Elkarrizketa

«Konpromisoa bai, baina aisialdiko zerbait bezala bizitu dut nik»

Irati Saizar Artola 2023ko ots. 15a, 07:59

Haurra zela, aitak hala eskatuta, saxofoia jotzen ikasi zuen eta 47 urte pasa ditu Tolosako Musika Bandako kide izaten Mila Garcia de Iturrospek; konpromisoa eskatu dion arren, gustura egin duela aitortu du, ondo pasatzeko.

Berrogeita zazpi urte eta gero, igandean jo zuen azken kontzertua Mila Garcia de Iturrospe (Tolosa, 1962) musikariak Tolosako Musika Bandarekin. Omenaldia egin zioten amaieran, egindako ibilbidea eskertzeko. Hala ere, prest dauka saxofoia inauterietarako. 

Ia mende erdia bete duzu Tolosako Musika Bandan. Nola gogoratzen dituzu hasierako urteak?

Luis Mari Gartzia Artetxerekin saxofoia ikasten hasi nintzen txikitan. Garai hartan, Jose Antonio Ruiz Bona zen bandako zuzendaria, eta Gartziak berarekin hitz egin zuen. Ikasleen banda deitzen zitzaion taldean hasi nintzen; guztiak gaztetxoak ginen, ikasleak, pieza batzuk jotzeko elkartzen ginen. Handik, beste bandara pasatzeko eskatu zidan Ruiz Bonak. Ia urtebete aritu nintzen Karlos Garcia Karraka eta Jose Luis Ancini partiturak pasatzen, eta handik trajea egitera bidali ninduela gogoratzen dut. Sekulako poza hartu nuen: trajea egin eta bandako kide izatera pasa nintzen.

Gogoan duzu lehen kontzertua?

Eduardo Mokoroa Udal Musika Eskolako ikasleen bandako zuzendariarekin batera hasi nintzen, Migel Angel Morenorekin, eta oso polita izan zen. Iparragirren jo genuen. Bigarren emakumea izan nintzen, gainera, bandan sartzen. Lehena Maria Eugenia de Pedro izan zen, flauta jotzen zuen. Eta ondoren etorri ziren gehiago. Ordura arte, emakumeek flauta eta antzeko instrumentuak jotzen zituzten, eta nik saxofoia; egia esan, garai hartarako nahiko berezia nintzen. 

Trajea bakoitzari bere neurrira egiten zitzaion?

Bai, gogoan dut Malumbresera joan nintzela, eta gona, txaketa eta traje osoa nire neurrira egin zizkidatela. Hasieran hala izaten zen, bakoitzari bere neurrira egiten zitzaion; gero izan dira urte batzuk jendeak utzitako trajeak aprobetxatzen ibili garenak. 

Urte hauetan guztietan musikari asko pasako ziren bandatik, baina zuk hor jarraitu duzu.

Nirekin batera sartu zen Migel Angel Morenok utzi zuen banda, baina nire atzetik nire anaia edota Juan Ignacio Zubia sartu ziren, eta nire anaiak iaz utzi zuen, eta Zubiak oraindik hor jarraitzen du. Gazteek sartu behar dute orain, guk jarraitzen badugu inor ez da sartuko, eta gazteek ikasi egin behar dute. 

Nolako konpromisoa eskatzen du musika bandak?

Astean bi aldiz elkartzen gara, asteartero eta ostegunero, 20:15etik 22:00etara. Gero, hilean behin gutxienez, kontzertu bat ematen dugu, asteburuetan. Konpromiso hori daukagu hartuta. 

47 urte eta gero agur esan diozu.

Ibilbide honetan, nire senarrak eta amak izugarri lagundu naute. Ama izan nintzenean ere ez nuen banda utzi, eta 47 urte izan dira, asteartero eta ostegunero entseguak egiten. Lanean ere aldaketa bat izan dut, eta bandan besteei lekua uzteko erabakia hartu dut. Nahiago izan dut ondo nagoen momentuan amaitu.

Tolosar batentzat, zer da Tolosako Musika Bandako kide izatea?

Oso polita  eta aberatsa izan da. Urte oso politak pasatu ditut, jendearekin harreman onak egin ditut. 

Tolosa Musika Bandan zure ondorengoak izango direnei zer esango zenieke?

Gozatzeko musikaz, eta bandara ondo pasatzera joateko, ez obligazio bat bezala. Niretzat hala izan da, asteartero eta ostegunero bandaren entsegura joatea gustuko nuen, oso ondo pasatu dut. Konpromisoa bai, baina aisialdiko zerbait bezala bizitu dut nik.

Txikitatik datorkizu musikarekiko zaletasuna?
Istorio polita daukat: nik moto bat nahi nuen, eta nire aitak esan zidan saxofoia jotzen ikasten banuen motoa erosiko zidala. Nik saxofoia jotzen ikasi nuen, baina motoa nire diruarekin erosi behar izan nuen.

Prest duzu saxofoia inauterietarako?

Noski baietz. Ofizialki banda utziko dut, baina musika ez. Ostegun Gizenean Pintxanarekin hasita topera ibiliko naiz. Saltsa horretan gustura ibiltzen naiz, antolatzen aritzen naiz eta asko gustatzen zait.

Gainerako egunetarako ze plan daukazu?

Gure Kaiolarekin Astelenitan atera ohi naiz eta San Estebanekin Asteartitan. Dianan ere hor izango naiz, lo ez badut hartzen behintzat. Bandako kide ohiei aukera ematen zaie pregoiko kontzertura joateko, eta datorren urtean ez dut huts egiteko asmorik. Gauza bat da banda uztea, azken batean, eskaintzen diozun denborak pisatu egiten duelako, baina musikarekin hortxe jarraituko dut. 

Ostiral Meheko danborradan ere ez duzu hutsik egiten.

Hor ibiltzen gara saltsan, bai. Musika zuzendari moduan ateratzen naiz. Afaldu ondoren, ordea, saxofoia hartzen dut berriro ere jotzen amaitzen dugu. 

Inauterietan, beraz, beti musikaren inguruan zabiltzan horietakoa zara.

Txiki-txikitatik atera izan naiz karrozetan ere. Gurasoek, gehienbat nire aitak, karroza asko egiten zituen, eta oso gustura ibiltzen nintzen. Baina gaur egun, nahiago dut txarangan ibili, beste giro bat da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!