Badatoz Tolosako inauteriak. Aurten normaltasun osoz ospatu ahal izango dituzte herritarrek. Gogotsu daude, prestaketa lanetan murgilduta. Gaur, zenbait eragileekin batera antolatutako egitaraua aurkeztu du Tolosako Udalak. Bi berrikuntza nagusi izango dira. Batetik, eta txosnaren lekualdaketa dela eta, sokamuturra ez da Plaza Berrian egingo, Plaza Zaharrean baizik. Gainera, Asteartita eguneko txarangen bilkura, Plaza Berrian egin izan dena, Euskal Herria Plazan izango da.
Bestetik, lehen aldiz, Sexu-Bizi Gune Morea espazioa jarriko dute inauteri egunetan. «Eraso matxisten aurkako babeserako, informaziorako eta aholkularitzarako gunea izango da, esku-hartzeak, harreman eta sexualitate osasuntsuak bultzatzea helburu, prebentzio osotasunean landu eta jai inguruetara hurbilduz», esan dute. Otsailaren 19an (Zaldunita) eta 20an (Astelenita) 00:00etatik 03:00etara egongo da zabalik, San Frantzisko eliza ondoan.
Joka Sano! #LIBRENonahi kanpainaren barruan «Eraso matxistarik gabeko jaien alde» dioten kalkomaniak eta pegatinak jarriko dituzte eskuragarri eraikin publikoetan, eta saltoki, taberna edota kaleko panelen bidez ere zabalduko dute kanpainari buruzko informazioa. Horrez gain, Udaltzaingoaren telefono zenbakia zabalduko dute, erasoen aurrean herritarrek modu aktiboan erantzun dezaten. «Tabernariei alkateak sinatutako gutun bat bidaliko diegu, eraso matxista bat gertatzen denean jarraitu beharreko gomendioekin». Zaintza lanetarako errefortzua ere egongo da, eta Ertzaintza eta Udaltzaingoaren artean modu koordinatuan aritzeko protokoloa zehaztu dutela gaineratu dute.
Karrozak eta konpartsak
Olatz Peon Tolosako alkateak esan du karroza eta konpartsen ibilbide eta antolaketan ere berrikuntzak egongo direla aurten. 19 karroza eta konpartsek eman dute izena; 15 karroza txiki ere aterako dira. San Frantzisko kalean 12 karroza egongo dira, 2 Trianguloa plaza parean eta gainerakoak Rondilla kalean. San Frantzisko kalean sistema elektrikoa jarriko dute eta hortik hartu ahal izango dute karroza zein konpartsek argindarra, ez dute beraz, sorgailurik izango. Karroza txikiak, berriz, Foru Kalean eta Nafarroa etorbidean egongo dira, eta sorgailuak erabili beharko dituzte. Argindarrarena lehen aldiz egingo dute, eta beraz, «froga modura» balioko duela esan du alkateak.
Zarataren gaiari heltzeko asmoz, eta 2020an abiarazitako lanketari jarraituz, zarataren neurketak egingo dira inauteri egunetan eta zaintza lanetarako talde bat osatuko da, une oro, karroza eta konpartsa guztiekin harremanetan egongo dena, neurriak eta musika mugak errespetatzen direla ziurtatzeko. Ordutegia eta arautegia landu eta adostu dutela ere esan du Peonek, «soinu mugak errespetatzeko konpromiso osoarekin». Musika beranduenez 01:30ean itzali beharko da. Karroza txikien kasuan, musika 23:00etarako itzali beharko dute. «Iaz eraikitako elkarlanerako zubiei esker, gazteekin, zein karroza eta konpartsetako kideekin lanketa berezia egin da aurten, orekak bilatu eta elkarbizitza bermatzeko, eta elkarrekin adostu ditugu neurriak, antolaketa eta arauak; baita ere parte hartzeko baldintzak, guztiek, baita karroza txikienek ere ekarpena egin beharko diotelako jaiari ikuskizun edota dantza bidez», esan du alkateak.
Haurrak eta gazteak
Izarne Iglesias Kultura zinegotziak eman ditu egitarauaren nondik-norakoak. Urtero bezala inauterien aurreko larunbatean, otsailaren 11n, izango dira Kaldereroak eta Kabi Alai Kuttunak botako du txupina Ostegun Gizenean. Danborradetako partaide kopuruak ere zehaztu ditu: Ostiral Meheko danborradan 60 lagunek parte hartuko dute, Zaldunita bezperakoan 100 lagunek, eta haur danborradarako 400 partaide daude izena emanda. «Ohikoa den egitarauaz gain, Txutxu Trena egongo da Zaldunita bezpera goizean», gaineratu du.
