Alzheimerrari aurre egiteko formakuntza saioak antolatu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 1a, 19:57
Inmakulada Tolosako Lanbide Ikastolako eta Buru Bihotzez Elkarteko ordezkariak, aurkezpenean.

Inmakulada Tolosako Lanbide Ikastolak, Buru Bihotzez Elkartearekin elkarlanean, Alzheimerrari lotutako lau tailer egingo ditu otsailean eta martxoan.

Nola eman arreta alzheimerra duen pertsona bati? Galdera horri eta gehiagori erantzun ahal izateko formazio saioak antolatu ditu Inmakulada ikastetxeak, Buru Bihotzez Elkartearekin batera. Duela hiru ikasturte, pandemiaren aurretik, hasi ziren elkarlanean, proiektu desberdinak aurrera eramaten. Formakuntza saioak eskaini zituzten, gaixotasunaren aurrean nola jokatu eta askotariko egoerak nola kudeatu irakasteko.

Azken urteetan geldiune bat izan dute, baina berriro martxa hartu dutela adierazi dute. Horrela, lau saio antolatu dituzte; otsailaren 15ean eta martxoaren 1ean, 15ean eta 22an izango dira. «Aurreko aldian lau ardatz nagusitan banatu genituen formakuntza saioak; aurten ere bide bera jarraituko dugu. Ez dira soilik gaixoei edo familiei zuzendutako saioak; zaintzaileek ere parte hartu dezakete», nabarmendu du Ana Monje Inmakulada ikastetxeko zuzendariak.

Formazio saio guztiak Inmakulada ikastetxean izango dira (Kondeko aldapa, 5B) eta zaintza zerbitzua eskainiko zaie alzheimerra duten pertsonei; dinamika desberdinak landuko dituzte horretarako. Tailer horietan parte hartu nahi dutenek 943 67 36 29 telefono zenbakira deituta eman behar dute izena. Nahi adina saiotan parte hartzeko aukera egongo da.

Izen-ematea aldez aurretik egitea «oso garrantzitsua» dela esan dute antolatzaileek, kopuruak lehendik jakin ahal izateko. «Garrantzitsua da guretzat tailerrak zein tokitan egin ditzakegun jakitea, baita zenbat langileren beharra izango dugun jakitea ere», esan du Monjek. 2019an egindako tailer batean 70 herritar bildu ziren. «Ez dago mugarik eta nahi duen orok du etortzeko aukera».

Formazio saioak:
  • Otsailak 15, asteazkena
    • 16:30-19:00. Dementzia duen pertsonarekin komunikatzea eta jokabide-aldaketak kudeatzea. Formatzaileak: Igone Etxeberria (EHU) eta Maria Erdozain (Buru Bihotzez).
  • Martxoak 1, asteazkena
    • 16:30-19:00. Emozioen kudeaketa. Formatzaileak: Igone Etxeberria (EHU) eta Maria Erdozain (Buru Bihotzez).
  • Martxoak 15, asteazkena
    • 16:30-19:00. Mobilizazioa eta errehabilitazioa. Formatzaileak: Eider Murgiondo (Tolosako Osasun Zentroa) eta Asier Arrizabalaga (Uliazpi).
  • Martxoak 22, asteazkena
    • 16:30-19:00. Nutrizioa: Alzheimerra eta elikadura. Formatzailea: Josu Martinez (Mediku nutrizionista).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!