Txosnagunearen txandakatzea bete dadila eskatu dute bizilagunek

Ataria 2023ko ots. 2a, 19:57

Euskal Herria plazako eta inguruko hainbat bizilagunek esan dute hamabost urte baino gehiago daramatzatela txandakatzea eskatzen, eta Tolosako Udalarekin txandakatze kokapena adostu zela gogoratu dute. Andia, Inpernu, Antonio Lekuona, Beotibar eta Soldadu kalean bizi diren tolosarrak direla zehaztu dute.

Euskal Herria plazako eta inguruko bizilagunek adierazi dute hamabost urte baino gehiago daramatzatela inauterietan txosnagunearen txandakatzea eskatzen, eta bete dadila exijitu dute.

Bizilagunek esan dutenez, ez zaie axola zer eragilek osatzen dituzten txosnak. «Gure elkarrizketatzaile baliagarria udala izan da beti, eta txandakako kokapena bere garaian adostu zen». Txandakatzeaz ari direnean ez direla soilik herriko bi espazioren inguruan ari ere esan dute, «beste batzuk kontuan hartzea gustatuko litzaiguke».

Euskal Herria plazako eta inguruko bizilagunak Andia, Inpernu, Antonio Lekuona, Beotibar eta Soldadu kalean bizi diren tolosarrak direla esan dute ohar bidez. «Plazako etxebizitza batzuek ere Rondilla kalera ematen dute», esan dute. Euskal Herria plazan jarduera ugari egiten direla gogoratu dute, hala nola, azokak, kontzertuak, antzerkiak eta kirol jarduerak, eta tabernak ere badirela bertan: «gutxi gorabehera, 10 ostalaritza-establezimendu daude gure inguruan, eta ia guztiek terraza dute. Ez dugu ezer horren kontra, baina uste dugu erraza dela ulertzea horrek dakarrena. Urteko asteburu guztietan (asteburuetan bakarrik baikorrak izanik), zarata-maila, goizez, arratsaldez eta gauez, goizaldeko ordu txikiak arte, oso altua da. Zikinkeria bezalako arazoez ez hitz egiteagatik...». Bizilagunek eskatuta, udalak asteburuetan komunak jarri behar izan dituela Andia eta Antonio Lekuona kalean ere gogoratu dute.

Bestalde, «erabilerak bateragarri egiteko, jarrerak hurbiltzeko eta aisialdiak dakarrenari irtenbide egokiak bilatzeko helburuarekin», Euskal Herria plazako eta inguruko bizilagunek hainbat ekarpen eta alegazio egin dituztela udalak berriki prestatu dituen ordenantzei esan dute: ostalaritzako ordenantza, terrazen ordenantza eta zarata eta bibrazioen ordenantza. «Besteak beste, aisialdiko zaraten mapa bat egitea, bizilagunok zein neurritaraino gauden ikusgai jakiteko eta, horrela, kutsadura akustikoa murrizteko eta gure etxebizitzek jasaten duten bibrazioa ebaluatzeko plan estrategiko bat diseinatu ahal izateko».

Bizilagunek esan dute inauteriak gogoko dituztela, eta jaiaz gozatu nahi dutela. «Gustatuko litzaiguke ezerk eta inork ez hondatzea, ezta giroa zakartzea ere». Esan dute, halaber, ulertzen dutela egun horietan zarata areagotzea, ostalaritza beranduago ixtea edota itxi eta gutxira garbiketa-lanak hastea, «lan handia, bide batez esanda». Eta horri guztiari, urtez urte, txosnak gehitu behar zaizkiola diote: «inauteriek sei egun eta sei gau irauten digute. Ez da zarata-maila bakarrik. Plazako etxeen egitura egurrezkoa da. Gure etxebizitzak dardarka daude».

Bada, «mundu guztia» ulertzen duten moduan, gainerakoek ere beraiek ulertzea eskatzen dute Euskal Herria plazako eta inguruko bizilagunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!