Astelenitan, aisialdi taldeen egunean, 5 aisialdi talde eta ia 1.400 haur eta gazte aterako direla esan du Iglesiasek. Astelenitako programazioari dagokionez, bereziki gazteei zuzenduta egongo dela esan du zinegotziak. 14:30ean Pottotte elektrotxaranga Oria kaletik aterako da Alondegia plazarainoko bidea egiteko. Plaza horretan Gazteako gunea egongo da eta 16:00etatik 19:00etara Ayvee eta DJ Oihan Vega ariko dira musika jartzen.
Zezen plazako sarrera-irteerak musikarik gabe egingo dira ere, iaz bezala, eta txarangak eta herritarrak zalditegitik sartuko dira. Datozen egunetan emango dute zezen plazako sarreren eta edukieraren inguruko informazioa.
Azkenik, aipamen berezia egin diote Sukalde elkarteari eta bere txarangari, 50. urteurrena betetzen baitute. Efemeridea ospatzeko, elkartearen izena daraman habanera estreinatuko du txarangak Ostegun Gizenean. Koldo Tarragona elkarteko kideak egin du. Horrez gain, Tolosako Udal Musika Bandak inauteri kontzertuan elkartearen ereserkia interpretatuko du.
Prebentzioan arreta
Adin txikikoen alkohol kontsumoari, garbitasunari eta zaratari lotuta esan dute, datozen egunetan prebentzio bideoak zabalduko dituela udalak eta alkoholaren kontsumo arduratsua sustatzeko esku-hartze saioak egingo dituztela inauteri egunetan. Tolosako ikastetxeekin Mimo alkohol egitasmoa egin dute, antzerkiaren bidez, drogen eta alkoholaren gaiak lantzeko. Emanaldiak egin dituzte ikastetxeetan eta horiei lotuta material didaktikoa banatu zaie ikasleei. Gazte lokaletan alkoholaren eta sustantzien kontsumoari buruzko prebentzioa eta indarkeria matxista landu dutela gehitu dute.
Garbiketari lotuta gogoratu dute kaleak garbi mantentzeko herritarren laguntza eta elkarlana ezinbestekoak direla. «2020ko inauterietan baino 3 tona zabor gehiago bildu ziren iaz, eta 768.400 litro ur erabili ziren kaleak garbitzeko; herria garbi mantentzea guztion lana eta ardura da, zabor gutxiago sortzea ere bai», esan du Peonek. Gogoratu du, era berean, debekatuta dagoela kalean txiza egitea.
EGITARAUA
- Otsailak 11, larunbata
- 12:30. Haur Jaialdia, Aiz-Orratz-Veleta Elkarteak antolatuta, Leidor aretoan.
- 19:00. Urdiña Txiki Elkarteak antolatuta, Kaldereroen konpartsa aterako da Musika Eskolako ikasleen parte hartzearekin, Plaza Zaharretik.
- 23:30. Incansables Txaranga kalez kale.
- Otsailak 12, igandea
- 12:00. Tolosako Udal Txistulari Banda eta Udal Musika Bandaren Inauterietako kontzertua, Berdura plazan. Hodeiertz abesbatzak ere parte hartuko du.
- Otsailak 16, Ostegun Gizena
- 11:00. Udal Txistulari Bandak Inauterietako Zortzikoa joz egingo du ohiko ibilbidea.
- 11:45. Kabi-Alai elkarteak pregoia emango du udaletxetik.
- 12:00. Suziria jaien hasiera iragartzeko.
- 12:00. Pintxana eta Kabi-Alai txarangen irteera, Plaza Berritik eta Plaza Zaharretik.
- 16:30. Zezen-festa zezen plazan, Pintxana eta Kabi-Alai txarangek girotuta. Ondoren, kalejira.
- 19:00. Aurrera Kirol Elkartearen danborrada.
- Otsailak 17, Ostiral Mehea
- 11:30. Ozenki Txistulari taldearen kalejira.
- 16:30. Zezen-festa zezen plazan, Kabi-Alai txarangak alaituta. Ondoren, kalejira.
- 20:30. Ostiral meheko danborrada.
- 22:30. Arpegi Taldeak antolatuta, Ostiral Mehe eguneko jaialdia, Leidor aretoan.
- 23:30. Jainekin Txaranga kalez kale.
