ERREPORTAJEA

Sukalde txaranga mende erdia ospatzen

Jon Miranda Labaien 2023ko ots. 13a, 07:59

Sukalde txarangako kideak 2022ko inauterietan, Zaldunitan. I.G.L.

Sukalde elkarteak 50 urte beteko ditu aurten; izen bereko txarangak urtemuga ospatuko du inauterietan, elkartearentzat Koldo Tarragona zuzendariak sortu duen habanera estreinatuz, Ostegun Gizenean.

Ekaineko lehenengo asteburuan ospatuko du Tolosako Agintari kalean dagoen Sukalde elkarte gastronomikoak bere 50. urteurrena. Elkarteko txarangak aurtengo inauterietan, ordea, 51. aldia izango du. Txarangaren gaur egungo zuzendari Koldo Tarragona Monblonak (Tolosa, 1965) esan du ustekabean jakin zutela datua elkartearen urtemugako ekitaldiak prestatzen ari zirela: «Elkarteko bazkide zaharrenek kontatu ziguten oraindik ere elkartea eraikitzeko zegoela, 1973ko inauterietan atera zirela bazkide batzuk lehenengo aldiz kalera instrumentuekin. Oso txaranga txikia izan zen, baina aurrera begira izango zenaren lehenengo oinarria jarri zuten». Ordutik bide luzea egin du txarangak eta indartsu dago. Ostegun Gizenean, Zaldunitan eta Asteartitan aterako dira euren doinuekin Tolosako kaleak alaitzera.

Inauteriak dira urtero elkarteko kideek duten hitzordu garrantzitsuena sanjoanekin batera. Jabi Luengo Errazkin (Tolosa, 1971) bazkideak azaldu duenez, Sukaldek ateratzen duen eskopetari konpainia da Tolosako Alardean ateratzen den zaharrena, Batasuna elkartekoarekin batera. «Konpainia oso txikia gara besteekin alderatuta, baina guretzako tamaina polita da. Normalean goizez bakarrik ateratzen gara, baina aurten elkartearen urtemuga ospatzen dugunez, goiz eta arratsaldez desfilatuko dugu», esan du Luengok. Aurrerago emango dituzte ezagutzera 50. urtemuga ospatzeko Sukalden antolatuko dituzten ekitaldiak.

Inauterizale eta musikazaletzat du bere burua Luengok eta horregatik eman zuen elkarteko txarangan parte hartzeko pausoa: «Aurrena eskopetari konpainian eta gero txarangan. Lagunartean hain gustura nenbilenez elkartean bazkide gisa izena ematea erabaki nuen». Gaur egun, parte hartzen duten lagunen artean dagoen aniztasuna eta giro ona da Luengorentzat txarangak duen balio nagusia. «Nire alabak bederatzi urte ditu eta iaz atera zen lehenengo aldiz. Irrikatan dago aurten ere Sukalden ateratzeko. Uste dut elkar elikatzen diren gauzak direla musikazale eta inauterizale izatea. Gurpil ero bat bezala da». Baieztatu egin du irudipena Tarragonak: «Nire bikotea ere txindatekin hasi zen eta lauzpabost urte daramatza saxofoiarekin. Hilabeteak ematen ditu ikasten gero txarangan ateratzeko. Uste dut asmatzen dugula nahasketa horretan, musikari profesionalekin batera, txaranga batean atera nahi duten tolosar xumeak batzen dira gurera».

