ELKARRIZKETA

«Baxuak laguntzen du oholtza gaineko sentsazio erritmikoa osatzen»

Jon Miranda Labaien 2023ko ots. 26a, 07:59

Txema Garces Gabilondo. J. MIRANDA

Euskal bakarlari askoren alboan aritu izan da baxu jotzaile gisa Txema Garces Gabilondo; Imanol Larzabalekin eta Mikel Errazkinekin, harreman berezia egin zuen. Interprete eta musika moldatzaile bezala aritzen da.

Iruñeko Txantrea auzoan bizi da egun eta tarteka etortzen da Tolosara Txema Garces Gabilondo (Tolosa, 1960). Bisita horietako bat aprobetxatu du Tolosaldeko Ataria-ra gerturatzeko eta luze eta zabal bere musika ibilbideaz hitz egiteko. Gaztelaniaz aritu da, baina hurrengo elkarrizketa euskaraz egiteko promesa luzatu du, Iruñeko hizkuntza eskolan euskara ikasten baitabil. Aspaldi euskararekin duen arantza kendu nahi du eta «zoratzen» dabilela dio, inoiz ez bezalako gogoz heldu dio hizkuntza ikasteari.

Zure haurtzaroko Tolosa hartako zein oroitzapen gordetzen duzu?

Ezer gutxi, egia esan. Rondilla kalean jaio nintzen eta Eskolapioetan egin nituen lehenengo ikasketak. Igarondo zinemarekin gogoratzen naiz, nola joaten ginen hara filmak ikustera. Udak eta neguak aitona-amonen etxean pasatzen nituen Durangon, eta beraz, ez dut ia kuadrillarik izan Tolosan. Txolarte elkartean aritu nintzen 21 urtera arte down sindromea dutenekin boluntario, baina bestelakoan ezer gutxi. Ez dut oroitzapen handirik, oso gaztea nintzela hasi nintzen alde batetik bestera musika jotzen eta lotura galdu nuen Tolosarekin. Orain tarteka itzultzen naiz, anai-arrebekin egon eta ama zaintzera.

Musikarekiko zaletasuna etxean jaso zenuen?

Ez bereziki. Gogoratzen dut Gainberrin nola hartzen ninduen moja batek eguerdietan eta kantuan irakasten zidan. Gero solfeoa eta harmonia ikasi nituen, baina benetan zaletu nire kabuz zaletu nintzen, 14 urterekin edo. Musika aldizkariak erosten nituen, Vibraciones eta Popular 1. Neure burua irudikatzen dut Monteskura bidean irrati kasetea hartuta musika entzuten. Gauetan burukoaren azpian jarrita Radio3 entzuten pasatzen nituen orduak.

Eta zein musika entzuten zenuen zure gaztaroan?

Denetarik. Jethro Tull taldearen Aqualung diskoa gogoratzen dut, adibidez. 1971koa da eta Espainiako Estatuan zentsuratuta zegoen. 1975ean Franco hil ostean salgai jarri zutenean, gogoratzen dut, amak arropa erosteko eman zidan diruarekin erosi nuela biniloa Donostiako Musical72 dendan. Albuma erosi beste erremediorik ez nuen izan. Paco Diaz bateria jotzailea ibiltzen zen denda hartan diskoak saltzen eta gerora askotan jo izan dut berekin. Horrekin batera beste musika talde asko ere entzuten nituen: Patti Smith, Camel, Supertramp, Pink Floyd, The Beatles... Gitarra jotzen garai horretan ikasi nuen eta Victor Jararen eta Paco Ibañezen kantak entseatzen nituen.



Musika ikasketa bereziak egin zenituen?

