Merkatariei zuzendutako aholkularitza eta formazio programa abiatu du udalak

Ataria 2023ko urt. 31a, 11:58

Tolosako Udalak Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin egindako bilera

Programaren helburu nagusia, Tolosako saltokien berezitasuna eta lehiakortasuna hobetzea da. Horretarako, banakako aholkularitza eta formazioa eskainiz, alor ezberdinetan Tolosako merkataritza ehunak etorkizunean sendo mantentzeko xedea dauka. Programa, Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin eta Tolosako merkatarien elkartearekin elkarlanean garatuko da aurtengo urtean zehar.

Merkataritza ehunak garrantzia handia eta berezia du Tolosan. Horregatik, Tolosako Udalak sektoreak aurrean dituen erronketan guztietan lagundu du. Udalak negozio berrien irekiera sustatu eta belaunaldi aldaketan laguntzeko diru laguntza lerroak ditu. Horietan guztietan ere, Alde Zaharrak begirune berezia izanik.

Orain arte, Merkataritza Federazioarekin batera aurrera eraman du udalak Singular Dendak programa, erosketa-esperientziak hobetu eta merkataritza hobetzeko prozesuetan sakontzeko eta tokiko saltokiak balioan jarri eta ikusarazteko. Urte hauetan zehar Tolosako hainbat merkatari eta saltokik parte hartu dute programa honetan, guztira 26 dendak jaso dute 'Singular Denda' bereizgarria eta merkatariek gainera ekimenaren balorazio positiboa egin dute. Horrekin batera, bost pertsona kontagailu ere ezarri dira azken urteotan herriko gune ezberdinetan, pertsonen fluxuen inguruan datuak jasotzeko.

Tolosak merkataritza ehun sendoa badu ere, azken urteotan nagusiki bizi eta kontsumo ohituren aldaketak tarteko, tokiko merkataritza sektoreak bizirauteko arazo nabarmenak izaten ari da. Tolosako merkataritza indarberritze eta sustatze asmoz, bi neurri hartu ditu udalak, batetik, Tolosako saltokien berezitasuna eta lehiakortasuna hobetzeko programa bat abiarazi da Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin eta Tolosa&Co elkartearekin elkarlanean eta bestetik, merkataritza ehuna sakonago ezagutzeko pertsona kontagailuen datuen ustiapena egingo da. Modu horretara, Tolosara gerturatzen diren pertsonen inguruko informazioa jasoko da: profila, merkataritza fluxua, herrira gerturatzeko edo erosteko maiztasuna... informazio hori oso baliagarria izango da neurriak hartu edota egitasmo berriak abiarazteko. 

Merkatariei zuzendutako programari dagokionean, helburu nagusia denden profesionalizazio maila handitzea da, saltokiek euren kudeaketan aurrerapausoak eman ditzaten. Banakako aholkularitza eskainiko da hainbat arlotan: komunikazioa, ecommerce, negozioen kudeaketa... eta formazioa ere emango da erakusleihoak diseinatzeko eta apaintzeko tekniken inguruan, bezeroekiko harreman eredu berriei buruz edota estres profesionalaren kudeaketarako. Singular dendak egitasmoa ere ez da albo batera utziko eta aurten 3 saltokik parte hartuko dute egitasmoan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!