Bera Berak Usabalen jokatuko du, otsailaren 18an

Ataria 2023ko otsailaren 8a

Tolosa CF-ko eskubaloi sailaren 50. urteurreneko gonbidapena onartu du talde donostiarrak. Guerreras Iberdrola ligako 15. jardunaldiko partida jokatuko du Sporting La Rioja taldearen aurka, 18:15ean.

Bera Berako abonatuek partida ikusteko aukera izango dute ohi bezala; Tolosa CF Eskubaloia taldeko abonatuek, berriz, %50eko deskontua izango dute sarreran. Helduentzat 10 euroko prezioa izango du sarrera bakoitzak; gazteentzat, aldiz, bost eurokoa.  

Ez da lehen aldia Bera Bera taldeak Donostiatik kanpo partida ofiziala jokatuko duen lehen aldia. Batez ere, Europako norgehiagokak Gipuzkoan zehar jokatu izan ditu, emakumezkoen eskubaloia lurraldean sustatzeko helburuarekin. Gainera, badaki Tolosan jokatzea zer den, izan ere, 2019ko irailaren 25ean bertan jokatu zuen EHF-ko itzulera partida. Ligako partidak ere jokatu izan ditu. 2015ean Zarautzen jokatu zuen ligako partida bat, bertako taldearen 50. urteurrenean, eta iaz Handbol Sant Quirze hartu zuen Zumaian.

Sporting La Riojak neguan bi brasildar (Kelly de Abreu Rosa albokoa eta Geandra Leancio Rodrigues atezaina) eta Silvia Ederra Bera Berako jokalari ohia fitxatu ditu. Une honetan ligako azken postuan dago hiru punturekin, baina Malagan apirilaren 21etik 23ra bitarte Malagan jokatuko den Kopako azken fasera sailkatu da, Aula Valladolid penaltietan kanporatu ondoren.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!