Asteburuan, Zuloaga auzoko parkea zabaldu zen

Ataria 2023ko urtarrilaren 30a

Zuloaga auzoko parke eraberritua

Tolosako Udalak herriko haur parkeak berritu eta hobetzen jarraituko du aurten ere, mota eta tamaina ezberdinetako parkeen eskaintza zabaltzeko helburuz. Azken eraberritzea, Tolosako Zuloaga auzoko jolastokian egin dute.

Azken hilabeteotan berritutako parkeei, orain Zuloaga auzoko jolastokiaren berritzea gehitzen zaio. Izan ere, asteburuan, itxura berrituta zabaldu zen zoru eta jolas berriekin. Zorua kautxuzkoa da, erorketen inpaktua minimizatzeko jarria, eta jolas guztiak egurrezkoak dira, Amarotz auzoko parkearen tankerakoak.

Tolosako Udalak, azken hilabeteotan San Esteban auzoko parkea, Plaza Berrikoa edota Amaiurrekoa berritu zituen, eta 2023an zehar gauza berdina egitea aurreikusi du herriko beste hainbat haur jolastokiekin. Izan ere, udalak Tolosako jolastokien inguruko azterketa egina du, bakoitzaren egungo egoera ezagutzeko eta diagnosi horren arabera parkeetan esku-hartzeko. Hain zuzen, plan hori oinarri hartuta jarraituko du 2023an haur jolastokiak eraberritzen. 

Horretarako, 200.000 euroko diru partida jaso du aurtengo aurrekontuan, iaz baino 100.000 euro gehiago, alegia. Udalaren helburua, herritarrek Tolosatzen aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan eskatu eta lehenetsitako eskaerei erantzunez, Tolosako haur parkeak hobetu eta mota eta tamaina ezberdinetako parkeen eskaintza  zabaltzea. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!