Adineko pertsonei zuzenduriko telelaguntza zerbitzuaren berri emateko hitzaldia

Ataria 2023ko urt. 30a, 15:30

Zerbitzu hau eguneko 24 orduetan, urteko egun guztietan eskaintzen da, eta bakarrik bizi diren adineko pertsonek izan ditzaketen larrialdi egoerei edo premia sozialei erantzuna ematea du helburu. Zerbitzuaren berri emateko eta honen nondik norakoak azaltzeko hitzaldia datorren otsailaren 1ean izango da, 11:30ean, kultur etxean.

Gizartearen zahartzea errealitate bat da eta ondorioz, gaur egun asko dira bakarrik bizi diren edo eguneko denbora gehiena bakarrik pasatzen duten adineko pertsonak. Horren harira, Eusko Jaurlaritzak “betiON” arreta iraunkorreko zerbitzua du martxan. Telelaguntza zerbitzu hau urteko egun guztietan, 24 orduz eskaintzen den zerbitzua da eta bakarrik bizi diren edo eguneko denbora gehiena bakarrik egiten duten adineko pertsonei zuzenduta dago, hain zuzen:

  • Bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei
  • Mendekotasun egoeran edo mendekotasuna jasateko arriskuan dauden 65 urtetik gorako pertsonei
  • Adimen urritasuna, fisikoa edo sentsoriala edo buruko gaixotasuna duten mendekotasun egoeran dauden pertsonei
  • Sozialki baztertuta dauden edo baztertuak izateko arriskuan dauden pertsonei

Zerbitzua jasotzeko pertsona interesdunek eskaera egin eta onartu ondoren, betiON zerbitzuko talde bat erabiltzailearen etxera joaten da terminala instalatzera eta erabiltzaileari sakagailu edo medaila bat ematen zaio. Sakagailu hori larrialdi edo laguntza behar duen egoeretan sakatu eta momentuan artatuko da.

Zerbitzuak hilean 4 euroko kostua du eta Eskaerak telematikoki Eusko Jaurlaritzaren webgunean, edo aurrez-aurre egin nahi izanez gero, UDATEn egin daiteke. Informazio bilera otsailaren 1ean izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!