Negoziazioaren alde mobilizatu dira udal langileak

Ataria 2023ko otsailaren 14a

Tolosako udal langileen komiteak deituta elkarretaratzea egin dute Plaza Zaharrean, udal gobernuak langileen inguruko hainbat erabaki adostasunik gabe hartu izana salatzeko. 85 udal langile elkartu dira protestan.

Tolosako udal langileek elkarretaratzea egin dute udaletxe atarian, udal gobernuarekin "benetako" negoziazioa eta langileen eskubide eta lan baldintzetan atzerapausorik eman ez dadin eskatuz. Aitziber Lazkano langileen komiteko lehendakariak hitz egin du Plaza Zaharrean bildutako 85 langileen izenean: "Udal gobernuaren aldetik langileen arloko hainbat erabaki adostasunik gabe hartzeko joera areagotu egin da. Gaur tokiko gobernu batzordeak langileekin eta komitearekin adostu gabe hartuko dituzte zenbait erabaki eta horren aurrean planto egitea erabaki dugu".

Udal gobernuak hartu dituen zenbait erabaki langileen eskubide eta lan baldintzen kontra doazela uste dute udal langileek. "Adibide ugari ditugu, baina aski da aipatzea aurretiazko erretiroen prima murrizketa edota lanpostuen balorazioa. Azken adibidea, 2023ko lan egutegiak langileen ordezkariekin adostu gabe onartu izan da, negoziazioari alde bakarrez eman diote amaiera eta hainbat neurri murriztaile atxiki dizkiote, orain arteko egutegiekin alderatuta".

Langileek aipatu dute burokratizazioari, langileen eskubideen murrizketak eransten bazaizkio, udal zerbitzuen jasotzaileek pairatuko dutela gehien. Kezka agertu dute joera horrekin eta gaurko elkarretaratzearekin jakinaren gainean jarri nahi izan dituzte herritarrak. "Guzti hau herritarren zerbitzuen kalterako da. Gu zerbitzari publikoak garenez, tolosarren zerbitzurako ari gara", esan du Lazkanok. 

"Aldebakartasunez eta akordiorako borondaterik gabe", udal gobernutik hartzen ari diren erabakiak salatu dituzte  Tolosako udal langileek, gaurko elkarretaratzean. Osasungintza bezalako beste hainbat gizarte esparrutan, udal administrazioan ere gertatzen denaz ohartarazi nahi izan dituzte tolosarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!