Dagoeneko erosi daitezke Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Tolosan egingo dituzten emanaldietarako sarrerak

Ataria 2023ko ots. 14a, 07:59

Martxoaren 25ean bi saio egingo dituzte Leidor aretoan, 'Urteak bete, abenturak bizi!' izenburupean. 11:00etan eta 16:00etan izango dira emanaldiak eta sarrerak internet bidez edo Leidorreko leihatilan erosi daitezke.

Ospakizun urtea dute aurtengoa Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek, izan ere, 35 urte bete ditu taldeak. Horregatik, urte hauetan guztietan beraiekin batera izandako pertsonaia batzuekin partekatuko dute oholtza berriz ere, hala nola, Kintxo Barrilete Nikaraguako haur langilearekin, Anakleto ijito zaharrarekin, Poxpolin Marisorginekin, Kattalin piratarekin, Amona Josefinarekin eta Maribel Bexamel sukaldariarekin.

Tolosako Leidor aretoan izango dira denak, martxoaren 25ean, larunbata, 11:00etan eta 16:00etan egingo dituzten saioetan. Sarrerak leihatilan edo internet bidez erosi daitezke, esteka honetan.

Hala ere, horiek ez dira oholtzan izango diren lagun bakarrak. «Gurea urteurren borobila bada, are gehiago Tolosako Amarozko Auzo Elkartearena, 50. urteurrena ari baita ospatzen. Auzoa 1972an sortu zen, urtebete beranduago, 1973an elkartea. Auzolanean garbitu zituzten orduan kaleak eta zelaiak, eta gerora, auzolanean sortu zituzten futbol zelaia eta bolatokia ere, besteak beste. Egindako guztia elkarlanean eta boluntariotza lanean egin dute».

«Auzo bizia, dinamikoa eta parte-hartzailea da Amarotz», esan dute pailazoek. «Horren adibide dira Txoko-txiki haurren aisia gunea, Beti-Gazte jubilatuena, askotariko tailerrak, futbol taldeak, auzoaren hobekuntza planak eta abar. Hori dela eta, pailazoon eta Leidor antzokira bertaratutakoon aitortza jasoko dute goizeko saioan, eta elkarrekin egingo dugu irri, kantu eta dantza».

Hau gutxi balitz, 25. urteurrena bete berri duen Bonberenea eta bertako kideak ere omendu nahi dituzte. «Etxe okupatu autogestionatuak urteotan guztiotan etengabeko kultura-eskaintza eman digu, 1.000 zuzenekorekin eta 2.000 kantu grabatuta. MartxoaREN 25eko pailazoon saioetan Bonberenea Txaranga ere bertan izango dugu, 20 urtez inauteriak eta herriak alaituz. Hauek ere 300 saio egin eta 6 disko kaleratu dituzte dagoeneko. Haiekin hamaika ekimen landutakoak gara pailazoak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!