ELKARRIZKETA

«Askatasuna eduki nahi genuen gure ideiak plazaratu ahal izateko»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko ots. 3a, 07:59
Miren Zeberio 'Ataria' irratian, 'Euskelelea' lana eskuan duela. A. ARROYO

Burrunba handirik gabe, inurri lanean sortu dute Erlea argitalpen espazioa Miren Zeberiok (Tolosa, 1983) eta Enrike Solinisek (Bilbo, 1974), hurrenez hurren, Euskal Barrokensemble taldeko kideak eta zuzendariak. Helburu behinena taldearen lanak argitaratzea dute, eta aurrenekoa ere aurkeztu dute dagoeneko: Euskelelea. Zeberiok kontatu ditu argitaletxea sortzearen nondik norakoak, lehen lanaren xehetasunak eta esku artean dituzten proiektuen zertzeladak.

Zergatik erabaki duzue Erlea martxan jartzea?

Erlea sortu dugu Euskal Barrokensemble proiektuaren lanak argitara emateko xedearekin. Aurretik taldearen diskoak beste etxe batzuekin atera dira, aurrenekoa Glossa Music-en izan zen, nazioarteko diskoetxe bat, zeinak egoitza Alemanian duen. Gerora atera ditugun beste guztiak, berriz, Alia Vox-en izan dira. Jordi Savallen diskoetxea da; bera oso ospetsua da antzinako musikan, biola da gamba jotzen du eta hainbat proiektu, talde eta diskoetxe oso famatu bat ditu mundu mailan. Proiektu eta ideia dezente ditugunez, momentu batean Savallek berak esan zigun ea zergatik ez genuen gure zigilu propioa sortzen; berak egin zuen bezala, Alia Vox sortu baitzuen bere lanak argitara eramateko.

 

«Gehienak dira antzinako errenazimentu barrokoko doinuak, zeinari euskarazko hitzak jarri dizkiogun, baina, badaude abesti herrikoiak ere»



Erlea gauza txiki bat da, zeinak baimenduko digun gure proiektuak argitaratzea. Askatasuna eduki nahi genuen gure ideiak plazaratu ahal izateko. Egia da, gaur egun, jada diskoentzat ez direla garai bereziki onak: ez dira lehen bezala saltzen. Gaur egun diskoak egin behar dira proiektuak plazaratzeko. Jendeak musika entzuten du, baina, plataforma digitaletan: Youtube, Spotify eta antzekoetan; eta hori artistentzat edo musikarientzat oso diru iturri txikia da, nonbait hala bada, behintzat.

Zer dela-eta jarri diozue Erlea izena?

Animalia berezia da, garrantzi handia du naturako hainbat prozesutan, polinizazioan eta abar; baina arriskuan dagoen animalia bat ere bada. Kulturarekin antzera gertatzen da: beti gabiltza hor arrisku handi samarrean, ez da oso alor babestua, baina, aldi berean, oso garrantzitsua da, erlearen funtzioa bezalaxe. Bestalde, Euskal Barrokensembleren ardatzak izan dira, batetik, gure jatorria: euskaldunak garela; euskal ondarea, kultura, musika… Eta hori pixka bat munduan zabaltzea. Eta, bestetik, historia: antzinako musika egiten dugu, eta hori egite hutsa nahiko historikoa da. Erlea bera ere oso txertatuta dago euskal historian eta mitologian. Izena gustatzen zitzaigun, polita da, eta esanahiak ere bat egiten du gure ideologiarekin eta ideiekin.



Aurretik hainbat urtez elkarrekin aritutakoak zarete Euskal Barrokensemble taldean, eta bikote ere bazarete. Nolakoa da zuen arteko lankidetza?

Ondo osatzen dugu elkar, bakoitzak dauzka bere indarguneak, eta beste gune batzuk ez direnak hain indartsuak; baina horiek konbinatzea interesgarria da, nahiz eta ez den erraza. Ohiko lanetan zure lan-orduak dituzu, lantokira joaten zara, lana bukatu eta ateratzen zarenean zure aisia daukazu... Gurea, berriz, bereziagoa da, askotan tokatzen zaigulako asteburuetan edo besteek jai daukatenetan lan egitea; edo prestaketa prozesuetan aritzea: ikastea, praktikatzea, sortzea… Ez dira ordutegi finko bat duten gauzak. Baina, saiatzen gara eta esango nuke lortzen ari garela. Bakoitzak bere espazioa eta laneko dinamika ezberdinak ditugu, baina, jartzen ditugu gauzak amankomunean. Musikari izateak ere gestio lan handia dauka: kontzertuak bilatzea, antolatzea, gauza bera diru laguntzekin… Norbaitek pentsa lezake artearen mundua ederra dela, eta hori hala da, baina horren atzean, ofizio guztietan bezala, badaude beste mila atal.