Bai, gerora Donostian Renato Varelus kontrabaxu jotzailerekin ikasi nuen, 18-19 urte nituela. Aldi berean irakasle ikasketak egin nituen. Jazzle eskolan ere jardun nuen musika ikasten eta ikasi ahala irakasten. Han probatu nuen irakasle izatearena eta argi xamar daukat ez dela nire bokazioa. Uste dut ardura handiko lana dela eta pertsonen bizitzekin lan egiten duzun unetik kontu handia izan behar duzula. Iruditzen zait epaile eta medikuarenarekin batera, irakasle izatea dela mundu honetako ofiziorik zailenetakoa.

Ez duzu sekula musika ogibide bezala izan?

Ez. Uste dut oso gutxik lortu dutela hori. Joserra Senperena izan daiteke horietako bat. Bera bezalako musikari onak ezagutu izan ditut, ni baino hobeak asko, eta beste lan bat egin behar izan dute bizimodua aurrera atera ahal izateko. Asko irakasle bezala jardun dute. Nik nahiago izan dut hortik aparte aritu. Dozena bat urte daramatzat musikarekin zerikusirik ez duen Bartzelonako enpresa batentzat lanean, biltegi batean, administrari lanetan. Ardura eskatzen didan lanpostu bat da, baina aldi berean nahikoa malgutasun ematen didate ordutegiekin. Horrek nire denbora antolatzeko aukera ematen dit musikara dedikatzeko.



Baxua da zure instrumentua. Zergatik aukera hori?

Argi xamar neukan gaztetatik. Gitarrarekin hasi nintzen eta berehala erakarri ninduen baxuak. Badakit agertokian oharkabean pasatzen garela askotan, baina aldi berean garrantzitsua da gure egitekoa. Laguntzen dugu konposizio batean oinarria jartzen, terrenoa prestatzen. Gure lana egiten dugu gainerakoak luzitu daitezen eta kantaria eroso aritu dadin. Asko gustatu izan zait postura horretatik aritzea. Baxuak laguntzen du oholtza gaineko sentsazio erritmiko hori osatzen.

 

«Lana egiten dugu besteak luzitu eta kantaria eroso aritu dadin»



Eta kontrabaxua noiztik jotzen duzu?

Dezente gerora etorri zen hori, baina ez dut baxua bezainbeste dominatzen. 30 urte beteak nituela ikasi nuen Baionako kontserbatorioan. Ez naiz ikaragarri abila ere, baina moldatzen naiz. Gainera, instrumentu hori jotzeko okasio gutxi izaten dira. Kontrabaxuak ematen duen berotasuna atsegin dut eta askotan eraman edo ez, joko dugun tokiaren arabera erabakitzen dut.

Baxuarekin aritu zara nagusiki, hortaz. Zein harreman duzu instrumentuarekin?

Oso harreman lasaia da. Nik ez diot gehiegi exijitzen eta berak niri ere ez. Ondo moldatzen gara. Ni ez naiz ikaragarrizko instrumentista. Jo izan dudan musikarentzat, dakidanarekin moldatu izan naiz, ez dut gehiago sakondu behar izan. Ez naiz ni slap ikusgarriak egiten dituen baxu jotzaile horietako bat. Jo behar dudan piezak eskatzen badit, saiatuko naiz ikasten eta ahalik eta ondoen egiten, baina obsesionatu gabe. Eta instrumentuei dagokionez ere, berdin, baxu bakarra daukat. Bere garaian instrumentu ona erosi nuen, garesti, eta horrekin ibiltzen naiz erabat. Ez naiz aldatzen ibiltzen den horietakoa.



Interprete edo sortzaile gisa. Non sentitzen zara erosoen?

