Liburutegi soziala Jatorkinen egoitzan

Jon Miranda Labaien 2023ko ots. 9a, 07:59

Irakurzaletasuna bultzatzeko espazioa izango da Larramendi kaleko egoitzan zabaldu dutena, baina topagune izatea ere nahi dute, iritziak trukatu eta aurrez aurreko harremanak sustatzeko.

Jatorkin Al-Nahda elkarteak Tolosako Larramendi kaleko 9. zenbakian duen egoitzan liburutegi soziala zabaldu du urtea hastearekin batera. Irakurzaletasuna sustatu nahi dute herritarren artean, eta bereziki, etorkinen kolektiboaren barruan. Liburutegiak elkargune bat izan nahi du, Saad Malec Jatorkineko kidearen hitzetan: «Harremanak egin, eztabaidak zabaldu, ezagutzak partekatu eta elkarrengandik ikasteko gune bat da liburutegia». Astelehenetik ostegunera 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egoten da zabalik eta ostiraletan, berriz, goizez bakarrik.

Ekimena ez da hutsetik abiatu, immigrazioarekin loturiko dokumentazioa beti izan baitute eskura Jatorkin elkartean. «Unibertsitateko ikasle asko etorri zaizkigu euren gradu amaierako lan, master eta doktoretzak prestatzeko material eske. Alde horretatik erreferente izan gara azkeneko urteetan», dio Malecek. Orain ekimena zabaltzea erabaki dute, ordea: «Mantendu nahi dugu harremana profil horretako jendearekin, baina ekimena ireki nahi dugu. Jatorkinera jendea ez da bakarrik baliabide edo laguntza eske etortzen. Sustatu nahi dugu espazio bat elkarrekin hitz egin eta iritziak trukatzeko». Aurrez aurreko harremana 
gutxitu delakoan dago Malec, COVID-19aren pandemiaren ostean.

Horregatik, jatorri ezberdinetako pertsonak elkartzeko guneak sustatu eta munduko beste errealitate batzuen ezagutza zabaltzeko ekimena ere bada liburutegi soziala. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa du ekimenak eta erakundeetatik zenbait gairen inguruan gizartea sentsibilizatzeko martxan jarritako lan lerroetan hartzen du parte Jatorkinek. Eginahal horren barruan kokatzen du Malecek liburutegiaren ekimena.

Askotariko gizarte gaiak

Magrebeko eta Afrika iparraldeko etorkinekin egin du lan, nagusiki, Jatorkin elkarteak. Liburutegian herrialde horietako hainbat errealitate eta borroka ezagutzera ematen duten liburuak topatuko ditu erabiltzaileak. Migrazioa, kulturartekotasuna, hezkuntza, generoa edota erlijioari buruz hausnartzen duten lanek osatzen dute liburutegia. Gizartean eztabaidagai diren gaien inguruan ekarpena egiten saiatzen direla azpimarratu du Malecek: «Islamismoaren eta gatazka hauen inguruan dagoen ezinegonari erantzuna ematen saiatzen gara, besteak beste, jardunaldiak antolatuta. Feminismoaren inguruan ere aritu ginen duela urte batzuk. Guk Jatorkinetik feminismo unibertsal eta laikoaren aldeko apustua egiten dugu. Ildo horretan gaude». Ibone Aristegi elkarteko kideak azaldu duenez, bereziki nerabeei zuzendutako liburu feministak dauzkate eskuragarri, bai euskaraz, eta baita gaztelaniaz ere.

Gazte eta nerabeengan arreta jarri nahi dute liburutegi sozialarekin. «Arratsaldero elkartean izaten ditugu eta haiek ere gerturatu nahi ditugu liburutegira», dio Aristegik. Paperean liburuak irakurtzeko ohitura urrituta dago gazteen artean, baina hala ere, Malecek uste du aukera hori eskaini behar zaiela nerabeei ere: «Guk espazio hori zabaldu nahi dugu eta prest gaude laguntzeko eta bideratzeko. Hemen interesatzen zaien liburu hori topatuko ez balute egingo genuke bidea hori eskuratzeko. Aurrez aurreko harreman hori lehenetsi nahi dugu».

