Maria Navascues bigarren, 42. Idiazabalgo Herri Krosa lasterketan

Ataria 2023ko urtarrilaren 30a

Argazkia: Goierriko Hitza.

Korrikalari tolosarrak 39.40ko denbora egin du 10 kilometro pasatxoko proban; Diana Vecillas Gasteizen bizi den madrildarra izan da azkarrena, 38.56ko denborarekin. Hirugarren Ruth Brito gasteiztarra izan da, Navascuesengandik minutu batera.

San Blas jaien bueltan, urtero korrikalari ugari biltzen dituen zita izan ohi da Idiazabalgo Herri Krosa. Aurten berrogeita bigarren aldiz antolatu dute, eta azken urteetako parte hartzaile kopuru handiena izan du. Guztira, 646 korrikalari irten ziren 10,2 kilometroko ibilbidea egitera. Horien artean izan da Maria Navascues.

Korrikalari tolosarrak lasterketa ona egin du, eta gertu izan du garaipena; lasterketaren lehen zatia lehen postuan egin du, baina bigarren itzulirako gertu zuen Vecillas. Azken kilometroan ezin izan du lehen postuan sailkatu den Vecillasen erritmoa jarraitu, eta 39 minutu eta 40 segundo behar izan ditu proba burutzeko; madrildarrak erakustaldia egin du, 39 minututik beherako denborarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!