Bi aldeak asko gustatzen zaizkit. Gauza zoragarria da oholtza gainean egotea eta momentu horiek konpartitu ahal izatea. Sakratua da niretzat emanaldietako bakoitza. Pertsona bat edo mila egon publikoan, igualtsu zait, garrantzitsuena hor goran gertatzen dena da, zeinekin konpartitzen dudan oholtza. Musikarien artean sortzen den harreman hori asko gustatzen zait. Publikoa askotan ez da ohartzen zuzeneko batean gertatzen den guztiaz. Zu besteekin batera ari zarenean jabetzen zara ondokoak zer egiten duen. Begirada konplize bat egiten diozu zure kideari, begiak itxi, hunkitu egiten zara. Oso bizipen bakanak dira, pertsonalak eta besterenezinak. Agian kantariekin diferente pasako da, emanaldia bukatzerakoan geratuko dira publikoarekin, baina gure kasuan ez da hori pasatzen. Oholtzatik jaitsi, kotxea hartu eta etxera itzultzen gara bakar-bakarrik. Etorri bezala itzultzen gara. Txaloak ondo daude, baina niri ez zaizkit inporta, daramadan sentsazioak balio du niretzat. Etxerako bide horretan nik zuzeneko bizipen horiek berritzen ditut eta erabat asebetetzen naute. Ez dut sentitzen beharrik bizipen horiek konpartitzeko: nireak dira eta niretzako gordetzen ditut.

Beranduago hasi zinen musika moldaketak egiten.

Bai, 32 urte inguru nituela, gutxi gorabehera. Imanol eta Jabier Muguruzarekin hasi nintzen. Lan hori ere maite dut, oso dibertigarria da, nahiz eta bakartiagoa izan. Etxean badut txoko txiki bat eta bertan aritzen naiz. Lan konstantea da eta egun batean gauzak sortzen zaizkizu eta beste batzuetan berriz ez. Haserrealdiak ere izaten dira tartean, baina gozamena da niretzat. Musika moldaketak egiten ditudanean nire denbora hartzen dut, ez naiz bereziki azkarra. Beste edozein arte sorkuntzetan gertatzen den bezala, aukerak infinitu dira eta zuk egiten duzun hautu horrek asebete behar zaitu. Gutxitan sortzen duzu benetan hunkitzen zaituen zerbait. Askotan sortzen dudanean esaten diot neure buruari, «agian beste buelta bat emanez gero ederrago gera daiteke». Eta horrelaxe tematzen naiz, une bat iristen den arte, zeinetan zure mugara iritsi zarela sumatzen duzun; orduan amaitutzat eman behar duzu lana.

Kantautore askorentzat moldatu duzu musika. Nolakoa da haiekin lan egitea?

Ez da zaila. Ia inoiz ez didate eragozpenik jarri izan. Normalean abeslaria etortzen zaizu berak esan nahi dituen hitz horientzako melodia batekin. Audio batean pasatzen dizute oinarri hori eta zuk jantzi egin behar duzu. Eraiki egiten duzu: sarrera bat pentsatzen duzu kanturako, zati instrumentala non joan behar duen, non sartu behar duen instrumentu bakoitzak... Askotan estudiora grabatzera joaten direnean, zur eta lur geratzen dira abeslariak emaitza horrekin, haiek ekarritako ideia horrek izan duen garapenarekin.

Etxean estudio txiki bat duzula esan duzu eta han egiten duzula lan. Asko aldatu da teknologia urte guzti hauetan?

Ikaragarri. Guk ere ikasi egin behar izan dugu. Gaur egun, ordenagailuan egiten ditugu konposizio guztiak eta moldaketa horiek musikariei bidaltzen dizkiegu zuzenean posta elektronikoz. Oso erosoa da. Askotan entsegurik ez dugu behar izaten. Musikariek partitura jaso eta emanaldiaren aurretik proba bat egitearekin nahikoa izaten da.



Teknologiak ekarri dituen aldaketa guztiak onerako izan dira?

Ez dakit esaten. Uste dut entzule bezala, musika analogikoa eta digitalaren artean badagoela aldea. Nik ez dut askorik apreziatzen, seguruena adinarekin frekuentzia batzuk entzuteko gaitasuna galdu dudalako, baina iruditzen zait ez dela berdina. Analogikoa goxoagoa da digitala baino. Akatsak ere badu bere xarma.

Oso zorrotza zara zu musikagile bezala?

