Hasi dira Usabal eremuko hirugarren faseko lanak

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 6a, 12:37

Kirola egiteko eremu berriak sortzeaz gain, naturan integratutako parkea eta ibaiaren albotik igaroko den pasealeku berria sortuko ditu udalak, ibaiaren presentzia eremuan indartzeko. Gaurtik aurrera, eremuko bidegorria itxita egongo da, lanak direla eta.

Dagoeneko hasi dira Usabal eremuaren hirugarren faseko lanak. Legealdi Planean jasotako «proiektu estrategikoetako bat» da udal gobernuarentzat. «Eremua atseginagoa egiteko bertako kirol instalazioak berritu eta horien erabilera optimizatu eta indartzea da lanen helburua», esan dute.

Olatz Peon Tolosako alkateak adierazi du Usabal «potentzial handiko eremua» dela, «aukera handiak ematen dituena». Hori dela eta, proiektua egiteko garaian aukera desberdinak aztertu eta landu dituztela esan du. «Beste herrietako kirol eremuak ere aztertu dira, eta proiektua kirol eragileekin eta erabiltzaileekin elkarlanean garatu da», gaineratu du.

Nerco Infraestructuras SL enpresak eramango ditu aurrera obrak eta 6 hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute. Guztira 1.008.425 euroko aurrekontua (BEZ barne) izango dute lanek.

Berdegunez inguratutako kirol parkea

Eremu berriak  14.300 metro karratu izango ditu. Tirolina tokiz aldatuko da eta albo batean kokatuko dute. Skate park-ari dagokionez, egungo instalazioa handitu egingo dute. Instalazio horrek skateboard maila altuagoko diseinu baterako bidea ematea da helburua. Horretarako, lehendik dagoen instalaziotik abiatuta zenbait elementu berri diseinatuko dituzte inguruan.

Pumptrack-eko pista eraikitzeko, halaber, alboko hiru trazatu edo pista sortuko dituzte bakoitza zailtasun-maila desberdinekoa, mota guztietako erabiltzaileei parte hartzeko aukera emateko: hasiberriak, haurrak, zailtasun ertaina eta zailtasun handia.

Trial modalitaterako eremua ere berrantolatu egingo dute eta amaitzeko, egoteko berdegunea ere egokituko dute, hiri altzariak jarriko dituzte eta babes elementuak ere jarriko dituzte parke osoan zehar herritarren segurtasuna bermatzeko.

Horrez gain, Tolosa eta Alegia arteko biderako trazatu berria egingo dute eta beraz, bidearen konfigurazioa aldatu egingo denez, oinezkoen eta bizikleten arteko bizikidetza ahalbideratzeko bide berria egingo dute, 3,6 metroko zabalera izango duena eta pasabide berria ibaira hurbilduko dute, kirol-pistetarako tokia uzteko. «Beraz, erabilera anitzeko eta erabilera guztiak integratzeko obra da, natura ikuspegia txertatuta duena eta herritarrei aukera berriak eskainiko dizkiena», adierazi dute.

Iraunkortasuna bermatzeko materialak

Parke osoari uniformetasuna emateko material bera erabiliko dute eta kirol eremu guztietan hormigoia erabiliko dute iraunkortasuna bermatzeko. Paisaiari dagokionez, ibai-parkearen lerroari jarraipena eman nahi diote eta kirol pista guztiak zuhaitzez inguratuta geldituko dira. Batez ere, espezie iraunkorrak jarriko dituzte, haien hosto eta fruituak ez daitezen kirol-pistetara erori. «Hortaz, iraunkortasunari eta mantentze-maila txikiari lehentasuna eman zaie eraikuntzarako materialak eta landaredia aukeratzeko orduan».

Bidegorria itxita, obrak direla eta

Lanak hasita daude eta ondorioz, gaurtik aurrera, eremuko bidegorria itxita egongo da. Hala eta guztiz ere, oinezkoentzako ibilbide alternatiboa egokitu dute lanak irauten duten bitartean bertako mugikortasuna bermatzeko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!