Nondik datorkizu diseinurako zaletasun hau?
Txikitatik gustatu izan zait marraztea, puzzleak egitea eta eskolako eskulanetan buru-belarri ibiltzea. Betidanik gustatu izan zait sormenarekin zerikusia duen guztia. Diseinu grafikoa ikasten hasi nintzenean, ez nengoen ziur gradua gustatuko ote zitzaidan. Graduak nondik nora funtzionatzen zuen ulertu nuen unean, hasi nintzen liluratzen diseinu grafikoaren munduarekin.
Zer sentitzen da Inauteriak iragarriko dituen kartela zurea izatearekin?
Egia esan, oso pozik eta harro nago neure buruaz. Ez nuen uste horrenbeste lehiakidek parte hartu genuen lehiaketa batean garaile irtengo nintzenik. Inauteriak urteko jai garrantzitsuenetako bat dira, eta maila handiko jendeak aurkezten ditu lanak. Horrelako kasuetan, burutik pasa ere ez zaizu egiten lehiaketa irabazteko aukera duzunik.
Nola bururatu zitzaizun Inauterietako kartel lehiaketan parte hartzea?
Bat-bateko zerbait izan zen, egia esan. Lanera iritsi nintzen egun batean, nire nagusiak, Tolosako Inauterietako kartel lehiaketarako izena emateko epea ireki zela esan zigun. Hori jakitean, lehiaketan aurkeztea erabaki nuen bi aldiz pentsatu gabe.
Irabazterik espero al zenuen?
Benetan diotsut, ez nuen espero nire kartela Tolosako Inauteriak iragarriko dituen kartel hautatua izatea. Lehen aipatu dudan moduan, maila handiko 51 lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta udaletik deitu zidatenean, ez nuen sinesten, ezusteko atsegina izan zen benetan.
Zer transmititu nahi izan duzu Inauterietako zure kartelarekin?
Obra abstraktua da, kartelean bizitza eta mugimendu gehiago izatea lortzen duten hainbat irudirekin batera islatu nahi izan dudana, sormen, dibertsio eta alaitasun eztanda bat izan da. Hori baita niretzat Inauteriek irudikatzen dutena.
«Sormen, dibertsio eta alaitasun eztanda bat izan da. Hori baita niretzat Inauteriek irudikatzen dutena»
Kontuan eduki behar da 1969 urtetik, aurten arte, 2021ean zendu zen Tomas Hernandez artistaren eskutan egon dela Inauterietako kartelen diseinua egitea. Zer suposatzen du zuretzat Tolosan hain ezaguna izan den artistaren erreleboa izateak?
Ez dut uste Tomas Hernandez artistaren erreleboa naizenik, Tolosako Inauterietako kartelen historian aro berri baten hasiera dela uste dut. Etapa berri hau irekitzen duen lehena izatea, harro egoteko modukoa da.
«Etapa berri hau irekitzen duen lehena izatea, harro egoteko modukoa da»
Bitxikeria bezala, horrelako lehiaketa batean lehendabiziko aldiz 2022. urteko Ordiziako Santa Ana jaietan parte hartu zenuen, eta irabaztea lortu ere bai. Kontatuko al zeniguke nola izan zen dena?
Ordiziako jaietako kartela prestatzen oso ondo pasatu nuen. Izan ere, niretzat, hori denbora-pasa moduko bat izan zen eta egunean zehar deskonektatzeko aprobetxatzen nuen. Buztin polimerikoa erabili nuen hainbat irudi sortzeko. Gero irudien argazki saio bat egin nuen eta azkenik, kartela sortzeko edizioa egin nuen. Behin lana entregatu ostean, handik egun gutxira lehiaketa irabazi nuela jakinarazteko deitu zidaten. Ezusteko atsegina izan zen. Ilusio handia egin zidan, lehiaketa batean parte hartzen nuen lehenengo aldia baitzen, eta 1994tik zeramatzatelako lehiaketa bat ireki gabe.
Santa Ana jaietako kartela egiten astebete inguru igaro omen zenuen, Inauterietako kartela egiteak zenbaterainoko lana izan da zuretzat?
Santa Ana jaietako kartela egiteari denbora gehiago eskaini nion, lehen esan dudan bezala, irudi bakoitza eskuz egina zegoen, eta sei irudi zeudenez denbora dezente eman zidan lana amaitzeak. Tolosako kartela guztiz digitala izan zen, hau da, ordenagailuarekin egin nuen. Horrek, lana asko erraztu zidan eta jada ideia buruan neukanez, ordenagailuan islatzea besterik ez nuen behar. Kartela bi egunetan amaitu nuen.
Aipatu berri ditugun bi kartel lehiaketez gain, besterik irabazi duzu?
Bai, orain arte hiru lehiaketetan parte hartu dut. Aipatu ditugun Ordiziakoan eta Tolosakoan izena emateaz gain, Galiziako Arzuan egiten den gazta azokako kartel lehiaketan parte hartu nuen. Azken honetan, herritarren botoaren saria irabazi dut.
Etorkizunera begira, lehiaketa gehiagotan parte hartzeko asmorik ba al daukazu?
Bai. Lehiaketa gehiagotara aurkezten jarraituko dut, niretzat berria izan den esperientzia hau, asko gustatu baitzait.