Ez nuke esango. Ez naiz espeziala sentitzen. Niri gertatu izan zaidana da une egokian, toki aproposean egokitu naizela, musikari handiak ezagutu, eta haiengandik ikasi dudala. Pribilegiatua sentitzen naiz. Musikari hitzak errespetu handia sortzen dit. Ni asko hunkitzen nau musikak eta mota askotako emozioak eragiten dizkit. Arduraz hartzen dut, serio lan egitea gustatzen zait eta esango nuke musika modu organikoan bizi dudala. Ulertzen dut ezin duela perfektua izan eta hori da aldi berean polita. Grabazio estudioan zaudela, jabetzen zara ez doala perfektu, eta hor ikusten dugu zenbaterainokoa den norberaren akatsarekiko tolerantzia. Gaizki dago, baina gustuko duzu horrela eta zuk esan behar duzu noiz arte dagoen gaizki. Honaino da onargarria, hortik aurrera, grabazioa eten eta berriro hasi behar duzu. Etengabeko elkarrizketa bat da.

 

«Niri gertatu zaidana izan da une egokian toki aproposean egokitu naizela»



COVID-19aren pandemiak sortzaile eta musikarien artean krisia sortu duela uste duzu?

Bai, niri ez dit zuzenean hainbeste eragin, baina gutxitu egin dira emanaldiak. Ez dut sufritzen zuzenekorik ez badugu, nahiz eta eskertzen dudan kontzertu bat ateratzen zaigunean. Badirudi beldurra nagusitu dela eta emanaldiak lotzea geroz eta zailagoa dela. Gainera, azkeneko urteetan entzuketa mota ere asko aldatu da. Gaur egun Spotify bezalako aplikazioen bitartez entzuten dugu musika berria eta nahikoa mugatua da. Nik astero 30 kantu berri deskubritzeko aukera hori erabiltzen dut eta nahiz eta zure musika gustuen araberako logaritmoen bitartez egiten dizuten eskaintza, oso bideratua egoten da, eta merezi duten gauza gutxi egoten dira.

Uste duzu musikaren panorama aberatsagoa zela 80ko eta 90eko hamarkadetan?

Bai. Garai horretan edo lehenago ere bai. Jethro Tull edo Led Zeppelinen disko bat erosten zenuen eta haien bizitza pusketa bat zurekin zeneramala iruditzen zitzaizun. Gutxienez urtebete ematen zuten disko horiek prestatzen eta urtebeteko bizipen guztiak hamabi hatz beteko binilo batean sartzen zituztela sentitzen zenuen. Esperientzia bat zen disko bat erostea, orain ez bezala. Orain guztia da efimeroa. Garai hartan, gainera, martxa handia zegoen eta zuzenekoak ere jarrera horrekin bizi genituen. Emanaldi asko egoten ziren, leku batean ez bazen bestean eta jendeak gogoa izaten zuen gauza berriak ikusteko. Kaletarragoa zen giroa. Asko mugitzen ginen eta iruditzen zait denentzako tokia zegoela. Ni beti mugitu izan naiz euskal kantautoreekin, edo bestela jazz munduan, baina gogoratzen dut, gu horretan ari ginen bitartean, folk taldeak edota euskal rock erradikala puri-purian zebiltzala. Denentzako tokia zegoen.



Kontzerturen bat eskaini duzun aretoen artean zein aukeratuko zenuke?

Asko, baina aukeratu beharko banu, Donostiako Victoria Eugenia, Biarritzeko Gare du Midi antzokia eta Parisko Teatre de la Ville. Isiluneak toki horietan zoragarri entzuten dira. Hala ere, guk gehienetan klub txikitan jo izan dugu, Donostiako Altxerri, Be Bop edota Etxekalten. Gero emanaldi handiagoak ere gogoratzen ditut, estadio handietan emandakoetan. Behin, Jabier Muguruzarekin, 80.000 pertsonen aurrean jo nuen Bartzelonan, baina kontzertu hartan soinuaren kalitatea ez zen oso ona izan. Jabierrekin maiz joan izan naiz Kataluniara eta Hospitalet de Llobregaten aldiro-aldiro eman izan ditugu kontzertuak. Gogoan daukat aldi horietako bat, 38 urte bat urte izango nituen orduan, itzulerako bidaian duin sentitu nintzen. Ez dakit hitzez nola ondo adierazi, baina oso berezia izan zen. Musikarekiko leial sentitu nintzen, ez nintzaion ari gezurretan, ez musikari, eta ezta neure buruari ere.

