Arrazakeriarik gabeko inauteriak

Ataria 2023ko otsailaren 14a

Tolosako pertsona migratzaile eta arrazializatuen  Jatorkin, Divina eta Mujeres del Mundo elkarteek, inauterietako egunak herriarentzat kohesio, topaketa eta aniztasun guneak izatea espero dute; horregatik, estereotipo, aurreiritzi eta indarkeria arrazista zein sexistarik gabeko guneak izatea nahi dute.

Beharrezkoa iruditzen zaie, arrazakeriaren aurrean birpentsatzen jartzea eta jarrera aktiboa hartzea. Tolosako inauterietan parte hartuko duten herritarrei dei egiten diete mozorro eta karrozetan jarrera arrazistarik ez izateko. Kulturak eta etniak mozorro bat ez direla ulertuta, kultura baten irudikapen estereotipatu eta negatibo baten erreprodukzio bat direla diote. Ez baitute pentsatzen irudikatzen ari diren horren esanahi kulturalean eta eragiten duten indarkeria sinbolikoan. Blackface-aren aurka ere aldarrikatzen dira (hau da, beltzez mozorrotzen diren pertsona zuriak edota aurpegia margotzen dutenak, besteak beste), belztasuna ez baita mozorro bat euren ustetan.

Arrazoi hauengatik, Tolosako Inauterietako partaideei jai guneak birplanteatzea gonbidatzen diete, praktika arrazistak alde batera uzteko eta indarkeria mota hauei modu aktiboan aurre egiteko garaia baita.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!