Zumarditxikiko aparkalekuen alternatiba errealista eskatu dute Alde Zaharreko bizilagunek

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 10a, 11:58

Udalarekin izandako azken bileran soluzioak eskatu zizkieten bizilagunek; besteak beste, Alde Zaharreko Plan Integrala egitea exijitu zioten.

Badira bi hilabete Alde Zaharreko bizilagunak mobilizatzen hasi zirela. Auzoaren egoerak eta etorkizunak kezkatuta, berriro ere, 140 bizilagun baino gehiago elkartu ziren asteazkenean, Tolosako Apaizetxean; abenduko deialdian jasotako erantzunaren antzeko kopurua. «Bileren arrakasta bizi dugun egoeraren adierazle bat gehiago da; adin, zonalde eta errealitate askotariko bizilagunak elkartu ginen berriro ere, eta Alde Zaharrari buruz daukagun ikuspuntuan adostasuna izan zen nagusi», adierazi dute.

Momentuz, beraien kezken eta eskaeren berri emateko bilerak egin dituzte. Horrez gain, udalean ordezkaritza duten alderdiekin bildu dira; merkatarien eta ostalarien kezken berri izan dute Tolosa&Co elkarteko kideekin egindako bileran; udaltzaingoak deitutako bileran parte hartu dute gainerako auzo-elkarteekin batera, eta kezka bereziak dituzten bizilagunekin eta adituekin ere elkartu dira. «Bilera horien guztien ondoren, bizi dugun egoeraren analisi osatuagoa egin dezakegu orain. Hemendik ere, eragile horiek gurekin elkartzeko izan duten prestutasuna eskertu nahi dugu», esan dute.

Bi gai nagusi jorratu dituzte momentuz: Zumarditxikiko aparkalekuak ordezkatzeko alternatiba eta Alde Zaharreko Plan Integrala. Abenduaren amaieran egin zuten lehen bilera udalarekin. «Gure kezken eta aldarrikapenen berri eman genien eta argi utzi genuen Zumarditxikiko aparkalekuen ordez emandako alternatiba ez zela errealista. Gogora dezagun, alternatiba horrek Alondegiko eta Lapurdiko lurrazpiko aparkalekuetako errotazio-bonuak erosiz gero, udalak urteko 1.380 euroko kostuaren %50 diruz laguntzeko aukera proposatzen zuela. Orduan mahai gainera eraman genituen alternatiba horrek ez ziela erantzuten Alde Zaharreko lurgaineko aparkaleku defizitari, udalak egindako ikerketaren hutsune nabarmenei, eta auzoko bizilagunen egoera sozioekonomikoari. Gainera, udalak 50.000 euro gorde ditu proposamen hori finantzatzeko 2023ko aurrekontuan. Diru-poltsa horrekin 72 bonu bakarrik finantzatzeko iristen da. Zer nolako aurreikuspena da hori?».

Udalarekin izandako bileran soluzioak eskatu zizkieten bizilagunek. «Argi utzi genuen, udalaren oraingo helburua Zumarditxikiko aparkalekuak kentzea bada ere, soluzioak kontuan izan behar dituela Alde Zaharreko bizilagunok aurretik ere bizi dugun aparkaleku defizita eta etorkizunean aurreikusten diren peatonalizazioak. Horrekin batera, gure auzoan dauden kotxe eta garaje kopurua aztertzea garrantzitsua dela uste dugu. Eta azkenik, TAO-ren birplanteamendua aztertu eta gaur egungo bizimodura egokitutako ordutegi baldintzetara egokitutako aparkaleku sistema izan beharko luke oinarri alternatibak, betiere, Alde Zaharreko auzotarron egoera sozioekonomikoa oso presente izanda», azaldu dute.

Lau urtean ez, eta orain?

Otsailaren hasieran udalarekin izandako bigarren bileran, Zumarditxikiko aparkalekuak «ezabatzeagatik» udalak proposatuko duen alternatibaren lanketa berriaren hasiera aztertu zuten bizilagunek. «Lanketaren hasiera diogu, udalak prentsaren bidez beste zerbait helarazi nahi izan badu ere, baldintza zehatz eta konkrezio teknikorik gabe aztertzen ari diren aukeren zerrendatzea baita mahai gainera ekarri dena. Alondegiko eta Lapurdiko proposamenari beste bi proposamen gehitu zaizkio: TAOren zabalkundea aztertzea eta Arrillaga aparkalekuen esleipenean Alde Zaharrekoentzat hainbat plaza gordetzea».