Gazteen artean interesa piztu eta historiaren ezagutzan sakontzeko ikus-entzunezko lan batzuk ere jarriko dituzte eskura liburutegian. Besteak beste, Rif-eko gerraren inguruko dokumentala kontsultatu ahal izango dute liburutegi sozialeko erabiltzaileek. Elkarteak harremana du batez ere Marokon lanean ari diren hainbat mugimendu sozialekin. «Ama bakarrek bizi duten diskriminazioa edo LGTBI kolektiboko pertsonen aurkakoa salatu eta lege horien aurka aritzen diren mugimendu sozialak dira eta guk zuzeneko harremana dugu haiekin. Euskal Herrian ere eman nahi dugu ezagutzera haien borroka».

Jatorkin elkarteko kideen helburua liburutegia pixkana osatzen joatea da. «Orain arte dauzkagun liburuak modu ezberdinetara jaso ditugu. Badira jardunaldi, hitzaldi eta bestelakoak antolatzen ditugunean sortzen diren txostenak, edo saio horietan parte hartu dutenek esker onez oparitzen dizkiguten lanak». Bereziki interesatzen zaizkien gaien inguruko liburuak ere erosten dituzte Jatorkineko kideek. Aurrera begira liburu aurkezpenak egiteko asmoa ere badute liburutegi sozialaren bueltan. «Adibidez, Pilar Cebrianen El infiel que habita en mi liburuaren aurkezpena egin genuen gure egoitzan eta oso arrakastatsua izan zen», nabarmendu du Aristegik.

Maileguan eramateko

Askotariko gaiak eman nahi dituzte ezagutzera liburutegi sozialaren bitartez eta askotariko hizkuntzetan. Euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz idatzitakoak topatu ahal izango dira bertan. «Migratzaileen seme-alabak gaur egun eskolan integratuta daude eta bertako jatorria duten umeek bezain ondo hitz egiten dute euskaraz».

Larramendi auzoan Jatorkinek duen egoitzan, zabalik dago beraz, liburutegi soziala. Aristegik aipatu du herritarrek gerturatzea besterik ez dutela bertara liburuak maileguan hartzeko: «Printzipioz, hiru hilerako eraman ahal izango dira liburuak etxera». Beste edozein liburutegitan gai sozialak jorratzen dituzten liburuak topatu daitezke, baina liburutegi honetan gai hauetan sakontzeko aukera ematen dutela nabarmendu dute elkarteko kideek. «Hemendik aurrera, erabiltzaileekin elkarlanean gure funtsa zabaldu nahi dugu. Guk liburutegia jatorri ezberdinetako pertsonen arteko topagune izateko egingo dugu lan», esan du Malecek.

EMAKUMEENTZAT EKINTZAILETZA TAILERRA

Otsailaren 15ean, autonomia ekonomikoa eta enplegua bilatzeko baliabideei buruzko tailerra egingo dute emakume magrebtarrentzat, Lehiberri zentroan 11:00etatik aurrera. Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean antolatu du saioa Jatorkin elkarteak. 

«Ekintzaren helburua da emakume magrebtarrei ikustaraztea zein garrantzitsua den beren bikotekideekiko independentzia ekonomikoa izatea. Beraz, beren bizitza-proiektuak garatu ahal izateko tresnak eskainiko dira tailer honetan, ekonomia sozial eta solidarioa sustatuz, ekintzailetza metodo gisa. Alde batetik, ekintzailetzatik sor daitezkeen estrategiak, tresnak eta proiektuak azalduko dira». Lana modu autonomoan bilatzeko tresna egokiak ere eskainiko dituzte saioan.

Tolosaldea Garatzeneko enplegu saileko Leire Otaegik, ekintzailetza saileko Jon Zubeldiak eta Jatorkin elkarteko Farah Malec interpreteak hartuko dute parte. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!