Tolosako klubeko judoken emaitza nabarmenak

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 1a, 18:00

Emaitza esanguratsuak lortu berri dituzte Judo Klub Tolosako judokek, Gaztela eta Leongo Kadeteen Nazioarteko Torneoan zein Gipuzkoako Txapelketan.

Urtarrilaren 15ean hiru judoka Valladolidera joan ziren Gaztela eta Leongo Kadeteen Nazioarteko Torneoan lehiatzera. Ioar Olano (-50 kilo), Inhar Leunda (-55 kilo) eta Nestor Gibelalde (-66 kilo) izan ziren klubeko ordezkariak. Txapelketa formatua liga bidezkoa izan zen, eta liga bakoitzeko lehen biak fase finalera pasatzen ziren. Hirurek oso borroka onak burututa azken faserako txartela eskuratu zuten. Azken fase honetan Gibelaldek ezin izan zuen ostera txapeldun izan zen judokarekin eta azkenean zazpigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, nahiz eta hori baino gehiago lortzeko judoa erakutsi. Leundak martxa ona hartu zuen eta finalera bidea egin zuen bideko borroka guztiak modu izugarrian irabaziz. Finalean ezin izan zuen eguna borobildu eta merituzko zilarrezko domina batekin bueltatu zen. Olanok egun gozoa izan zuen eta kanporaketetako borroka guztiak bereganatu zituen horrekin finalera sailkatuz eta finalean ere garaipena lortuz.

Bestalde, pasa den igandean, junior mailakoek Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten Legazpin, kanporatze zuzeneko modalitatean. Bertan, porrot batek etxera bidali dezake judoka, eta galtzekotan bigarren aukera bat izan daiteke, eta horrekin brontzezko domina lortzeko aukera, baina sartzeko modu bakarra aurkaria finalera sailkatzea da. Klubeko lau ordezkari izan ziren txapelketan: Ainhoa Paradera (-57 kilo), Miguel Gibelalde (-73 kilo), Nahia Fernandez (-70 kilo) eta Joseba Regillaga (-81 kilo). Paraderok ez zuen zorterik izan kanporaketetan baina bigarren aukeran sartu zen eta behin fase horretan lehen borroka irabazi bazuen ere, brontzezko dominako borrokan ezin izan zuen irabazi bosgarren postuarekin bukatuz. Gibelaldek garaipenarekin hasi zuen txapelketa, baina bigarren borrokan aurkaria bera baino gehiago izan zen eta ezin izan zuen irabazi. Hala ere, Gibelaldek ere aukera berri bat izan zuen bigarren aukeran eta brontzezko domina lehiatzeko aukera izan zuen, bertan borroka kontrolatua bazuen ere azkenean dominak eskuetatik ihes egin zion eta bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Fernandezek eta Regillagak egun hobea izan zuten eta biek podiuma zapaldu zuten; bakoitzari egokitutako zozketari etekin atera zioten eta finalean sartu ziren. Azkenean, zilarrezko domina Fernandezentzat eta urrezkoa Regillagarentzat. Bi hauentzat hurrengo helburua Euskadiko Txapelketa izango da, martxoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!