40 kide inguruk osatzen dute gaur egun Sukalde, eta zuzendari gisa, Tarragona arduratzen da txarangan aterako diren musikariekin harremana egiten. «Txaranga ofizialentzat, musikari profesionalen gutxieneko kopuru bat zehazten du udalak. Gu kopuru horretatik gora ibiltzen gara. Hogei bat musikari izaten dira etortzen zaizkigunak eta horrek bermea ematen digu». Musikari entzutetsuak ere atera izan dira Sukalderekin urte guzti hauetan. Tarteka Luis Mari Moreno Pirata ezaguna ere gerturatu izan zaie saxofoiarekin txarangan parte hartzera, gehienetan, Asteartita egunez. «Tolosako Inauterietan Sukalde erreferentziatzat dute hemendik kanpoko musikari askok»; Eduardo Mokoroa musika eskolako irakaslea da Tarragona eta azkeneko urteetan harrobia lantzen ahalegin berezia egin du. «Txaranga itxurosoa osatzen dugula esango nuke. Beste zenbait lekutatik gastuak murriztu eta diru hori musikari profesionalak edo beste txarangetan aritzen direnak ekartzeko erabiltzen dugu. Esate baterako, bazkaria beste nonbaitetik ekarri beharrean, guk prestatzen dugu, elkarteko kide eta ingurukoen artean», dio Tarragonak.


Pedro Gorostegi izan zen txarangako lehen zuzendaria. ATARIA


Musikaren mailari eustea gustatzen zaio txarangaren zuzendariari eta horretarako zailtasun handirik ez dutela dio, parte hartzen duten musikari gehienek ederki ezagutzen dutelako inauterietako errepertorioa. Ez dute entsegurik egiten inauterien aurretik. «Dena ondo ateratzen da. Uste dut metal asko dituen txaranga dela gurea. Perkusioa ere garrantzitsua da, horrek markatzen du atzetik datozenen erritmoa». Pedro Gorostegi (1973-1975), Enrike Ugarte (1976-1978), Douglas Moneo (1979-1985) eta Carlos Muñoak (1986-2011) osatutako zuzendarien zerrendari segida ematen dio Tarragonak 2012tik eta dagoeneko 12 urte daramatza zeregin horretan. Txarangako zuzendari «klasikoa» dela dio. «Gustatzen zait aniztasuna. Ikusten ditut beste batzuk txaranga zuzentzen beste modura, dantza eta salto egiten. Horiek ere beharrezkoak dira baina ni bestela ibiltzen naiz, erritmoa markatzera mugatu eta ez naiz asko mugitzen». Ibilbideak zehaztearekin batera, zer pieza non jo zehaztu behar izaten du zuzendariak. Ardura dezenteko lana da, Luengoren ustez.

Habanera berria elkartearentzat

Errepertorio zabala dute Tolosako Inauteriek eta pieza klasiko horiek jotzen ditu Sukalde txarangak. Elkarteak badu bere inauteri doinua aspalditik. Juan Colmenerok konposatu zuen eta Estanislao Urruzola Uxola-k jarri zizkion hitzak. Bada Tarragonak kontatu duen beste bitxikeria bat ere: «Ostegun Gizenean afalostean hainbat pieza jotzen ditugu txarangako kideek kalera atera aurretik. Horietako bat Troika pieza famatua da. Gerora Karlos Linazasorok egin zizkion kantu horri hitzak, baina elkartean beti Uxolak egin zizkigun hitzekin kantatzen dugu». Sukaldekoak geralako / Maitea sukaldea / Txit maitea degu / Gure anaitasuna / bertan da berotu / Hargatik gabiltza / guztiok beti umoretsu / Maite degu jana eta edana / baina bai eta gure inauteri / hargatik agur Sukaldeko mutila / Tolosara etorritako kanpotarrei.

Hori izaten da txarangako kideek duten une kuttunetako bat Luengoren esanetan. «Niretzat Ostegun Gizeneko afari hori oso berezia da, orduan hasten baita guztia. Afalostean elkartean bertan pieza batzuk jo ondoren Ero Etxe eta Gure Txokoa elkarteetara joaten gara bisitan». Tarragonak oso modu hunkigarrian bizi ditu inauterietako momentu asko. Horietako bat ibilbide ofiziala egitera ateratzen ez diren egunetan elkartetik ateratzen diren unea da: «Nire aita zenak inauterietan asko jotzen den Itun Txulo pieza sortu zuen. Nire aurreko zuzendari Carlos Muñoak ohitura hori jarri zuen. Elkartetik ateratzen garen unean kantu hori jotzen dugu. Nire ama Agintari kalean bertan bizi da eta beti hunkitzen naiz aitak egin zuen pieza hori joz bere balkoi azpitik pasatzen garenean».


