Zezen plaza eraberritzeko lanak amaituta eta prest Inauterietarako

Ataria 2023ko ots. 8a, 17:00

Zezen-plaza eraberritzen

Azken fase honetan, goiko harmaila eta sarrera nagusiko eskailerak zaharberritu dituztela esan du Tolosako Udalak. Bertan, ebakuazioaren noranzkoan zabaltzen diren metro bateko zabaleradun ateak jarri dituzte, irteera berri bat sortuz eta horrek goiko solairuko harmailetan eta palkoetan 200 erabiltzaile gehiago jasotzea ahalbidetuko du. Horrekin batera, zezen plazako instalazio elektrikoa eguneratu dute bertako hondarra berritzearekin batera.

Amaitzear dira zezen plaza eraberritzeko aurreikusitako lan guztiak, eta inauterietan itxura zabalduko ditu ateak.  2016an garatu zuen Tolosako Udalak zezen plaza zaharberritzeko proiektua, legeak erabiltzaileentzako aurreikusitako ebakuazio eta segurtasun betebeharretara egokitzeko. Eraberritzearen kostu totala ia 1.200.000 eurokoa izanik eta inauterietarako zezen plazaren beharraz jakitun, obra guztiak 5 urteko epemugan gauzatzea erdietsi zuen udalak, 4 fasetan banatuta.

Lehen eta bigarren faseetan 3 irteera berri sortu zituzten, palkoen egitura sendotu eta kanaloi guztiak aldatu. Hirugarrenean tendiduko harmailak eraberritu zituzten, legediak ezartzen dituen segurtasun eta irisgarritasun parametroetara egokituta. Horretaz gain, hormigoizko harmailen oinarria inpermeabilizatu eta euri-urak biltzeko sistema eta ur-hustubideak ezarri zituzten. Halaber, barandak egokitu eta margolanak ere gauzatu zituzten.

Orain, laugarren eta azken fasean, goiko harmaila eta sarrera nagusiko eskailerak zaharberritu dituzte. Zehazki zezen plazako lehen solairuko forjatuko egituraren erreforma integrala egin dute, palko eta harmailetako harmailak mantenduta. Goiko harmailen egitura egonkortu dute eta egindako lanen ondoren, zutabeen eta habeen arteko loturak diseinu berria izango dute, zuraren iraunkortasuna handiagoa izan dadin eta etorkizuneko mantentze-lanak errazteko. Diseinu berriak, ura pilatu daitezkeen puntuak ekiditen ditu, zuraren iraunkortasun naturala luzatuz.

Horrez gain, harmailetako eskailerak bikoizteaz gain, zezen plazara ez jausteko babesa altxatu dute eta gainerako babes guztiak 90 cm-ra igoko dituzte, babes osagarria gehituz. Bestalde, eraikineko sarrera nagusiaren albo batean dagoen eskailera eraberritu dute. Ebakuazioaren noranzkoan zabaltzen diren metro bateko zabaleradun ateak jarri dituzte, horrela irteera berri bat sortuz. Horri esker, goiko solairuko harmailetan eta palkoetan 200 erabiltzaile gehiago jaso ditzake zezen plazak. Lan horiek guztiak Iparragirre eraikuntza enpresak egin ditu eta guztira 735.753,89 euroko aurrekontua izan dute, BEZ barne. 

Instalazio elektrikoa ere berrituta
4. faseko lanez haratago, zezen plaza osoaren instalazio elektrikoa eguneratu dute eta inauteriei begira, bertako hondarra ere berritu dute. Udalak esan du inauteri ostean egingo dituztela egon litezkeen azken erremate lanak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!