Inauteri bete-betean, 91 urte atzera eginda, otsailaren 10ean jaio zen Antxon Elosegi (Tolosa, 1932), zezen plaza ondoko etxe batean. «Jaio nintzen momentuagatik eta lekuagatik naiz inauterizalea», dio algara artean. Inauteriak «sentimenduz» bizi izan ditu, «ez dagoelako beste modurik», eta hala bizitzen jarraitzen du oraindik ere. Aurten, Kabi Alai elkarteak Kabi Alai Kuttun izendatu du, eta Ostegun Gizenean bera arduratuko da txupinazoa jaurtitzeaz.
Kabi Alai Kuttun izendatu zaituzte. Nola jaso duzu berria?
Ilusio handia egin dit. Tolosan, hala ere, jende asko izan daiteke kuttuna, ni bezalako jende asko dagoelako, eta ni horietako bat izatea ederra da. Pozik jasotzen dira horrelako berriak.
Inauterizalea zarelako hautatu zaituzte?
Inauteriak beti bizitu izan ditut pasioz. Lan asko egin genuen inauteriei begira, bere garaian, TEE —Tolosako Ekinbide Etxea— sortu zenean. Lehenengo lehendakaria izan nintzen. Esaterako, 1970ean, Juan Garmendiak inauteriei buruzko liburu bat idatzi zuen; partitura klasiko guztien bilduma osatu genuen; inauteriak baino zortzi egun lehenago egiten den kontzertua antolatzen hasi ginen... Horrelako jarduerak egiten hasi ginen inauteriak maila bat igotzeko. Ordura arte herrikoiak ziren inauteriak, eta ez zeuden batere gaizki, baina salto bat eman nahi genuen.
Nolako inauteria zen ba aurretik?
Gerra pasa berri zegoen. Gogoan dut 1945 urte inguruan, 13 urterekin, txaketaren bat aldatuta soilik ateratzen ginela inauteriaz gozatzera. Ez zegoen dirurik, eta gerra pasa izanak ilusioa lortzea luzatu egin zuen. Baina sentimendua bazegoen, eta horixe da balio duena.
Sentimenduak dena sendatzen du?
Pena ematen dit, orain, inauterietan, ez direlako gehiegi jotzen partitura klasikoak, eta nire ustez hori pertsonalitatea da eta gauza guztiek behar dute pertsonalitatea. Galtzaundi doinua entzutean edo Diana ikustean, barruak mugitu egiten zaizkit. Hunkitzen duena da balio duena. Niretzat, Tolosako Inauteriak bide zuzenean jarraitu behar du, okertzen ari dela iruditzen zaidalako. Dirua esaten da beti, baina sentimendua behar da lehenik, ideiak ondoren eta dirua gero. Nire aitagandik hala jaso izan dut, sentimendua behar dela lehenik, eta nik beti izan dut sentimendu hori, eta horregatik hartzen dut parte inauterietan, izan mozorrotzen edota edozer antolatzen. 1967an sortu genuen Tolosako Ekinbide Etxea eta gehienbat gauzak antolatzen 1970etik aurrera hasi ginen; ez ziren garai errazak, Burgosko prozesua ere orduantxe izan zen, mugimendu gogorra zegoen. Baina ekintzak aurrera atera nahi genituen, abesbatza lehiaketa, txotxongiloak... eta inauteriekin ere berdin, antolatzen hasi ginen lauzpabost jarduerak oraindik zutik jarraitzen dute. Musika partiturak mantentzea ere garrantzitsua iruditzen zitzaigun: musika da pertsonarengana gehien iristen den eta sentsibilizatzen duen artea, pertsonarengan azkarren sartzen den artea da. Eta arte hori Tolosako pieza batzuetan egotea ederra da. Jaengo musikari batek txukundu zituen, 1919an, Tolosako bandako zuzendariaren laguntzarekin. Hor dago indarra, hunkitzen duenak balio du.
Nondik jaso duzu inauteriekiko zaletasun hori?
Nire aita oso tolosarra zen. Saltsa askotan ibiltzen zen: zezen plaza egin zenean hor ibili zen adibidez. Berak zuen sentimendu hori edan edo jan dut, eta ni saiatu naiz nire seme-alabei eta bilobei nik daukadana pasatzen.
Nola gogoratzen dituzu haurtzaroko inauteriak?