Proiektua biona da, baina, argitaletxeaz galdetzeko askotan Solinisengana jotzen omen dute. Emakumeen lanak, kasu honetan zureak, nahikoa aitortza jasotzen al du musika eta ekoizpen arloan?

Euskal Barrokensemble proiektua Enrikek sortu zuen, eta bera da nazioartean gitarra eta laude jotzaile bezala oso figura garrantzitsua. Beraz, taldearekin lotuta normala da harengana jotzea, gehienbat zuzendari artistiko nagusia bera delako. Emakumeek jasotzen dugun behar besteko aitortza? Musika, beste hainbat arlo bezala, historian oso maskulinoa izan da, ezta? Musika klasikoaren arlotik nator, baina zenbat konposatzaile emakume ezagutzen dira? Beti izan dira pixka bat baztertuak, nahiz eta talentu eta gaitasun handia eduki. Egia da pixka bat aldatzen doala, eta gaur egun ere aldatzen da musika mota batetik bestera. Orkestretan adibidez, gero eta emakume gehiago daude, baina, kontatzen badituzu ez dira erdira ere iristen. Beste mota batzuetan, adibidez, rock edo pop taldeetan, abeslariak bai, baina, instrumentistarik ez dago.

Baita ere amatasunari lotuta zaintza lanak eta… Baldin bazaude kanpoan, birak, kontzertuak, entseguak eta abar; hori familiarekin uztartzea zaila da, noski, maila ezberdinak daude, baina… Oraindik lan asko dago egiteko bai eguneroko praktikotasun aldetik, bai aitortza aldetik, musikari edo artista munduan emakumeen presentzia eta garrantzia handiagoa izan dadin. Aspalditik datozen dinamikak dira eta aldatzea kosta egiten da.

 

«Oraindik lan asko dago musikari munduan emakumeen presentzia eta garrantzia handiagoa izan dadin»



'Euskelelea' da zuen lehen lana. Nondik atera zen ideia?

Ideia Enrikeri sortu zitzaion. Behin joan zen Portugalera, Bragara, eta han kontatu zioten, garai batean, hara joan zirela viscainoak katedrala eraikitzera, eta haiekin eraman omen zuten instrumentu txiki bat, zeina gerora bilakatu zen hango instrumentu bereizgarri, hemengo babarrunak bezala, braguinha edo cavaquinho esaten diote. Pixka bat ikertzen hasi zen eta instrumentu hori da munduari buelta eman diona, ukelelea bezala da ezaguna, jatorria berez Hawaiikoa dela uste dut, baina Indonesian ere aurkitu daiteke, edo Kanarietan… Toki guztietara iritsi den instrumentu bat da, zeinak tokiz toki izen ezberdin bat hartu duen eta bertara moldatu den, lekuko musikara. Hortik abiatuta, Euskelelea ideia okurritu zitzaion. «Eta pala itxura ematen badiogu?»; lagun luthier bati eskatu zion, eta azkenean instrumentua ere sortu zen. [Juan Kruz] Igerabiderekin hitz egin genuen, hark bazuen ideia bat istoriorako, eta berak jarri ditu hitzak. Ilustrazioak, berriz, Irrimarrak egin ditu eta musika zein abestiak Euskal Barrokensembletik egin ditugu. Gehienak dira antzinako errenazimentu barrokoko doinuak, zeinari euskarazko hitzak jarri dizkiogun, baina, badaude abesti herrikoiak ere. Horrela osatu dugu, pixkanaka-pixkanaka.



Lehenengoz Bilboko Arriaga antzokian egin zenuten Araitz bailarako Urraitz eta Tolosako Lask abesbatzekin. Nola joan zen?

