ONCEren kupoiak, inauteriez jantzita

Ataria 2023ko ots. 13a, 19:59

Tolosako inauteria ONCEren kupoiaren protagonista izango da otsailaren 19an, Zaldunita egunean. Bost milioi eta erdi kupoik zabalduko dute festaren irudia.

Igande honetako kupoia Tolosako inauterietako argazki batekin ilustratu dute. «Eskertzekoa da gure herriari eta bertan egiten diren ekitaldiei hauspo handiagoa ematea. Munduari inauteriak ezagutzera ematea pozgarria eta onuragarria da guretzat», nabarmendu du Patxi Amantegi alkateordeak. «Guretzako ohore handia da ONCErekin batera kolaboratzea, gizartean egiten duen lanagatik», gaineratu du.

Usue Vallejo ONCEren Euskadiko lurralde-ordezkariak hartu du hitza ondoren. «Guk ere eskerrak eman nahi dizkizuegu festa handi honen irudia bost milioi kupoietan zabaldu ahal izateko aukera emateagatik. Ohore handia da ONCErentzat, modu honetara, herrietako kultura, tradizio eta ohiturak ezagutu eta ezagutarazi ditzakegulako. Horrez gain, herri horietara gerturatzeko aukera dugu, kupoiak saltzen eta ilusioa banatzen aritzen diren saltzaileen eskutik», esan du Vallejok.

Miguel Morado ONCEren Joko Saileko arduradunak eman ditu zozketari buruzko azalpenak. ONCEren Asteburuko Soldatatzarrak 300.000 euroko sari nagusi bat zozkatzen du asteburuetan, bost zifratako zenbaki eta serie baten jabeari. Gainera, kupoi jakin baten jabeari 5.000 euroko saria ematen zaio hilabetero, 20 urtez jarraian. Beste lau kupoiren jabeei 2.000 euroko saria banatuko diete hilero, 10 urtez jarraian. «Ea gai garen esker mezuak saritan itzultzeko, eta sari nagusia Tolosan banatzeko», adierazi du Moradok.

ONCEren kupoiak erakundeko 19.000 saltzaile baino gehiagok merkaturatzen dituzte. Gainera, Juegosonce.es webgunean eta baimendutako establezimendu laguntzaileetan eros daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!