Bi proposamen hauen aurrean, azaldu behar da, TAOren 1. zonako bizilagunak direnez, Alde Zaharreko bizilagunek herriko TAO eremu guztietan aparkatzeko aukera dutela dagoeneko (Berazubi inguruan izan ezik). «Arrillagako aparkalekuak oso urrun geratzen dira gure bizilekuetatik, eta urtean 500 eurotik gorako gastua suposatuko lioke zozketa bidez egokitutako bizilagun bakoitzari. Gaineratu behar da ere, lehendik egindako proposamenari gehitutako bi aukerak, udalak derrigor eta epe administratiboak betez azkar batean esleitu behar dituen bi lehiaketa orain egokitzen direlako eginak direla».

Beraz, aparkalekuen alternatiba «seriotasunez eta patxadaz» lantzea eskatu dute Alde Zaharreko bizilagunek. «Argi daukagu lau urtean konpondu ez dena, ezin dela derrepentean lortu. Horrenbestez, lurrazpiko aparkalekuen alternatibari gehitu zaizkion bi bideak egokiak izan daitezke, baina aukera guztiek Alde Zaharrak duen aparkaleku defizitari erantzun behar diote, auzoaren errealitate sozioekonomikoa oso presente izanda. Gainera, epe ertainera begirako aparkaleku proposamenak ere zerrendatu ditu udalak prentsara bidalitako oharrean; asko kezkatzen gaitu asmo horien berri prentsaren bitartez jasotzeak eta ez gaia lantzeko egindako lan-bileran. Zumarditxikiko lanei buruz, udalak argi utzi digu alternatiba adostu bitarte ez duela bertako aparkalekua kenduko. Konpromiso hori bizilagunekin adostutako alternatibak martxan jarri arte luzatzea da bidezkoena».

Alde Zaharreko Plan Integrala, lehentasunezkoa

Bestetik, bizilagunek uste dute benetan «garrantzitsua dela» Alde Zaharreko Plan Integrala egitea. «Udalarekin izandako lehen bileran mahai gainera eraman genituen planak landu behar dituen alorrak, eta pozten gaitu aurretik egindako edota martxan dituen lan, azterketa eta proiektuak aztertzen hasi dela jakiteak. Aldi berean, udalak egindako proiektuak zerrendatu baditu ere (haur jolastokien berritzea, Iturritza Jauregia erostea, Euskal Herria plazako arkupeetako zorua berritzea eta Gorriti plaza berroneratzeko emandako pausoak), argi geratu da ere egin gabeko asmo asko geratu direla bidean azken urteetan (Alde Zaharreko babes maila definitzen dituzten dekretuak egokitzea, patioen diagnostikoa, espazio publikoen mantenu plana, Alde Zaharreko mugikortasun antolaketa...)», salatu dute.

Hala ere, Alde Zaharrak lantzeko alor ugari dituen plan integral oso bat behar duela exijitu dute. «Gai asko aztertu eta egin beharreko ekintzak eta hobetu beharrekoak argi eta garbi definituko dituena. Guztion inplikazioa beharko du horrelako proiektu garrantzitsu batek eta poztekoa da, Alde Zaharreko Plan Integrala udalaren lehentasunen artean egotea orain, bizilagunon mobilizazioari esker».

Auzotarrak elkartzearen indarra

Bizilagunen ustez, prozesu honek argi utzi du auzotarren antolaketak duen garrantzia. «Gure desadostasuna eta Alde Zaharrarekiko dugun ezinegona balkoietan bistaratzeak ere fruituak eman ditu. Horregatik, Alde Zaharreko bizilagunei dei egiten diegu balkoietan plastiko edo tela gorrien bitartez kezkak adieraztera. Bien bitartean, aurretik martxan egon zen bizilagunen elkartea berpizten hasi gara eta urte honetan zehar landuko ditugu elkartearen etorkizuneko antolakuntza eta lan-arloak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!