Tolosako Udalak jasangarritasun energetikoaren aldeko apustua berretsi du

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 3a, 07:58

Tolosako Udalak 2023an 469.000 euroko inbertsioa bideratu du trantsizio energetikoaren alde urratsak ematen jarraitzeko.  Etorkizunera begira, eraikinen zein argiteria publikoaren kontsumo energetikoa murrizteko, neurriak hartzen eta sorkuntza berriztagarria sustatzen jarraituko du, Tolosa jasangarriago bat eraikitzeko. 

Jasangarritasunaren eta energia eraginkortasunaren alde dihardu lanean udalak. Azken urteotan urrats garrantzitsuak eman ditu alor horretan, izan ere, eguzki panelak jarri ditu Ferialekuan udal eraikinak energia berriztagarri bidez hornitzeko, elektro mugikortasuna sustatu du udalaren flotan auto elektrikoekin, Hiribus elektrikoa ere martxan jarri du, argiteria publikoan led argiak jarri ditu eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko tokiko plana ere garatu du. Neurri edota urrats horiek guztiek eragin zuzen eta positiboa izan dute energia kontsumoan. 2019tik 2021era esaterako, % 8.5 jaitsi da argiteria publikoaren kontsumoa, eta datozen urteotan zifra hori jaisten joatea aurreikusten du udalak, hartu diren neurriei esker.

2023an ere, trantsizio energetikoaren aldeko apustua berretsiz

Udalak, ekindako lanketari jarraipena emango dio  2023an eta horretarako 469.000 euroko inbertsioa bideratu du aurten trantsizio energetikoaren alde urratsak ematen jarraitzeko. Horri jarraiki, eguzki plaka berriak jarriko dira Ferialekuan, Emeterio Arresen eta Gorosabeleko eraikinean. Gaur gaurkoz, Uzturpe pilotalekuan eguzki plakak ezartzeko lanketan murgilduta dago udala, Samaniegoko ikastetxeetan energia berriztagarria izateko, etorkizunera begira Lanbide Eskolan zein Orixen ere erabili ahal izatea aurreikusten dena. 

Gainera, orain arte hiru udal eraikinetan erabili da Ferialekuan dagoeneko instalatuta dauden autokontsumorako plaka fotoboltaikoetan sortutako energia eta 11.203,53 euroko aurrezkia eragin du honek. Datozen urratsen arten energia hori udaletxera, musika eskolara eta haur eskolara ere bideratzea da helburua, autokontsumo maila eta energia errentagarritasuna handitzeko. Horrekin batera, led teknologiadun argiak jarriko dira zenbait udal eraikinetan eta kale argiteria publikoan, % 100 led izateko kaleko argiteria publikoa.

Etorkizuneko lan-ildoak zehaztuta

Etorkizun jasangarri baten aldeko apustua egin du udalak eta horregatik, datozen urteei begira ere, orain arteko lanketak jarraipena izango du. Hori horrela, etorkizunera begira, eraikinen kontsumo energetikoa murrizteko neurriak hartzen jarraituko du udalak, horretarako, besteak beste, berokuntza sistemak berrituz, isolamendua hobetuz, eta udal eraikinetan led argiztapena jartzen jarraituz. 

Bestalde, argiteria publikoaren kontsumoa murrizten jarraitzeko, argien %100a led teknologiadunera pasatzeaz gain, telegestio bidezko kontrola ezartzea dute helburu, erabilera baxuko orduetan kontsumoa murrizteko. Sorkuntza berriztagarriak areagotzeko urratsak ematen ere jarraituko du. Bide horretan, instalazio fotovoltaiko gehiago jartzearen eta geotermia edo biomasa bezalako berokuntza sistema berriztagarrien aldeko apustua egin du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!