Joxe Mari Villanueva izango da Tolosako PSE-EEren alkategaia udal hauteskundeetan

Ataria 2023ko ots. 3a, 21:00

Duela lau urteko «ilusio, gogo eta emozio berberekin» aurkeztu du bere hautagaitza Joxe Mari Villanueva alkategai sozialistak.  

Lau urtetan zinegotzi modura lortutako esperientziari esker, «prestatuago» sentitzen dela adierazi du Joxe Mari Villanuevak, «gogo indarberrituekin» aurkeztu da berriro ere, «tolosar guztien zerbitzura egoteko».

Alderdiak gaur eguerdian egin du aurkezpen ekitaldia, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi eta ahaldun nagusigaiarekin batera. Villanuevak aitortu du udal kudeaketa ez dela erraza: «Udal kudeaketa oso konplexua eta motela da, dedikazio eta prestutasun handia eskatzen du». Hala ere, «lan ona» egiten jarrai dezakeela uste du, «entzute aktiboa, enpatia eta asertibitatea, lana eta umiltasuna» aplikatuta.

Tolosar guztientzat «erreferente demokratikoa» izateko helburuarekin aurkeztu da sozialista tolosarra. «Erreferente izatea nahi dut herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko borrokan, bereziki behartsuenen eskubideekin; erreferente zerbitzu publikoen defentsan, horien pribatizazioaren aurrean; erreferente Tolosa progresista, ezkertiar, parekide, feminista, plural, euskaltzale eta eleaniztunaren defentsan».

Era berean, gogorarazi du sozialistek Tolosako eta Tolosaldeko osasun egoera salatu dutela, eta Osakidetzari berriro eskatu dio «behar diren neurriak» har ditzala, Tolosaldeko osasun laguntza Gipuzkoako gainerako eskualdeetako kalitate, zerbitzu eta baliabide berdinetan emango dela bermatzeko. Horregatik, berriro exijitu du Tolosaldeko ospitalearen plan funtzionala eta kronograma aurkezteko eta kronograma horretan ospitalea eraikitzeko borondatea zehaztu dadila.

Lau urtez lanean

PSE-EEk EAJrekin duen koalizio gobernuan hartu du parte Villanuevak eta kirol arloa kudeatzeaz arduratu da azken lau urteetan. Esan du Tolosak behar zuen «egonkortasuna» ekarri dutela sozialistek, eta proiektu «garrantzitsuak» atera dituztela aurrera eta laster gauzatuko direla besteak, hala nola, Usabalgo belar artifizialezko zelaiak berritzea eta Usabalgo hirugarren fasea amaitzea; pump-track zirkuitua, ibai ondoko pasealeku berri bat eta aisialdirako gune bat; Uzturpe pilotalekuko estalkia berritu eta Zumarditxikiko proiektua gauzatuko dela esan du.

Jose Ignacio Asensiok esan du Villanuevaren lankidetza «leiala» funtsezkoa izan dela azken legegintzaldian. «Giltza izan da proiektu garrantzitsuak bultzatzeko, argi baitu sozialisten helburua herritarrei bizitza hobetzea dela».

Sozialistek, Vilanuevaren gidaritzapean, Tolosarako proiektu bat dutela azaldu du Asensiok: «Villanuevaren hautagaitza proiektu zehatz batek bermatzen du, Tolosarekin konpromisoa duen proiektu ezkertiar batek, eta proiektu horretan bere burua islatuta ikusiko du ildo progresistan pentsatzen eta jarduten duen herri honen gehiengoak. Joxe Marirekin, Tolosako Udalerako proiektu bat daukagu, jendearen bizitza hobetuko duen proiektua».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!