Iztuetari eta Agirreri galdutzat emango diote hurrengo jardunaldiko partida

Ataria 2023ko otsailaren 7a

Martxel Iztueta, aurreko larunbatean, Ibarrako Belabietako partidaren une batean.

Promozio mailako binakako txapelketaren hamabigarren jardunaldia jokatuko da asteburu honetan. Iztueta eta Agirre ez daude jokatzeko moduan, eta enpresak ezin dituenez biak ordezkatu, epaileak galdutzat eman die partida.

Agirre eta Iztueta bikoteak Salaberria eta O. Etxeberriaren aurka jokatzekoak ziren otsailaren 11n, larunbatean, Markina-Xemeinen. Iztuetak Ibarran aurreko larunbatean jokatutako partida eskuko minez bukatu zuen, eta Agirrek ere arazo fisikoak ditu. Beraz, ezin dute jokatu partida hori. Horren aurrean, Baiko Pilota enpresak epaileari azaldu dio ezin dituela bi pilotariak ordezkatu.

Epaileak, bere aldetik, 12. jardunaldiko partidak 13. jardunaldia hasi baino lehen jokatu behar direla zehaztu du, eta azken horren hasiera 2023ko otsailaren 17rako aurreikusita dagoela. Beraz, araudian zehazten den moduan, bikotea batek ez bada partida batera azaltzen, 0-22ko emaitzarekin galdutzat ematen zaio, eta erabaki hori hartu du epaileak. Erabakian bertan zehazten denez, erabakitakoaren aurka ezingo da helegiterik jarri.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!