Eztarrien babeserako

Naiara Roldan de Aranguiz 2023ko otsailaren 3a

San Blas Eguna aitzakia hartu eta Tolosako San Blas ermita inguruak ikasle eta erretirodunez bete dira. Erroskillak, leporako lokarriak, eta pintxoak ez dira falta izan San Blas festetako lehen egunean.

Merkurioa zero gradutik pasa ezinda eta behe-lainoa lagun, San Blas ermitako inguruak festa-gune bihurtu dira San Blas egunez. 

Tolosa eta Ibarrako ikasleek irteera antolatu dute eta oinez iritsi dira San Blas ermitaraino, tartean Uzturpe ikastolakoak eta Herrikide ikastetxekoak. Batzuk, ermitara sartu eta San Blas figuraren inguruan azalpenak jaso dituzte. Txupinazoa entzun aurretik, karpa barruan eseri eta ohiturazkoak diren San Blas erroskillak hamaiketako gisa hartu dituzte. 

Ohituretan murgildurik

Ikasleez gain, tolosar bizilagunak ere gerturatu dira San Blasera. Erroskillak eta kordoiak erosi eta ermita barruan produktu hauen bedeinkapena jaso dute gerora. Izan ere, San Blas III. mendeko kristau martiria izan zen, gotzaina eta medikua. Haur baten eztarriko gaitza mirariz sendatu omen zuela eta, eztarrien zaindaritzat hartzen da kristau tradizioan.

Elizatik kanpora, jana eta edana ez dira falta izan Emendek elkartearen eskutik. Txupinazoak eztanda egin du 10:30ean, eta asteburu guztian zehar izango diren ekitaldien zerrenda beraz, abian jarri du.

 

EGITARAUA
  • Otsailak 3, ostirala
    • 10:30. Txupinazoa.
    • 11:00. Meza nagusia eta hildako bazkideen alde bertako produktuen bedeinkapena.
    • 12:30. Toka lehiaketa auzokoentzat eta elkartekoentzat.
    • 18:00-21:30. Trikitixa Elustondo anaia-arrebekin. 
  • Otsailak 4, larunbata
    • 12:30. Ume jolasak.
    • 18:00-21:30. Disko festa.
  • Otsailak 5, igandea
    • 09:00. Txistulariak, Tolosako Udalak eskainia.
    • 09:30. Diana Konponezinak txarangarekin.
    • 12:30. Aizkolariak Ugaitz Mugertza eta Jexux Mari Mujika.
    • 12:45. Trikitixa Elustondo anaia-arrebak.
    • 13:00. Bertsolariak. Anjel Mari Peñagarikano eta Oihana Iguaran.
    • 18:00. Bertsolariak. Bigarren saioa.
    • 18:30-21:00. Trikitixa Elustondo anaia-arrebekin.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!