Beti bakarlarien alboan egon zara edo parte hartu izan duzu talderen batean?

Talde askotan aritu izan naiz, gertatzen dena da oso memoria txarra dudala izenak gogoratzeko. 17 urte nituela Fermin eta Jabier Muguruzarekin batera Hondarribian ibili nintzen talde batean. Gero, Kursaal deitzen genion jazz talde bat ere bageneukan eta bertan Tolosako Michel Longaronekin aritzen nintzen, besteak beste. Ganbara taldean ere aritu nintzen pare bat urtez Josean Martin Zarcorekin eta Angel Unzurekin batera. Beranduago triki-pop delakoaren eztanda izan zen eta talde horiekin ere aritu nintzen: Gozategi, Maixa eta Ixiar edota Alaitz eta Maiderrekin. Talde mordo bat aipatu dut, baina beste formazio askotan ere hartu izan dut parte. Ekimen jakin baterako sortzen ziren taldeak ziren, sortu bezala desagertzen zirenak. Hiruko edo laukote formatuan joaten ginen askotan eta jazz ukituko bandak ziren. Gustura jarduten dut horrelakoetan. Iñaki Salvadorrekin, Marc Miraltarekin, Paco Diazekin eta Josetxo Silgueirorekin, adibidez, Naima Quarteten hartu nuen parte. Joxan Goikoetxearekin eta Jimmy Arrabitekin ere jardun nuen beste laukote batean.

Bakarlari askoren alboan egon zara. Xabier Lete, Antton Valverde, Txomin Artola, Jabier Muguruza, Pier Paul Berzaitz, Maddi Oihenart...

Pribilegio handia izan da niretzat horiekin denekin jotzea. Nik 23-24 urte nituela, 80ko hamarkada hasieran, kantautoreak hasi ziren musikarien laguntzaz agertokietara ateratzen. Gogoan daukat Xabier Letek eragiten zigun errespetua. Ni haren atzean jartzen nintzen emanaldietan, eta kontzertua ematen ari zela burua pixka bat biratzen bazuen, seinale zerbait ez zihoala ondo. Horrelako bizipen asko izan ditut. Dena den, musikaren bitartez harreman bereziena bi pertsonekin izan dut, Mikel Errazkinekin eta Imanol Larzabalekin, eta biak hilda daude.

Non eta nola ezagutu zenuen Mikel Errazkin?

1998ko Tolosako Kilometroak jairako kanturako baxu jotzaile bat behar zuen Mikelek eta orduan ezagutu genuen elkar, Leidor aretoan eman genuen emanaldi batean. Egia esan okasio gutxi izan genuen elkarrekin musika sortzeko, esklerosia diagnostikatu eta sei hilabeteko bizitza eman baitzioten. Epe hori igarota joan zitzaigun. Uste dut berekin asko konektatu nuela. Konpartitzen nuen berekin musikaren ikuspegia. Gaur gaurkoz, kantu batek hunkitzen nauenean ere berekin akordatzen naiz. Bere azkeneko hilabeteetan, behatzak justu-justu mugitu zitzakeen eta ordenagailuan aritzen zen musika konposatzen. Iruñeko dantza talde baterako musika sortu zuen azken bolada horretan eta nik eramaten nuen dantza taldearen entseguetara. Han ezagutu nuen nire gaur egungo bikotea, Montse Zabalza. Hori ere, Mikeli zor diot.

