Inmakulada ikastetxeak telerrehabilitazio programa bat jarri du martxan

Ataria 2023ko otsailaren 10a

Uzturre egoitzako zentro sozialeko 12 erabiltzailek hartu dute parte, eta etxetik jarraitzen ari dira beste bi aitona-amona; gaur aurrez aurreko saioa egin dute egoitzan bertan.

Inmakulada ikastetxea telerrehabilitazio proiektu bat ari da garatzen Tolosan. Adinekoen erorikoak eta hausturak prebenitzeko programa da, eta erabiltzaile bakoitzak bere etxetik egin ditzake ariketa horiek plataforma bati esker. Uzturre egoitzako zentro sozialarekin elkarlanean ari dira, eta hala, zentro sozialeko 12 erabiltzaile eta beste bi aitona-amona animatu dira programan parte hartzera.

Egiten ari direna, proiektu handiago baten parte dela azaldu du Ixa Imaz Tolosako Inmakulada Lanbide Heziketako irakasleak. «Sare digital aurreratuan, komunitateari osasun zerbitzuak eskaintzeko helburua du proiektuak». Tolosako Inmakuladak bi zati ditu proiektu honetan: bata, telerrehabilitaziokoa, eta bestea, datu babesei eta sistema informatikoei buruz praktika gela bat sortzea.

Inmakulada ikastetxeko ikasleak aritu dira programa prestatzen, Sara Sudupe ikasleak azaldu duenez: «60 ariketa grabatu genituen aitona-amonekin telerrehabilitazioko plataformara igotzeko, eta aitona-amonek ariketak egin ditzakete horrela. Noelia Alonso ikasleak kontatu du Uzturre egoitzako 12 erabiltzailek hartu dutela parte programan, eta etxetik jarraituko dutela Antton eta Mari Karmen aitona-amonek.

Otsailaren 3an hasi ziren lanketa egiten ikasleak, Estitxu Alfonsok azaldu duenez: «Otsailaren 3an egin genien Vivitrail testa erabiltzaileei, eta bakoitzari ariketa programa bat egokitu diogu".

Hamabi aste iraungo ditu programak, Estitxu Labaka ikasleak kontatu duenez. «Ordu erdian egiteko moduko ariketak dira, eta guk programa baten bidez, kontrolatu egiten dugu ea erabiltzaileek ariketak egiten dituzten edo ez, hobekuntzak badituzte edo ez, eta 15 egunetik behin beraiekin elkartzen gara aurrez aurre, ea prozesua ona izan den eta zer moduz doazen». Gaur goizean izan dira ikasleak Uzturre zentroan, aurrez aurreko saioa egiten.

Maria Milagros Ayestaran Uzturre egoitzako zentro sozialera joaten da egunero, hiru orduz. «Oso gustura etortzen naiz, eta gazteak gugana etorriko zirela esan zigutenean poza hartu genuen, asko animatzen gaituzte gazteek, gazteak etortzen direnean beste animo batekin egoten gara». Egunero elkartzen dira egoitzan, eta talde ederra dutela kontatu du: «Denok oso ondo moldatzen gara elkarrekin, batak ezin du besoa ondo mugitu, besteak ezin du aulkia ekarri, eta elkar lagunduz ibiltzen gara». Programan parte hartzearekin «onurak» izango dituztela argi du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!