Elkartasuna, sagardotan

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 3a, 22:04

Casino Elkarteak antolatuta, V. Txotx Solidarioa egin dute Zerkausian, Asdent GKE-ari laguntzeko helburuarekin. Puntako hiru txirrindulari gonbidatu dituzte aurten eta guztira 5.610 euro bildu dituzte.

Tolosako Casino Elkartea txotx irekieren festara batu da. Azken bi urteetako etenaren ondoren, gaur, V. Txotx Solidarioa egin dute Zerkausian. Urtero bezala, elkartasun helburua izan du festa honek. Aurreko edizioetan ekonomikoki lagundu dituzte Zaporeak, Etiopia Utopia, Ibarrako Misio Taldea eta Kellesensa Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Aurten, Asdent GKE-rentzat izan da bildutako dirua: 5.610 euro.

2011n sortutako irabazi-asmorik gabeko elkartea da Asdent GKE. Nacho izeneko haur baten diagnostikotik abiatuta eratu zuten. Gaixotasunak sendabiderik ez zuela ikusita, gurasoek, Eva Gimenezek eta David Muñozek, gaixotasunaren ikerketarako dirua biltzeari ekin zioten. Gimenez eta Muñoz bertan izan dira. «Lehenik eta behin, antolatzaileak eskertu nahi ditut, horrelako ekitaldi bat gauzatzea posible egiteagatik. Horrelakoak gehiago egingo balira, mundua desberdina izango litzake», esan du Gimenezek. «Nachoren bizitza ez dago diruaren esku», gaineratu du.

Gimenezek aitortu du duela urte batzuk hasi zela txirrindularitza gertuagotik ezagutzen, eta bizikletari esker bizitzako oztopo ugari gainditzea lortu duela, esaterako, Asdent gaixotasunak ezarritakoak. «Gaur hemen egotea zoragarria da eta oso harro nago», esan du.

Urtero kirolari ezagunak gonbidatu izan dituzte ekitaldi honetara: 2017an, Juan Martinez de Irujo pilotaria; 2018an, Julen Lopetegi futbolari ohi eta entrenatzaile asteasuarra; 2019an, 80ko hamarkadako Realeko jokalariak; eta 2020an, Nerea Eizagirre futbolaria eta Irene Caminos trial txirrindularia.

Aurten, puntako hiru txirrindulari ekarri dituzte: Abraham Olano anoetarra, Migel Indurain eta Frantziako Tourrean parte hartu zuen eskualdeko lehen txirrindularia, Modesto Urrutibeazkoa ibartarra. «Ekitaldi berezia da eta guztion helburua berdina da. Laguntzeko asmoz gatoz eta gonbidapena jaso genuenetik prest geunden», esan du Olanok. Urrutibeazkoak nabarmendu du Tolosa «txirrindularitzarako zaletasun handia» duen herria dela, eta gaurko ekitaldia «oso garrantzitsua» dela. «Oso polita da aspaldiko lagunekin berriz elkartzea, are gehiago, bilkurak elkartasun helburu bat badu», gaineratu du Indurainek.

Afarirako sagardotegiko menu klasikoa izan da, eta zuzeneko musikarekin girotu dute gaua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!