Lehenago ere egin dugu bertsio txikian, Laskorain Ikastolan saio batzuk egin genituen duela urte pare bat, oraindik grabatu ere ez genuenean, baina formatu handian lehenengoa Arriagan egin genuen, eta oso ederra izan zen. Oso giro polita sortu zen, publikoa ere oso kontentu atera zen, guk ere oso ondo pasa genuen, Lask abesbatzakoak ere pozik atera ziren, Urraitzekoak ere bai… Azken horiek grabaketan parte hartu zuten, baina Arriagara askok ezin izan zuten etorri; espero dugu aurrerantzean etorri ahal izango dutela. Parte hartu zuten baita ere Onditz Esnaolak eta Jurgi Errandoneak, bi dantzari gaztek, bata Lizartzakoa da eta Andoaingoa, bestea. Pasada bat dira, oso-oso dantzari finak dira, eta haiena ere oso polita izan zen; guk musika pasa genien eta koreografiak haiek sortu zituzten.

 

«Formatu handian lehenengoa Arriagan egin genuen, eta oso ederra izan zen»



Ba al duzue hurrengo emanaldirik?

Ba segur aski, ia-ia ziur, asmoa daukagu martxoaren 18an, Tolosan, Gure Zirkuaren karpan errepikatzeko emanaldia, baita ere Lask abesbatzarekin eta espero dugu Urraitz abesbatzakoak ere etorriko direla; dantzariak ere bertan izango dira. Orain ari gara pixka bat proiektua mugitu nahian, toki bakoitzean bertako abesbatza batekin egin liteke. Horrez gain, atera zaigu beste emanaldi bat urriaren 14an, Kursaalean egiten dute familia kontzertuen ziklo bat, eta hortxe. Espero dugu pixka bat zabaldu ahal izatea.

Eta, aurrera begira, zer duzue esku artean?

Asmoa dugu Euskelelea liburu formatuan ateratzeko. Diskoa atera dugu ilustrazio batzuekin, eta gaztelania eta frantses itzulpenak gehitu ditugu. Gehienbat burua izanik, agian, ume euskaldunak dituzten, baina, euskara ulertzen ez duten gurasoengan; hegoaldean edo iparraldean gerta daiteke. Liburuaren egunerako argitaratu nahi dugu, eta izango da formatu handixeagoan, ilustrazio gehiagorekin…

Beste zenbait proiektu ere badauzkagu, adibidez Subh: X. mendeko pertsonaia historiko bat izan zen, Al-Andalus gobernatu zuen emakume gatibu baskoi edo euskaldun bat. Pentsa, Al-Andalus gobernatzera iritsi zen eta inork ez du ezagutzen. Lehen esandakoa, historian eta kulturan emakumeek izan duten garrantzia eta aitortza eza. Figura hori existitu zen, hemengoa zen eta lotzen gaitu baita ere Al-Andalusekin; oso gutxi irakatsi digute horri buruz, baina gure historiaren parte izan da.

Hori izango da ziurrenik hurrengoa, eta asmoa da hau ere disko edo disko-liburu moduan argitaratzea. Bestela, beti gabiltza gauza berriak prestatzen, azkenean, publikoari edo programatzaileei eskaintzeko aurkezpen gutun bat da diskoa, eta pixkanaka joango gara proiektu ezberdinak ateratzen.

 

«Publikoari edo programatzaileei eskaintzeko aurkezpen gutun bat da diskoa»



Ba al du argitalpen datarik?

Ba ez daukagu data zehatzik. Lehenik ea liburua apirilerako argitaratzea lortzen dugun, eta Subh, berriz, aurten aterako dela esango nuke, baina zehazki noiz ez dakit. Ondo legoke uda aurretik argitaratzea, ekainean edo, uda nahiko berezia izaten delako: kontzertuak direla, oporrak direla… Beranduenez irailean izan beharko luke, gero material hauek Durangoko Azokan aurkeztu ahal izateko.

 

«[Euskelelea] Publiko euskaldunari dago zuzenduta, baina asmoa dugu argitaratzeko katalanez, gazteleraz, frantsesez…»



Zein etorkizun aurreikusten diozu Erleari?

Egia esan, ez naiz jarri etorkizunean pentsatzen, nahikoa dut orainaldiarekin [Barrez]. Baina bueno, espero dugu argitaletxeak bere lekutxoa egingo duela. Proiektua, Euskelelea, nahiko lokala da eta publiko euskaldunari dago zuzenduta, baina asmoa dugu ipuin hau argitaratzeko katalanez, gazteleraz, frantsesez… Ea posible den. Gainerako proiektuen banaketa eta salmenta pixka bat nazioartekoa izan da, orain arte behintzat, eta asmoa dugu beste batzuk ateratzen goazen heinean, Subh adibidez, pixkanaka mundu mailan gure lekutxoa egiten joatea; ez da erraza izango, baina saiatuko gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!