak salatu eta aurtengo inauterietarako duten proposamena helarazi dute.

Batzordeko kideek «ilusioz» jakinarazi dute, «oztopoak oztopo, txosnaren antolakuntza aurrera ateratzea lortu» dutela, eta «gogoz» aurkeztu dute egitaraua. «Egunean zeharreko eta gaueko ekimenek osatuko dute txosnako eskaintza, musikaz gozatzeko aukera zabal batekin eta bertan jateko zein lasai egoteko espazioarekin. Era berean, urtero bezala, aurten ere txanda irekiak izango ditugu, nahi duenak parte hartu dezan», azaldu dute.

Bestalde, azken asteetan indar politiko desberdinen partetik eman diren jarrerak salatu dituzte. «Urtez urte ikusten ari gara gero eta zailtasun gehiago ditugula herriko plazetan instituzioz kanpoko ekimenak antolatzeko. Herriko festetako txosnez gain, zapalkuntzei aurre egin nahi dien edozein ekimen publikori geroz eta traba administratibo gehiago inposatzen zaizkio».

Besteak beste, aurten txosna lekuz aldatzea «sozializazio eta aldarrikapen gune independente bati mugak jartzeko saiakera bezala» identifikatu zuten lehen momentutik. «Udalak soinuaren auzia helburu horrekin erabili du, eta hori garbi ikusi da soinua jaisteko neurri zehatzak proposatu dizkiogunean, ez baitu proposamen horiez ezer jakin nahi izan. Azken urteetan txosnak hartu duen dimentsio eta tamainak kezkatzen du udala, bizilagunek baino gehiago».

Duela aste pare bat, batzordeak abiatu zuen «borrokari aurkari berri bat» agertu zitzaiola esan dute. «Txosna Euskal Herria plazan mantentzeko borrokan murgilduta geunden bitartean, eta udalarekin negoziaketak itxi gabe, Ezker Abertzaleak, Plaza Berrian gune berri bat sortzeko asmoa egin zuen publiko, horrela, udalak Txozna Batzordeari eskainitako bigarren aukera haientzat hartzeko intentzioarekin».

Txozna Batzordeak adierazi duenez, Sortuk eta Ernaiek irakurketa publiko batekin jakinarazi zizkieten euren desadostasunak, «gainerako sei eragileekin partekatzen zuten mahaian adierazi ordez, nahiz eta aurretik horretarako aukera izan». Irakurketa horretan, «EAJ-rekiko konfrontaziotik desmarkatzen saiatu» zirela esan dute Txozna Batzordeko kideek, «horretarako Plaza Berriko proposamenari amen egin eta batzordearen gaineko gezurrak zabalduz; protesta egite hutsagatik gainerako eragileei liskarzale deitzera ere iritsi ziren, besteak beste».

Txozna Batzordearen hitzetan, aditzera eman zuten Ezker Abertzaleko eragileei txosna batzordera sarrera debekatzen zitzaiela, «eta hau ez da inondik inora egia», esan dute. «Azken urteetan Ezker Abertzaleari txosnak ez zaizkio inporta izan eta ez du iniziatiba politikorik jarri hauen eraikuntzan, ez zeukatelako bertan beraien ikuspegi politikoa gailentzeko gaitasunik. Horrela Mugimendu Sozialistako militantziak izan du hauek aurrera ateratzeko iniziatiba nagusia eta arduraz hartu ditu lan hauek, gainerako indar politikoak baztertu gabe. Aurtengo egoera berezian, ordea, Ezker Abertzaleak aukera ikusi du jokaldia egin eta bere kontrol politikodun txosna bat jartzeko Plaza Berrian, Mugimendu Sozialista gainetik kenduta, eta horretan saiatu dira».

Halaber, Txozna Batzordeko kideek adierazi dute «behartuta» sentitu zirela «Euskal Herria plazaren aldeko borroka alde batera uztera eta Plaza Berriko prestakuntza lanekin hastera, Ezker Abertzalea eta EAJ eskutik emanda eta txosna jartzeko aukerarik gabe geratzeko arriskuaren aurrean». Geroztik, Ezker Abertzalea egitarau paralelo bat osatzen saiatu dela esan dute, «aurrez denen artean adostu eta publiko egin zen egitarau bat egonagatik. Hala, ez du gainerako eragileekin mahai berean eseri nahi izan, eta nahiz eta gonbidapena egin zaion, elkarrizketa bide guztiak itxi ditu. Horrekin, denen artean itxi beharreko auzi teknikoak blokeatu ditu azken momentura arte eta txosnaren antolakuntza ia ezinezko bilakatu du; hori errespetu falta handia da».

Txozna Batzordearen iritziz, Ezker Abertzaleak, «elkarrizketaren ordez, Mugimendu Sozialistaren inguruan gezurrak zabaltzen jardun du azken astean, eman ez diren gertakariak asmatuz, Mugimendu Sozialistako kideen inguruko irudi biolentoa salduz eta horrekin beraien ekintzak justifikatzen saiatuz».

Aurrez beste herrietako txosnetan izan duten «jokabidea» gogoratu nahi izan du batzordeak. «Hernani adibidetzat hartuz, gertakari hauek argi erakusten dute Ezker Abertzalearen jarrera zein den espazio politiko konpartituetan: berekiko akritikoak diren eragile politikoak aniztasunaren txapelpean biltzen eta ezkerretik kritika politikoa egiten dieten eragileak paretik kentzen saiatzen da. Hori egiteko ez du inolako erreparorik EAJ-ren interesen defentsa egiteko, ez eta txosnek urte luzetan izan duten izaera aldarrikatzaile eta politikoa kolpe batez kentzeko ere. Nahiago dute ia udalaren aisi-eskaintza bat den gune despolitizatu bat, politikoki kontrolatzen ez duten txosna aldarrikatzaile bat baino. Horren adibide da nola nahiago duten txosnan eraso matxisten aurrean udalaren protokolo burokratikoa aplikatzea, Itaiak lan militante bidez aurrera ateratzen duena baino».

Txozna Batzordeak, bere aldetik, adierazi du «beti prest» egongo dela zapalkuntza desberdinei aurre egin nahi dieten eragileekin batera txosnak antolatzeko, eta baita gune hauek jasaten dituzten erasoei elkarrekin aurre egiteko ere. «Gune hauen interesen aurka eta interes partidistengatik eskuinaren erasoekin bat egiteko prest daudenekin ordea, elkarlanerako aukerarik ez dugu ikusten. Dena den, gu ez gara inor gainontzeko eragile politikoek txosna jartzea ekiditeko eta horregatik mantendu gara denbora guzti honetan mahai batean esertzeko eta denek txosna jartzea teknikoki ahalbidetzeko prest. Aurrera begira ere hala izango da».

Aipaturiko guztia salatzeko, manifestatzera deitu dute Ostegun Gizenean, 19:00etan txosnatik abiatuta. «Garai politikoak aldatzen ari diren honetan, ezinbestekoa deritzogu txosnen eta antzeko gune propioen defentsa egitea, urte luzetako borrokaren bidez lortutako espazioak direlako eta aurrerantzean ere hori izango delako berme batzuk lortzeko bide bakarra».

Azkenik, beste urte batez «prest» daude milaka pertsona gunean hartu eta inauteriez gozatzeko festa gune bat eskaintzeko. «Beraz, animatu eta gerturatu Tolosako txosnara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!