Inauterietarako garraio publikoan aldaketak egongo dira

Ataria 2023ko ots. 14a, 16:00

Gure moreko kartela

Ostegunetik hasita asteazkena bitartean, garraio publikoa indartu egingo da eta aldaketak egongo dira ordutegi zein ibilbide aldetik. Lurraldebusek eta Renfek gaueko zerbitzu berezia ere eskainiko dute, eta Udaltzaingo zerbitzua 24 orduz eskainiko da.

Heldu da inauterietarako azken atzera kontua eta Tolosako Udalak garraio publikoari eta herritarren segurtasunei loturiko azken oharrak azpimarratu nahi ditu.

Garraio publikoa indartuko da eta aldaketak egongo dira ibilbide eta ordutegian

  • Lurraldebus eta hiribusa

Ostegunean, 12:00etatik hasita asteazkena arte ( 10:00ak), aldaketak egongo dira garraio publikoan. Lurraldebusari dagokionean, herriko erdigunean egingo diren trafiko itxierak direla eta, herri kanpotik egin beharko dute ibilbidea eta horrenbestez, Donostiarantz doazen autobusek, esaterako, Kondeaneko aldapan, Santa Klaran (Napar Zubiaren parean) eta Larramendin egingo dituzte geldiuneak. Beste noranzkoek ere, gauza bera egingo dute. Horrez gain, otsailaren 16an, 18an, 19an eta 20an gaueko autobus zerbitzua ere eskainiko du Lurraldebusek, Abaltzisketa, Berastegi eta Asteasu bidean hain zuzen. 

Hiribusean ere aldaketak egongo dira. Larunbata bitartean herrigunetik pasako da eta geldiuneak egingo ditu, besteak beste, Santa Klaran, Foruen kalean, tren geltokian… Larunbatean bertan, 12:30etik aurrera, erdigunera sarbidea itxiko da eta ibilbidea herria inguratuz egingo du: Santa Klara, Kondeaneko aldapa, Iurramendiko errotonda, kiroldegia, Amarotz… Igandean, astelehenean eta asteartean, zerbitzua 10:30-14:30 eta 16:00-22:00 bitartean eskainiko da.

  • Trena

Kasu honetan, tren zerbitzua ere indartu egingo da eta igandetik asteartera bitartean, ordutegian aldaketak egongo dira, gaueko tren zerbitzu berezia eskaintzeaz gain. Autobus, hiribus zein tren ordutegien eta ibilbideen aldaketaren inguruko informazio guztia eskuragarri dago udal webgunean.

Udaltzaingo zerbitzua 24 orduz eta Gune Morea, herritar ororen segurtasuna bermatzeko

Segurtasuna jaien ardatz izanik, jai berdinzaleago batzuen alde, JOKA SANO! Eta #LIBRENonahi kanpainez haratago, aurten lehen aldiz SEXU-BIZI Gune Morea espazioa jarriko da inauteri egunetan, hain zuzen, Zaldunitan eta Astelenitan, eraso matxisten aurkako babeserako, informaziorako eta aholkularitzarako. Espazio hau San Frantzisko eliza alboan kokatuko da eta zabalik egongo da 24:00etatik 03:00etara. Esku hartzeak, harreman eta sexualitate osasuntsuak bultzatzea, prebentzioa osotasunean lantzea eta jai inguruetara hurbiltzea du helburu.

Herritarren segurtasuna bermatzeko, zaintza lanetarako errefortzua jarriko da eta Ertzaintzak eta Udaltzaingoak modu koordinatuan egingo dute lan. Udaltzaingoa, 24 orduz egongo da lanean eta 943 67 58 58 telefonoa 24 orduz egongo da zabalik herritarrentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!