Inauteriak ezagutzen 40. hamarkadan hasi nintzen, 1932an jaioa naizelako. Bazuen zerbait berezia: gerra pasa berri izanagatik, alderdi bateko eta besteko jendea elkartzea lortzen zuen inauteriak. Inauterietan bestelako giro bat sortzen zen.
«Gerra pasa berri izanagatik, alderdi bateko eta besteko jendea elkartzea lortzen zuen inauteriak»
Debekatu ere egin zituzten.
Atxilotuta ere egon nintzen. Ez naiz politikoa, baina sentimenduak ditut, eta horrek mugitzen du mundua. Debekua ezarrita zegoen eta kalera ateratzeko baimenik ez genuen. Kabilak Enperadore kalean zuen lokala, eta Ostegun Gizen batez kalera atera ginen. Serenoak zebiltzan kalean, eta ordezkari gisa neroni hartu eta udaletxera eraman ninduten. Bi edo hiru ordu eduki ninduten han. Eta horregatik ere hasi ginen inauterietan gauza serioagoak antolatzen. Tomas Hernandez laguna nuen, eta nik esan nion inauterietako kartel ofizialak egiteko. 1969an egin zuen lehena eta iaz atera zen bere azkena.
Jendea festara ateratzen zen, ordea?
Argazkiak baditut jasota eta ikusten da batzuk soilik mozorrotzen ginela. Kalean jendea begira geratzen zen, mozorrotu gabe zihoazen horiek, gorbata eta guzti. Gu bezalako batzuk animatzen ginen mozorrotzera. Diru gutxi zegoen, eta gerrako arantza ere hor zegoen, baina bere neurrian ondo pasatzen genuen, aurrera egiteko gogoa zegoen. Pixkana hasi zen indarra hartzen. Gehienbat txarangei zor zaie hori. Kabilatik, esaterako 1940an atera ginen lehen aldiz. Musika, musika da. Lauzpabost txaranga hasiko ginen, eta gutxika gehitzen joan ginen.
Txarangez gain, danborradarekin ere hasi zineten.
1955ean hasi ginen danborradarekin. Danborrada ez da hemengoa, baina hala ere antolatzea erabaki genuen, larunbatetan. Bost lagun elkartu ginen horretarako, eta orain ni naiz bizirik dagoen bakarra. Jende asko hasi zen etortzen, beste ezer ez zelako egoten larunbatetan. Gainera, Donibane Lohizunekoekin truke modukoa egiten hasi ginen, hango erregina hemengoarekin elkartuz, eta horrela. Bagenekien danborrada, berez, ez zela gurea, baina inauteria indartzeko modu bat izan zitekeela ikusi genuen.
Horrelako ekitaldiak antolatzen hasi zineten inauteriak indarra har zezan.
Ostegun Gizena ez zen ospatzen. 70. hamarkada inguruan hasi zen festa eguna izaten. Udalak ezetz zioen, ez zuen nahi, eta guk baietz. Kontua zen inauteriak ez zituela udalak antolatzen, ez zuelako ezer ofizialik nahi. Dirua jartzen zuen, esaterako, zezenetarako, baina antolatu TEEk egiten zuen. Tolosako Ekinbide Etxea arduratzen zen guztia koordinatzeaz. 1965ean hasi ginen inauteriei buelta bat ematen, eta 1967an inauguratu genuen. Eta hortik joan ginen inauteriei bestelako zentzu bat ematen, pozaz aparte, kulturalki ere bere zentzua eman nahi genien. Poliki-poliki gora egin genuen. Izan ere, garai hartan, mozkorraldi gehiago izaten zen orain baino. Gutxi jaten zen eta ardoa merke zegoen; pentsamendu txarrak uxatzeko behar gehiago ere egongo zen, eta mozkor gehiago izaten zen nire ustez. Bizirauteko behar gehiago zegoen, gauza txarrak ahaztu nahi ziren.
Inauteria formaltzen joan zen gero?
Bai, hala izan zen. Karroza gutxi batzuk ateratzen hasi zen jendea. Oraingoak ez zaizkit batere gustatzen. Grazia behar dute karrozek eta inauteriak berak ere bai. Karrozak bata bestearen atzean jarrita ez dute graziarik, eta gutxiago taberna bihurtzen badira. Iñaki Goikoetxea zenak bai, hark bazuen grazia, asmamena, irudimena; bera dibertitu egiten zen eta dibertitu arazi egiten zituen gainerakoak. Horixe da gakoa.
«Grazia behar dute karrozek eta inauteriak berak ere bai»
Elkarte gastronomikoek ere badute presentzia inauterietan.
