Tolosako Udal Musika Banda prest, inauterietarako

Ataria 2023ko ots. 4a, 13:18

Berrikuntza gisa, aurten 40. urteurrena betetzen ari den Hodeiertz abesbatzak parte hartuko du hilaren 12ko Pregoi kontzertuan.

Tolosako Udal Musika Bandak ere inauterietarako prestaketa lanekin dihardu. Bihar bertan hasita, zenbait ekitaldi izango dituzte datozen asteburuetan.

Bihar, igandea, Iurreamendi egoitzaren kanpoaldean egingo dute kontzertua, Tolosako Udal Txistulari Bandarekin batera. Urteroko zita izaten da zaharren egoitzakoa; azken urteetan, pandemiaren ondorioz, ezin izan dute bertan kontzerturik egin, baina aurten bertaratuko dira. Hori bai, egoitzaren kanpoaldean izango da kontzertua, barruan egitea oraindik ezinezkoa delako.

Datorren igandean, hilak 12, Pregoi kontzertua egingo dute Berdura plazan, 12:00etan hasita. Bertan ere Udal Txistulari Bandarekin batera izango dira. Baina ez dira protagonista bakarrak izango. Aurten 40 urte betetzen dituen Hodeiertz abesbatzak ere parte hartuko du, inauterietako kantuak abestuz.

Kontzertu hori azkena izango da bandako kide den Mila Garcia de Iturrosperentzat. 47 urte bete ditu bandan, eta emanaldiaren amaieran omenaldia egingo diote.

Azkenik, inauteri egunetan, ohiko emanaldiak izango ditu bandak: helduen danborrada Zaldunita Bezperan, eta Zaldunita eguneko Diana.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!