1985ean hasi zinen Imanolen baxu jotzaile bezala eta hura hil arte jarraitu zenuen, 20 urtean. Nolako harremana egin zenuen berekin?

Harreman handia. Michel Longaronek deitu zidan baxu jotzaile bat behar zutela esanez eta orduan hasi nintzen Imanolekin. Berekin ere bizi izan nintzen urte eta erdiz Donostiako Gros auzoan. Miresten dut bere lagunekin eta maitaleekin harremantzeko zuen modua. Mutiko handi bat zen, bihozbera eta ez zuen sekula gaiztoz hitz egiten. Kontzientea zen esaten zuen guztiaz, eta arduratsua zen, erantzukizuna zuen egiten zuen guztiarekin. Asko gustatzen zitzaidan bere alde hori. Esaten zuenaz kontziente izateak ez du esan nahi isiltzen zenik, pentsatzen zuen hura botatzen zuen, ondorioetan gehiegi pentsatu gabe, beti fede onez. Bestelakoan, pertsona jantzia zen, asko irakurtzen zuen eta dena zitzaion baliagarria musikarako. Bizitzaz gozatzen zekien. Nik aurretik ere gozatzen nuen musikaz, baina Imanolek erakutsi zidan oholtza apreziatzen. Hark globalki bizi zuen musika, ez zuen berezi hunkituko nota batek edo instrumentu baten soinuak, baina musikaren alde positibo horiek bizi zituen. Guzti hori partekatzen nuen berekin, sentsazioak konpartitzen nituen, eta plazer handia izan zen bere alboan hainbeste denboran egotea.

Duela gutxi bere jaiotzaren 75. urteurrena ospatu da eta bere omenezko emanaldi batean parte hartu duzu.

Bai. Parte hartu dudan omenaldi gutxienetako bat izan da. Hil ondoren bere omenez Bolona Molona diskoa atera genuen sehaska kantekin, eta Iñaki Eizmendi, Niko Etxart, Antton Valverde eta Pier Paul Berzaitz gonbidatu nituen parte hartzera. Ordutik ez dut joan nahi izan bere alde egin izan diren omenaldietara eta askok uko egin izana gaizki hartu izan didate gainera. Amorrazioa ematen dit, bizi zen artean bere aurka aritu ziren zenbait musikarik orain lausengua baino ez dutelako ahotan Imanol gogoan hartuta. Horregatik ez dut parte hartu nahi izan omenaldietan.

Uste duzu behar bezala oroitzen dela Imanolen irudia?

Ez dakit. Imanol ez zen independentista eta horrela adierazten zuen. Internazionalismora jo zuen gehiago eta giza eskubideen alde lerratu zen. Yoyes erail zutenean eskaini zuen emanaldi hura hartu dezakegu adibidetzat. Jarrera hori ordainarazi egin zioten, mehatxatu egin zuen ETAk, baina argi utzi nahi dut, momentu hori igaro ondoren urte batzuetan lasai bizi ahal izan zela Euskal Herrian. Gertatzen dena da, beste askotan bezala bere azkeneko urte horietan, erabili egin zutela. Ama hil zitzaionean prentsan egindako adierazpen batzuetan esan zuen, dagoeneko ez zuela ezerk lotzen lur honetara eta ez zuela baztertzen hemendik kanpora bizitzea. Madrilgo hedabideek adierazpen horiek hartu eta manipulatu egin zituzten eta Euskal Herritik ihes egingo zuela esan zuten. PSEko bere lagun batzuk ere xaxatu zuten horrekin. Estualdi horretan norabait joan beharra suertatu zitzaion. Azkenean Torreviejara (Espainia) aldatu zen eta han bukatu zituen bere egunak. Oso tristea izan zen bukaera hori.

Zuk giro hori guztia bizi izan zenuen Imanolen alboan. Inoiz sentitu al zara baztertuta?

