Joskintzako formazioa eskainiko da lehen aldiz Tolosaldean

Ataria 2023ko urt. 30a, 20:00

Joskintzari buruzko teknikak jorratzeaz gain, zeharkako gaitasun pertsonal eta profesionalen garapena landuko du ‘Josi ta josi’ egitasmoak.

Laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboetako pertsonen formazioa indartu eta lan aukerak sustatzeko helburu duen Josi ta josi egitasmoa abiatu dute Tolosaldea Lab, eskualdeko Enpleagarritasun eta Inklusio Mahaiko sei erakundek.

Enplegu ikuspegitik zaurgarritasun edo bazterkeria egoeran dauden kolektiboen laneratzea indartzea da eskualde mailako lan alorreko erronka nagusietako bat. Hori gauzatzeko bideetako bat gaitasun profesionalen ziurtagiriak eskaintzea izan dela aipatu du Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria den Iker Urruzolak: «Beste batzuetan ere izan ditugu halako formakuntzak, baina beste ofizio batzuekin lotutakoak izan dira. Oraingoan, ordea, joskintza hartu dugu buru baina helburua betiko bera izango da, eta jakintza garatzeko formakuntza landu beharko da».

Era berean, eskualdean kalitatezko enplegua sortzen jarraitzeko oinarrizkoena elkarlana dela esan du Tolosaldea Garatzeko lehendakariordea den Olatz Peonek: «Sei erakunde modu koordinatuan aritu dira lanean. Tolosaldea Lab, Enpleagarriatasun eta Inklusio Mahaiko parte diren sei erakunde, eta honen balioa jarri nahiko nuke mahai gainean. Ez da ohiko proiektu bat, proiektu berezi bat da, eta, horregatik, uste dut azpimarratzea merezi duela isilpeko lan ikaragarria dagoela bere atzean».

Zutani elkarteak identifikatu zuen inolako formazio arauturik gabe joskintzan aritzen direnei ziurtagiri profesionala eskaintzeko beharra. Tolosaldea Garatzenek hartu zuen ideiari forma emateko eta koordinatzeko ardura, Enplegu eta Aniztasun Saileko teknikarien eskutik. Ikastaroa eskaini ahal izateko bere instalazioak homologatu ditu Inmakulada Lanbide Heziketa ikastolak, eta parte hartzaileen bilaketan eta bidelagun izango dira Fundación Emplea eta Jatorkin Al-Nahda elkarteak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere parte hartu du, eta bera izan da proiektua finantzatu duena. «7,2 milioi euro bideratu ziren 2022. urtean, eta hori emaitzetara bideratuta dago. Azken finean, Gipuzkoa osoan kuantifikatuta dauden 750 laneratzez ari gara, eta, oker ez banago, Tolosaldean 45 eta 50 zifren inguruan mugituko ginateke», azaldu du Unai Andueza, Gipuzkoako Foru Aldundiko proiektu estrategikoetako zuzendari nagusiak.
Izan ere, Josi eta josi’egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Elkar-Ekin Lanean proiektuaren barruan txertatu dela aipatu du Anduezak: «Egoera zaurgarrian eta egoera zaurgarrian egoteko arriskua daukaten pertsona haiek lanaren bitartez gizarteratzeko estrategiaren atala da Elkar-Ekin Lanean,eta hor txertatzen da gaur abian dagoen proiektu hau».

Proiektu «estrategiko» honek lurraldeko oreka bilatu eta lortu du duela azpimarratu du, gainera. «Guk osokuntza proiektua deitzen diogu eskualdeko eragileekin, garapen agentziekin, udalekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera egin dugun lankidetza baita».

Bi talde

Bi urtez luzatuko da proiektua, eta denbora horretan bi talderekin egingo da lan. Lehen taldea martxan da dagoeneko, 17 pertsonarekin, eta urrira arte jasoko dute formazioa, 390 bat ordu izango dituzte guztira. Eta ondoren, prozesuari amaiera emateko, praktikaldia egingo dute eskualdeko enpresaren batean.

«Laneratzeko arazoekin dauden kolektibo zaurgarrienekin egingo dugu lan proiektu honetan. Emakumeak dira lehen taldea osatu duten parte hartzaileak, jatorri arabiarrekoak eta denbora luzez lanik gabe egon direnak. Kontziliazioa ere kontuan izan dugu ordutegiak eta egutegiak zehazteko», azaldu du Leire Otaegik, Tolosaldea Garatzeneko Enplegu arduradunak.

Bigarren taldea 2023ko urrian hasiko da martxan, eta 2024ko ikasturtean zehar jasoko du formazioa. Bigarren talde honetan parte hartzeko interesa lukeen edonork, lan@tolosaldea.eus helbidera idatzi edo 943 654 501 telefono zenbakira deitu dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!