Inauterietako doinuek berriro bete dute Berdura Plaza

Leyre Carrasco 2023ko otsailaren 12a

Tolosako Udal Musika Bandak, Udal Txistulari Bandak eta 40. urteurrena betetzen ari den Hodeiertz abesbatzak pregoi kontzertua eskaini dute eguerdian Tolosan. Gaurko kontzertua azkena izan da bandako kide den Mila Garcia de Iturrosperentzat, eta omenaldia egin diote amaieran.

Berdura plazara bueltatu dira Tolosako Inauterietako doinuak. Bertan, Tolosako Udal Musika Bandak, Udal Txistulari Bandarekin batera pregoi kontzertua eskaini dute. Baina ez dira gaurko protagonista bakarrak izan. Aurten 40 urte betetzen dituen Hodeiertz abesbatzak ere parte hartu du, inauterietako kantuak abestuz.

Jendetza bildu da Berdura Plazan. Gertaratu direnak abesbatzarekin batera aritu dira kantuan, eta ez dira gutxi izan dantzan egitera ausartu direnak. Festa giro aparta sortu da bertan. 

Omenaldiak

Sorpresak ere izan dira tartean. Alde batetik, Koldo Tarragona Sukalde elkarteko kideak, elkartearen ereserkia zuzendu du. Izan ere, Sukalde elkarteak 50. urteurrena betetzen du aurten, eta bandak omenaldia egin nahi izan dio.

Baina omenaldi bereziena, 47 urtez bandako kide izan den Mila Garcia de Iturriosperi egin diotena izan da. Gaur aritu da azken aldiz bandako kide gisa, eta emanaldiaren amaieran bandako kideek omenaldia eskaini nahi izan diote. Bandaren eta Tolosako Udalaren eskutik hainbat oroigarri jaso ditu, eta ondoren, bere bi alabek agurra dantzatu diote. Kontzertuko azken kantua, gainera, berak zuzendu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!