Tolosako mugak ezagutzeko laugarren etapa, igandean

Ataria 2023ko urtarrilaren 31

Alpino Uzturre Mendi Elkarteak antolatuta, ibilaldia egingo dute igandean, 8:30ean abiatuta. Tolosak Altzo, Leaburu-Txarama eta Ibarrarekin dituen mugetatik igaroko dira.

Goizean Tolosako San Frantzisko eliza ataritik abiatuko dira parte-hartzaileak. Ondoren, Artzabaltzatik igaro eta Ollagon (367 metro) tontorrera igoko dira. Jarraian, Sarasola Goikoa baserritik pasa ondoren, Txaramara (80 m.) jaitsiko dira.

Gero, Iruñera doan errepidea gurutzatuz, Eule Etxeberri baserri ondotik igaro, eta Euletxaga (347 metro) tontorrera igo ondoren, Zazpibidera jaitsiko dira. Handik, Apatta erreka jarraituz, Apatta industriagunera iritsiko dira. Azkenik, Zumardiaunditik segituz Ibarrako Euskal Herria kalean bukatuko dute ibilaldia.

Guztira, 12,3 kilometroko ibilbidea osatuko dute, eta gutxi gorabehera 4 orduko iraupena izatea aurreikusten dute.

Informazio gehiago izateko eta izena emateko hiru aukera dituzte herritarrek: Alpinouzturre.eus webgunean, info@alpinouzturre.eus helbide elektronikora mezua bidaliz edota 943 652 789 telefono zenbakira deituz.

Irteeraren bideoa:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!