Tolosako EH Bildu alderdiko kideek herritarrekin egin nahi dute bidea. Hori dela eta, herriko auzoetan bilera txanda bat abiatuko dute datozen asteetan. Hiru hitzordu lotu dituzte dagoeneko, hirurak ere 19:00etan izango dira:
- Amarotz auzoa: otsailaren 23a, osteguna.
- Berazubi auzoa: otsailaren 27a, astelehena.
- Larramendi auzoa: martxoaren 1a, asteazkena.
Elkartea osatuta duten auzoekin elkartuko dira oraingoz; hala ere, bilerak irekiak izango dira, hau da, herritar oro dago gonbidatuta. San Esteban, Alde Zaharra, Urkizu, Aldaba, Ugane, Bedaio eta Tolosako beste hainbat guneetara ere gerturatuko dira, bertako bizilagunekin datak adostu ahala.
Auzoetara gerturatuko dira, bertako bizilagunen ahotsa entzuteko eta dituzten galdera eta kezkak jasotzeko, eta alderdiaren ikuspegia beraiekin partekatzeko. Estitxu Kortajarena alderdikideak adierazi duenez, jendearekin egotea «funtsezkoa» da «fokua galdu gabe aritzeko», eta EH Bildurentzat, fokua «argia» da: «Denon artean Tolosa justuagoa eta hobea egitea».
Horrez gain,astearte eta ostegunero, Bilgunean egongo dira herritarren zain, 18:00etatik 20:00etara. Bestela, herritarrek e-mail bidez helarazi ditzakete kezka, hausnarketa edota proposamenak, tolosa@ehbildu.eus helbide elektronikora idatziz.
«Aldaketaren motorra»
Andu Martinez de Rituerto alkategaiak adierazi duenez, «tolosar guztiekin; garbi dugu hori dela bidea». Herritarrek «aldaketaren motorra» izan behar dutela adierazi du. «Denok izan behar dugu aldaketa eragingo dugunak, zine sinisten baitugu aldaketak behetik gora egin behar direla. Erronkaz betetako garaian bizi gara eta erronka horiei aurre egiteko bide bakarra denok elkarrekin joatea da. Lidergo partekatuen eta komunitate sendoen garaia da, gobernantza kooperatiboen garaia».
Horregatik, EH Bilduko kideek adierazi dute herritarren parte hartzea «funtsezko alderdia» dela. «Tolosa hobetzeko bidean, beharrak identifikatu eta behar horien gaineko analisi sakona egingo dugu, adituekin, udal teknikariekin, eta baita herritarrekin ere. Tolosarrok sinistu behar dugu udalak egiten duen horretan ere hitza dugula, badugula zer esan eta zer egin».
Martinez de Rituertok adierazi du alderdiaren ardura izango dela herritarren parte hartzea bermatzea prozesu guztietan, «ez bakarrik orain, hauteskunde atarian, baizik eta egunerokoan. Edozein une izango da egokia niregana, guregana, gerturatzeko eta zuen kezka, hausnarketa, ilusio eta proposamenak adierazteko».