Kabila elkartekoa izan naiz betidanik, eta haiekin hartu izan dut parte beti, baina elkarte gehiago ere atera ziren hasierako garaietan. 1940 inguruan, gogoan dut Kabilakoez gain, Kabi Alai, Alcoyano eta Ortzadar behintzat atera zirela. Egurrezko bonboekin eta sardinen latekin ateratzen ginen, ez genuen dirurik, beraz, ez genuen besterik. Beste lekuetan ere debekatuta zegoen inauteria, baina Tolosan jendeak aurrera egin nahi zuen, indar hori bazuen, eta horrela atera zen inauteria aurrera.
Inauteriak zein modutan eboluzionatu du?
Guztiak eboluzionatu behar du, horretan bat nator. Baina badut hori azaltzeko metafora bat: imajinatu haritza naizela eta adarrak jaiotzen zaizkidala, eta hala behar du, hazten joan beharra dagoelako; adar horiek edo soberan daude edo fruitua ematen dute, baina ezin dut haritz izatetik pinu izatera igaro. Horrekin ulertzen dela uste dut. Bere sustraiak sustraiak dira.
Ikusten duzu aldatu dela, beraz.
Kalejiran ibiltze hori, plazara joan-etorriak kalejiran egitea galdu egin da. Karrozak egoten diren lekuan ez lukete egon behar, mugitu gabe; herria alde batera eta bestera banatzen da, eta karroza bakoitza bere musikarekin egoten da. Imajinatzen al duzue Donostiako danborradan karrozak egotea bidean? Sanferminetan karrozak egotea? Festa bereziak dira, sentimendua dutenak, ez naiz Aste Nagusiari buruz ari. Sentimendua ateratzen den jaiei buruz ari naiz.
Sentimenduarekin bizi dituzu zuk inauteriak?
Hori galtzen baldin bada jai daukagu, nortasuna galduko lukete.
Inauterietan egunero ateratzen zaren horietakoa zara?
Gaitasuna baldin badaukat bai eta biharamunik ez badaukat, noski [Barreak]. Orain gutxiago aguantatzen dut, baina beti ateratzen naiz. Mozorrotzea ere gustatzen zait, edozer jantzita ateratzen naiz kalera.
Momentu berezirik baduzu gogoan?
Zezenzalea naiz, horretarako ere eroa naiz. Torero ere ibilitakoa naiz. Pattar zezena betidanik gustatu izan zait, eta ahal izan dudanetan beti atera izan naiz. Bizente Ansorena, Kabi Alaiko zuzendaria zen garai hartan, gu zirikatzen ibiltzen zen zezenaren aurrera atera gintezen. Gu mugituak baginen, hura gehiago, eta beti gaztetxoak bilatzen aritzen zen zenetara atera gintezen. Hark esanda, gaztetxo batzuk ate banatan jartzen ginen, eta zezena iristen zenean kalea irekitzen genion, batetik sartu eta bestetik ateratzeko. Sekulako saltsa jartzen genuen. Urte batean, Ansorenak kaleetako ateak ireki beharrean zaldien patioko atea ireki zuen, ate handiagoa dena, txarangak eta sartzen direna. Ate hura ireki zuen, zezena hara sartu, buelta eman eta berriro plazara ateratzeko. Udaletxeak utzitako zabor pila bat zegoen paretaren kontra patioan, eta zezenak hura igo eta kalera egin zuen salto. Pentsatuko duzue hortik aurrerakoa, denak zezenaren atzetik hura harrapatzen.
Eta orain joaten al zara inauterietan zezenetara?
Gaur egun ez naiz joaten. Pena ematen dit ze jende gutxi ateratzen den ikusteak. Gaur egun izkingileak kanpotik etortzen dira. Gure garaian, gazteak ginela, harrotasuna zen zezenetara ateratzea, jende asko ateratzen ginen, baditut argazkiak zezen plaza goraino beteta. Belarrez betetako zaku bat prestatzen genuen, eta ilaran jartzen ginen; lehenak zakua izaten zuen aurrean, ez minik hartzeko. Gogoan dut Ansorenak eta Jose Mari Peciña mendizaleak esanda, eskailera batekin atera ginela zezen plazara: bat gora igotzen zen, eta azpian, lagunak eskailera heltzen, eta plazan zezena. Atera kontuak. Zezena zetorrelako beheko batek eskailera askatzen bazuen, eskailera okertu egiten zen, goian zegoena ia lurrera erortzeraino. Barre ederrak egiten genituen. Oso ondo pasatzen genuen. Hori bukatu zen, gaur egun ausardia hori faltako da agian.