Carlos Muñoak zuzendu zuen Sukalde txaranga 1986tik 2011ra. ATARIA


Aita zenak bezala Tarragonak ere sortu du pieza bat inauterietarako. Sukalde elkartearen 50. urteurrenari eskainitako habanera da eta Ostegun Gizeneko afarian joko du txarangak lehen aldiz: «Garbi nuen tonu minorrean izan behar zuela habaneraren lehen zatiak, malenkonia iradokitzeko. Bigarren partean berriz, tonu maiorrak erabili ditut alaitasun gehiago transmititzeko». Gustura dago emaitzarekin. Gainera Yurre Peñagarikanok jarri dizkio hitzak piezari, beraz, elkarteko kideek habanera hau kantatzeko aukera izango dute aurtengo inauterietan.

Zain-zain daude elkarteko kideak aurtengo inauteriak hasteko. Ostegun Gizeneko afalosteko irteeraz gainera Zaldunita egunean aterako dira. Dianaren ondotik elkartean bildu eta ibilbide bat egingo dute Tolosako kaleetan zehar. Hamaiketakoaren ondoren beste itzulitxo bat eman eta elkartean bazkalduko dute ondoren. Handik zezenetara joango dira eta beherako bidean Berdura plazako dantzaldian parte hartuko dute. Asteartitan, berriz, Pattar zezenera abiatuko dira goizean goiz eta hamaiketakoaren ondoren Euskal Herria plazan bilduko dira, Txapelaundi, San Esteban eta Ortzadar txarangekin batera azkeneko urteetan egiten duten bilkuran parte hartzeko. Bazkalostean egingo dute azkeneko itzulia inauterien barruan.

 

Jabi Luengo: «Ikaragarrizko plazera da musika egitea eta jendea nola alaitzen dugun ikustea»

Koldo Tarragona: «Lana dakar txaranga bat zuzentzeak baina oso gustura egiten dudan lana da»


Modu asko daude inauteriak bizitzeko baina Luengok gustuko du txaranga barrutik bizitzea: «Taldea gara, ondo moldatzen gara elkarrekin eta barre asko egiten dugu. Oso gauza polita da musika egitea eta ikaragarrizko plazera da jendea nola alaitzen dugun ikustea. Nik horrelaxe bizi nahi ditut inauteriak denbora luzean». Tarragonak ere musikarekin lotuta bizi ditu inauteriak eta aurten ere asmo horri eutsiko dio. «Lana dakar txaranga bat zuzentzeak, guztia behar bezala lotzeak, baina oso gustura egiten dudan lana da. Osasuna dugun bitartean jarraituko dugu langintza honetan».

Aurten betiko moduan, baina 50. urtemugak akuilatuta ospatuko du Sukalde txarangak 2023ko inauteria. Ekainean egingo dituzten elkartearen ospakizunen aurrekaria izango da, beste hainbeste urte betetzeko indarra biltzeko aitzakia.

 

ABESTIA

Sukaldeko lagunak Alarde ta Inauteri
elkartzen gera gu beti umore onez
Sukaldeko lagunak pozik gaude beti
umore ona eta musika zuei eskaintzeko.


Iñauterietan eta San Juanetan irtetzen gera gu
elkartea ezagutarazteko
Iñauterietan eta San Juanetan
Tolosako kale eta txokoetan herria alaitzeko.



Musika: Koldo Tarragona Monblona.
Hitzak: Yurre Peñagarikano Zubeldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!