Egia esan, niri zuzenean baino gehiago Imanolekin aritzeagatik esan izan dizkidate. Familiarteko bazkariren batean ere altxa izan zaizkit mahaitik ni presente nengoelako. Baina ezer askorik ez, bestela. Guk argi geneukan, zenbait girotan ez ginela ongi etorriak, eta kontuan hartu behar da 80ko eta 90eko hamarkadetan nahikoa monolitikoa zela musikaren eta kulturaren mundu hori. Hor sartzen ez ginen gutxi batzuk bizi behar izan ditugu bazterketak edo betoak. Villabonako Gurean jo genuen kontzertu bat dut gogoan: oholtza gainean ni, eta alboko atea zabalik zegoela parean aparkatuta neukan kotxea zelatatzen aritu behar izan nuen, jotzen nuen bitartean. Hemen Tolosan, Euskal Herria plazako kontzertu bat iragartzeko kartela Españolazo esaldiarekin margotuta agertu zen beste aldi batean. Horrelakoak makina bat. Beranduago, beste aldera ere pasa zitzaigun. Gogoan daukat Lasarten eman genuen beste kontzertu bat, non Ertzaintza agertu zen gu babestera. Berehala esan nion Imanoli: «Esan ertzainei alde egiteko hemendik, ez da ezer pasatzen, hemen ez gaude arriskuan». Giro itogarri hori ez zen Imanolek bizi zuen errealitatea, medio batzuk eraiki zuten gezurra baizik. Ordutik hona, gauzak, zorionez, asko baretu dira. Arnasa hartzen joan gara pixkana, uste baikenuen ez zela behin ere bukatuko.

Ardura handia dizute gai sozial eta politikoek?

Geroz eta gutxiago. 15 urtez bizi izan nintzen Zabaltza herrian Etxauribar ibarrean, mundutik ia erabat isolatuta. Gaur egun, ez dut albistegirik ikusten telebistan eta egunkariak ere gutxi irakurtzen ditut. Begiratzekotan kultura arloko orriak begiratzen ditut. Nik gehiago begiratzen diet bizitzaren gauza txikiei, oharkabean pasatzen diren horiei. Ez dut gehiegi sinisten gizakiarengan, eta nahiago dut keinu txiki positibo horiekin geratu. Zartakoak alde guztietatik datozkigu. Etsita nago eta gauza gutxitan sinesten dut. Gauza politak badaude bizitzan, baina oso gutxitan ikusten dira abegikortasuna, gozotasuna, maitasuna... Niretzat nire neska lagunarekin dudan harremana da inportantea, nire seme-alabekin daukadana. Horrek asebetetzen nau. Ikasi dut harreman horietan ez ezer espero izaten, espektatiba gutxi jartzen besteengan, beraz etortzen den gauza txikiena ere oparitzat hartzen dut. Tratu ona da nire bikotearekin daukadana. Miresten dut. Egunero hutsetik abiatuko bagina bezala da, egunero aurkikuntza bat. Zortekoa naiz, loteria tokatu zaidala iruditzen zait.



Zein proiektu duzu aurrera begira?

Badut egitasmoren bat datorren urte honetarako, baina ezin dut gehiegi aurreratu. Epe luzera nire neska lagunarekin ere badut beste proiektu bat. Bera antzerki munduan dabil. Une honetan, Estitxu Pinatxorekin nabil. Bere azkeneko diskoan hartu dut parte moldaketak eginez, eta zuzenekoetan gabiltza. Emanaldi horiek eta sortzen diren kontzertu berrietan nabil eta beti bezala musika moldaketak egiten. Et Incarnatus orkestrarako ere egin dut lan bat baino gehiago. Proiektuka egiten dut lan. Enkargu bat etortzen zaidanean horri heltzen diot eta buru-belarri murgiltzen naiz. Eta bestela, bizi. Horixe da nire plana. Pilota gustuko dut. Palan jolastu izan dut, baina orain osasunagatik utzita daukat. Dena den maiz gerturatzen naiz Labrit pilotalekura pilota ikustera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!