Inauterietako zein egun gustatzen zaizu gehien?
Lehen egun guztiak, baita gauak ere. Tira, gauez ez zen ezer egoten irekita. Kabilako lagun bat Arozena okindegikoa zen, eta lo egiten genuen ordu gutxietan, okindegira joaten ginen irin zakuen gainera, eta ez dakit zer baino zuriago ateratzen ginen handik. Horrelakoak asko egiten genituen. Hala ere, Asteartitako Alborada sentimendua da niretzat. Hortik, pattar zezenera joate hori ederra da.
«Asteartitako 'Alborada' sentimendua da niretzat. Hortik, pattar zezenera joate hori ederra da»
Kabilak eta gameluak zer lotura dute?
[Barreak]. Badugu beste anekdota bat hor. Beste lekuetan ikusten genuen gameluak erabiltzen zituztela, parkeetan eta, haurrak paseatzeko. Halako zerbait egin nahi genuela sartu zitzaigun buruan eta Santanderrera (Espainia) joan ginen, Cabarcenora. Tolosara ekarri genuen; Eskolapioak eraikitzen ari ziren eta obra horretan sartuta nengoenez, leku bat egokitu genien eta han lo egiten zuen gameluak. Sekulako zeresana eman zuen Tolosako kaleetan harekin agertu ginenean. Haurrak esertzeko aulki bat zeraman bizkarrean eta txarangarekin batera konpartsa moduan atera ginen. Baimenak eta lortzen kosta zitzaigun, baina egin genuen. Baimenean jasota dago sei urte zituela gameluak eta Blanco zuen izena. 9.840 pezetako prima ordaindu genuen. 1990ean izan zen hori, agiria otsailaren 26an sinatuta daukagu. Urte hartan Kabilak 50 urte betetzen zituen eta zerbait berezia egin nahi izan genuen.
Anekdota ederrak dituzu gordeta.
Bai, denak ez dira hain politak ordea. 1997an, otsailaren 10a Astelenita zen, nire urtebetetze eguna, 65 urte bete nituen. Kabila elkartekoek sorpresa bat egin nahi zidaten Asteartitan, nik ez nekien ezer. Eskultura txiki bat egin zidaten, nire figurarekin, baso bat buru gainean dudala. Askotan egiten nuen, festa giroan, basoa buru gainean jartzearena. Patxi Arratibelek entregatu behar zidan oparia eta egun horretan bertan hil zuten. Begira nola diren kontuak. Maitea nuen Arratibel, oraindik jasota ditut nire bulegoan egun horretan soinean zeramatzan txilibitua, batuta eta txanoa. Ertzain etxera joan nintzen elementu horiek eskatzera, eta sentimenduagatik dauzkat gordeta, oroigarri moduan.
Inauterietan abesti kuttunik baduzu?
Guztiak gustatzen zaizkit, blokean doaz guztiak, patrimonio bat dira. XIX. mendetik errepertorio bat izatea sekulakoa da.
Inauteri garaia zer izan da zuretzat?
Musika eta sentimenduaz gain, errespetua, enpatia, bihotza eta eskuzabaltasuna dira nire ustez inauteriak izan beharko lituzkeen elementuak, gutxienez, data horietan behintzat. Alde batera utz dezagula bista ona eta elkar ezin ikusi esaeraren zentzua, hori nahi baino gehiago dago eta bestela ere. Eta guztiaren gainetik elkartasuna behar dugu, hori sentitzen dut nik eta horrela nahi nuke izatea. Bizitzan momentu onak eta txarrak izaten ditugu, eta horiek hala behar dute izan, baina egun horietan arnasa hartu behar da, eta saltoka ibiltzeko tartea hartu behar genuke, betiere errespetuz.
Aurtengo inauteriak nola biziko dituzu?
Zerbait egin beharko dugu. Momentuan ateratako ideiak izaten dira politenak, ez dut aurretik gehiegi prestatzen. Lehen, akaso, gehiago pentsatzen eta prestatzen nuen, baina orain, momentuan bertan hartzen dut edozer eta hala ateratzen naiz kalera. Esaterako, Baba kale saltzailearekin hiru aldiz gutxienez atera izango naiz mozorrotuta, eta bide batez, saltzen laguntzen nion. Aurtengorako ez daukat oraindik ezer pentsatuta, baina pentsatuta izango banu ere ez nuke esango.
