Jai berdinzaleagoen alde lanean jarraitzen du udalak

Ataria 2023ko ots. 13a, 15:00

'Tolosak, ezetz!' kanpaina.

Tolosako Jai Behatokiak 2022ko Tolosako jaien balorazioa egin du eta emaitzei erreparatuz, jai berdinzaleagoak lortzeko bidean, emakumeen presentzia esparru guztietan handitu dela ondorioztatu du.

Tolosako Udalak, 2017an Jaien Berdintasun Behatokia jarri zuen lehen aldiz martxan. Herriko jaien inguruko azterketa sakona egin eta emaitzak oinarri hartuta, etorkizunera begira, jai berdinzaleagoen alde hobekuntzak egiten edota urratsak zein neurriak hartzen jarraitzeko. Etorkizunera begira hortaz, Tolosako Udalak Jai Berdinzaleetarako Planean jasotako ekintzak aurrera eramatea aurreikusi du, herriko eragile eta udal teknikariekin elkarlanean, helburu bakar batekin: «Tolosako jaiak berdintasunean oinarrituta eraikitzea, ospatzea eta berdintasuna jaien esparru guztietara zabaltzea».

Behatokiak, San Joan jaien azterketa izan zuen oinarri lehen urteetan, geroago Larramendi auzoko jaiak gehitu ziren, eta 2019an inauterien azterketa ere bai. Horren ostean eta egindako lanketaren emaitza gisa, Behatokiak jai berdinzaleetarako Plana osatu zuen, 2021-2024 urte arteko ekintzak jasotzen dituena. Aldi berean, sentsibilizazio lanketa egin du urtez urte udaleko zinegotzi eta teknikariekin. 

Planari helduz, dokumentu malgua da eta jaien eta gizartearen aldaketetara egokitzeko gaitasuna du. Plan hori oinarri eta jai berdinzaleak jomuga hartuta, Behatokiak herriko jaien azterketak eginez jarraitzen du urtero. Besteak beste, jai bilerak, egitaraua, komunikazioa, musika, partaidetza eta indarkeria matxista aztertzen ditu eta arlo bakoitzean berdintasuna eta parekidetasuna bermatzeko proposamenak jasotzen ditu. 

Urtetik urtera jai berdinzaleagoen alde urratsak eginez

Berriki, 2022ko Tolosako jaien berdintasun balorazioa aurkeztu du Behatokiak eta horri jarraiki, 2022an aurrera pauso garrantzitsuak eman dira Tolosako jaian berdinzaleagoak izan daitezen. Oraindik hobetzeko gaiak badaude ere, 2022ko jaietan berdintasuna hainbat arlotan bermatu da, hala nola, jaien inguruko komunikazioetan edota indarkeria sexistaren inguruko sentsibilizazio eta esku-hartze protokoloan. Bi gai horiek, beraz, udal funtzionamenduan barneratuta eta sistematizatuta daudela ondorioztatu du Behatokiak. 

Indarkeria matxistaren gaia jaietan oso presente egon izan da azken urteetan, eta zentzu horretan Tolosa aitzindaria da jaietan berdintasuna sustatzeko jardueretan. 2022an, esaterako, aurrera eraman ditu #LIBRENonahi, Joka Sano! edo Tolosak, ezetz! kanpainak. Horrekin batera, indarkeriaren aurkako udal protokoloa ere indarrean dago.

Etorkizuneko urratsak

Aurrez aipatu bezala, Tolosak jai berdinzaleetarako 2021-2024 plana du. Etorkizunera begira, bertan jasotako ekintzak aurrera eramaten jarraituko du udalak, helburu bakar batekin: Tolosako jaiak berdintasunean oinarrituta eraikitzea, ospatzea eta berdintasuna jaien esparru eta alor guztietara zabaltzea.

Lanketa honek, elkarlana du eta izango du oinarri. Etorkizunera begira ere, herriko elkarte, talde zein eragileekin zubiak eraikitzen eta sinergiak bilatzen jarraituko du udalak, baita, barne lanketa gisa, udal sail guztiekin modu koordinatuan lan egiten ere. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!