Behar bereziak dituzten haurrentzako bide heziketa saioak ematen ari da Tolosako udaltzaingoa

Ataria 2023ko otsailaren 10a

Tolosako udaltzainak behar bereziak dituzten ikasleekin

Samaniego ikastetxeak egindako eskaera zuzenari erantzunez, Tolosako udaltzaingoa hamabost egunez behin elkartzen da behar bereziak dituzten ikastetxe honetako ikasleekin. Une honetan, bide heziketa saioen helburua errepidea noiz pasa dezaketen ikastea da, umeen autonomia sustatzeko. 

Tolosako udaltzaingoak aktiboki lan egiten du herriko ikastetxeekin, ikasleen artean bide heziketa neurriak zabaltzeko, bereziki bizikletaz ibiltzen direnek, ikastolara joan-etorriak modu seguruan egin ditzaten eta, oro har, guztiek egunerokotasunean ere heziketa hori aplika dezaten. Ildo horretan, Samaniego ikastetxeak egindako eskaera zuzen bati erantzunez, ikastetxe honetako ikasleak diren eta behar bereziak dituzten haurrei zuzenduriko bide heziketa saioak eskaintzen hasi da.

5 haurrez osatutako taldearekin ari dira lanean eta abenduan hasitan, hamabost egunez behin elkartzen dira bide heziketa saio hauek aurrera eramateko. Une honetan, helburu nagusia haur horiek errepidea noiz gurutzatu dezaketen eta noiz ez ikastea da, haien autonomia sustatze aldera. 

Saio horiek haurren beharretara egokitu ditu udaltzaingoak eta heziketa irudi bitartez eskaintzen zaie, umeek ondo identifikatu ditzaten semaforoak, zebra-bideak eta zebra-bide bakoitzaren aurrean izan behar duten jokabidea. Lehenbizi ikasgelan bertan egunean egingo dituzten ariketak erakusten dizkiete haurrei eta ondoren kalera irteten dira, hori praktikan jartzera. 

Era berean, Tolosako udaltzaingoa elkarlanean ari da irakasle zein gurasoekin, bide heziketa saioetan irakatsitakoak ikastolan zein etxean jarraipena izan dezan. Saioek oso harrera ona izan dute bai ikasle zein hauen irakasle eta gurasoen artean eta ikasturtea amaitu bitartean jarraipena ematea aurreikusten da. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!