Taldean edo bakarrik nahiago?
Gehienez bizpahiru laguneko taldean, horrela sentitzen naiz erosoen. Gainera, horrela, festa leku guztietara eraman dezakezu, alde batera eta bestera ibili zaitezkeelako. Estatikoak direnak, karrozak esaterako, enbarazu besterik ez dute egiten, Iñaki Goikoetxea zenaren lanek izan ezik. Talde txikian aterata festa ireki, zabaldu egiten da, elkarbanatu egiten duzu; horrela behar luke inauteriak, konpartsa txikiekin, mugimenduak, gehienez hamar laguneko taldean. Horrela egiten da festa handia.
KULTUR MUNDUAN EKINTZAILE BORROKATUA
Antxon Elosegik Tolosako Ekinbide Etxearen —TEE— sorreran parte hartu zuen duela mende erdi baino gehiago, elkartearen lehen lehendakaria izan zen, eskulturak herrian lekua izan dezaten lan handia egin du, eta zezenketetan ere bere arrastoa utzi du. Tolosako pertsonaia ezagun horietakoa da. Enpresaria izanagatik ere, kultur munduan lanean aritua da. Beti mugimenduan.
Kultura bultzatzailea izan da Antxon Elosegi: «Gaztetatik izan naiz herriaren aldeko ekimenak bultzatzekoa. Beharrezko ikusi dut gauzak egitea, ez soilik nire bizitza aurrera ateratzeko, baita herritarren alde egiteko ere. Kulturari eman diot garrantzia, zabaltzen diren baloreengatik, pertsonenganako elkartasuna eta errespetua, esaterako». Honela harro ikusten du, atzera begiratuta, Tolosako Ekinbide Etxea sortzearen prozesua: «Lagun batzuk hasi ginen mugimendua sortzen. Hortik aurrera zuhaitz baten moduan, adar asko sortzen eta hedatzen joan dira, hala nola, abesbatzak, txotxongiloak eta eskulturak. Gauza gehiago ere egiten ziren, baina, horiek dira geratu direnak, egonkortuta. Herriaren ondasun modukoa dira. Niretzat omenaldi handiena da pentsatzea mugimendu horretan baikortasunez egon naizela ni».
Bere afizioa kulturan hustu duela ere kontatu du Elosegik, bereziki Tolosari begira: «Aitarengandik tolosarra izateko sentimendua jaso nuen, eta horregatik nire herriarengatik gauzak egitea gustatu izan zait eta gustatzen zait oraindik aukera dudanetan». Hala ere, tolosarrek ez omen dute jakin eusten garai batean Tolosak zuen maila: «Duela 100 urte Tolosak indar handia zuen. Kultur mailan indarra zuen, baina, uste dut ez dugula gehiegi edan garai hartako tolosarrek egin zutenetik. Gauza asko egin ziren, industria asko zegoen, eta oso garrantzitsua zen herri moduan. Iritsi dira, noski, garai hartako sustraietatik adarrak gaur egunera, baina, ez agian, garai hartako maila berean. Zentzu batean pixka bat geratu egin da».
Tolosako Ekinbide Etxea sortzeko garaian, hain zuzen, horixe izan zuen begiz jota Antxon Elosegik: Tolosa berriro ere kulturaren mapan kokatzea. «Ikusten genuelako gure gurasoen edota aitona-amonen garaian Gipuzkoako gainerako herrien aurrean gailendu egiten zela Tolosa. Lagun talde bat elkartu eta hasi ginen ideia sortzen eta garatzen. Hasierako garai haietan «amateur» bezala aritzen zirela hartu du gogoan: «Guretik jarri behar izaten genuen askotan. Garai hartan diru laguntzak ere ez ziren izaten».
Antxon Elosegiren beste afizioak zezenketak eta eskulturak izan dira. Honela, 2018ko abenduan Aranburu jauregian Gaur eta hemengo eskultoreak erakusketaren inaugurazioan artisten eskutik omenaldia jaso zuen Antxon Elosegik Tolosan eskultura zabaldu eta ezagutarazteko egin duen lanarengatik: «Museoetara ez dira gehiegitan joaten herritarrak, beraz, artelanak kalera ateratzea, eta horiekin bizitzea pentsatu zen. Eta, nolabait, probokatzea, eztabaida edo zeresana sortzea».