- Otsailak 18, Zaldunita bezpera
- 11:00. Tolosako Erraldoi eta Buruhandien kalejira, Tolosako Dultzaineroez lagundurik, Gernikako Arbolaren plazatik hasita.
- 11:00. Aiz-Orratz-Veleta elkarteko Txutxu Trena ibiliko da kaleetan barrena.
- 11:30. Udaberri Dantza Taldeak antolatuta, Dantzari Txikien kalejira abiatuko da Trianguloa plazatik.
- 12:00. Kabi-Alai elkarteko txaranga kalez kale.
- 17:00. Haur danborrada Geltoki kaletik hasita. Antolatzailea: Aiz-Orratz-Veleta Elkartea.
- 17:00. Kabi-Alai elkarteko txaranga kalez kale.
- 19:00. Tolosako Danborradaren irteera Numen Dantza Eskolako kosakoen parte hartzearekin.
- 23:30. Oriako txaranga eta Iraunkorrak txaranga kalez kale.
- Otsailak 19, Zaldunita
- 08:00. Diana, Tolosako Udal Musika Bandarekin.
- 08:45. Udal Txistulari Bandak ohiko ibilbidea eginez Inauterietako Zortzikoa joko du.
- 10:00. Txarangen irteera.
- 11:00. Sokamuturra Plaza Zaharrean, Txapel Haundi txarangak alaituta.
- 11:00. Karroza eta Konpartsen irteera.
- 15:45. Udal Txistulari Bandak Idiarena joz egingo du ohiko ibilbidea.
- 16:00. Kalejira Sukalde, Alcoyano eta Kabila txarangekin, Plaza Zaharretik Zezen Plazaraino.
- 16:30. Zezen-festa zezen plazan. Txarangak eta Udal Txistulari banda arituko dira ikuskizuna alaitzen. Ondoren kalejira.
- 19:00. Dantzaldia Berdura Plazan, Sukalde, Alcoyano eta Kabila txarangekin.
- 23:30. Oriako txaranga eta Kalean txaranga kalez kale.
- Otsailak 20, Astelenita
- 09:00. Txarangen irteera
- 11:00. Sokamuturra Plaza Zaharrean, Berazubi txarangak alaituta
- 11:00. Karroza eta konpartsen irteera.
- 14:30. Pottotte elektrotxarangaren irteera Oria kaletik.
- 16:00. Ayvee eta DJ Oihan Vega, Alondegia plazan
- 16:00. Zezen-festa zezen plazan. Txarangak arituko dira ikuskizuna alaitzen. Ondoren kalejira.
- 19:00. Dantzaldia Berdura plazan, Tolosano, Poca Tripa eta Arco Iris txarangekin.
- 23:30. Bonberenea eta Incansables txarangak kalez kale.
- Otsailak 21, Asteartita
- 06:00. Alborada, Tolosako Udal Musika Bandaren eskutik, Plaza Zaharretik abiatuta.
- 08:00. Pattar zezena zezen plazan, elkarteetako txarangek alaituta.
- 11:00. Karroza eta konpartsen irteera
- 11:00. Sokamuturra Plaza Zaharrean, Txapel Haundi txarangak alaituta.
- 12:00. Txarangen bilkura Euskal Herria plazan; Urdiña Txiki, San Esteban eta Aiz-Orratz-Veleta txarangen eskutik. Euria eginez gero, Berdura Plazan. Ondoren kalejira Gaztelako Ateraino.
- 15:45. Udal Txistulari Bandak Idiarena joz egingo du ohiko ibilbidea.
- 16:00. Urdiña Txiki, San Esteban eta Aiz-Orratz-Veleta txarangen kalejira, Plaza Zaharretik Zezen Plazara.
- 16:30. Zezen-festa zezen plazan. Txarangak eta udal txistulari banda arituko dira ikuskizuna alaitzen. Ondoren kalejira.
- 19:00. Dantzaldia Berdura plazan, Urdiña Txiki, San Esteban eta Aiz-Orratz-Veleta txarangekin.
- 23:30. Incansables Txaranga kalez kale.
- Otsailak 26, Piñata Igandea
- 11:00. Poca-Tripa txaranga Iurreamendi Egoitzara joango da.
- 12:30. Tolosako Erraldoi eta Buruhandien eta The Herrikide’s musika taldearen kontzertua, Leidor aretoan.
- 16:30. Zezen-festa zezen plazan, Kalean txarangak alaituta. Ondoren kalejira.