Kaldereroek inauteriak datozela iragarri dute

Jon Miranda Labaien 2023ko otsailaren 11

Urdina Txiki elkarteak Kaldereroen konpartsa atera da gaur Plaza Zaharretik. Musika eskolako ikasleak, abesbatza, hartza eta beste hainbat parte hartzaile izan dira kalejiran.

Zartagin eta mailu hotsek hartu dituzte Tolosako Alde Zaharreko kaleak gaur arratsaldean. Urdina Txiki elkarteak antolatuta Kaldereroen konpartsa atera da, inauterien gertutasuna iragartzera. Tolosako musika eskolako ikasleek hartu dute parte ekitaldian eta kaldererotako kantuak kantatu dituzte. Urtero bezala hartza ibili da etxeko txikienak beldurtu nahian.

Plaza Zaharretik abiatuta kalez kale ibili da konpartsa eta herritar ugari batu da festara. Gauean, 23:30ean Incansables txaranga kalez kale ibiliko da eta inauteri doinuak entzungo dira, datorren ostegunetik asteartera bitarteko festaren aurrerapen gisa.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!