Zaratari buruzko ordenantza berriari hasierako onespena eman zaio

Ataria 2023ko urt. 31a, 07:59

Ordenantzaren helburua da kutsadura akustikoa murrizteko arautegia zehaztea; udalarenak diren lokalak kudeatzeko arautegiari ere hasierako onespena eman zaio.

Zarata eta Bibrazioei buruzko udal ordenantza berriari hasierako onespena eman zaio urteko lehen Osoko Bilkuran. Ordenantza berriaren helburu nagusia da kutsadura akustikoa prebenitu, murriztu eta zaintzeko neurriak hartzeko arautegia zehaztea, zaratak herritarrengan edo ingurumenarengan sor ditzakeen eragozpenak ekidin eta murrizteko. Zortzi atal ditu ordenantzak eta arlo ezberdinak arautzen dira: ingurumeneko zarata, jardueren erregulazioa, eraikinentzako erregulazioa, bide publikoko instalazio eta jarduerak, motordun garraioaren zirkulazioa... aplikazio eremua zehazteaz gain, kalitate akustikoaren helburuak, zarataren eta bibrazioen mugak eta mugen balioak, neurketak egiteko metodologiak eta salbuespenak zehazten dira. Baita, hartu beharrekoa prebentzio neurriak ere. Hasierako onespena aho batez eman ostean, orain iradokizunak egiteko epea zabalduko da eta herritarrek aukera izango dute proposamenak egiteko.

Era berean, aho batez hasierako onespena eman zaio udal jabariko lokal edo higiezinak erabiltzeko baimenak edo lagapenak kudeatzeko arautegiari. Arautegia sail ezberdinen artean landu da, eta Tolosako gizarte, kultura, kirol eta gainerako elkarte eta kolektiboei udalaren jabetzakoak diren lokal, areto edota bilera gelak erabiltzeko irizpideak zehazten ditu, horien erabilera «errazteko» helburuarekin. Udaletik zehaztu dutenez, Tolosako elkarte sarea «indartzea eta sendotzea eta gizarte intereseko jarduerak sustatzea» ere bilatu nahi du arautegiak. Arautegiak zehazten ditu kolektibo erabiltzaileak, eskaerak egiteko prozedurak, erabilerarako baldintzak eta bete beharrak zein erreferentziazko sailak zehaztu dira, tolosarrek une oro norengana jo behar duten jakin dezaten. Ander Figuerido EH Bilduko zinegotziak ordenantzak herritar eta eragileei izapideak «erraztea» ekarriko duela nabarmendu du, baina hainbat sailetan lan karga «igotzea» ekar dezakeenez, sail hauen giza baliabideak aztertu eta beharrezkoa bada indartu daitezela eskatu du.

HAPOaren aldaketa martxan

Bestalde,Usabal auzoan HAPOaren aldaketa puntuala martxan jartzea onartu da bilkuran, eremua urbanizagarria izan dadin. Izan ere, indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean Usabal 2. esparrua, industrialde gisa dago izendatua, eta beraz, lurzoru urbanizaezina da. Ondorioz, eremu horretako hainbat erakin antolamenduz kanpo daude, horrek jabeentzat dakartzan mugekin. Bada, izapidetze fasean dagoen Apattaren bigarren fasea dela eta, udalak dio etorkizunera begira Tolosak «bermatua» duela zoru industriala eta «horrek ahalbideratzen du, orain, HAPOaren aldaketa puntuala martxan jartzea aipatu eremua urbanizaezin izateari uzteko».

Aldaketarako espedientea hasieraz onartzearekin batera, aldaketari dagokion parte hartze programa ere onartu du udalbatzak. Hala, bilera ireki bat egitea aurreikusten da HAPOaren Aldaketa Puntualaren Hasierako Onespeneko dokumentua idatzita dagoenean proposamena herritarrei azaltzeko eta landutako materiala eta hirigintza-agiriak herritarren eskura jarriko dira Tolosako Udaleko bulegoetan eta web orrian.

Egoitz Sorozabal EAJren zinegotziak azaldu duenez, 2009. urtean HAPOren baitan bi apustu «estrategiko» zeuden industrialdeei lotuta: Usabal eremuaren eta Apattaren bigarren faseak. «Bizilagunek jada 2009an adierazi zuten beren kezka, halere, momentu horretan ulertu zen interes publikoaren ikuspegitik beharrezkoa zela bi eremu horien alde apustua egitea». Sorozabalek gehitu duenez, hirigintza apustu estrategikoak, ezin dira hiru urtetik behin aldatu, «denbora zabal bat behar izaten da ikusteko aurreikuspenek egokitzapenak behar dituzten». Hamarkada bat igaro denean, udalak egungo egoera aztertu du, eta Sorozabalek esan duenez, legealdi honetan, «Apattaren bigarren fasea garatzeko urrats garrantzitsuak egin ditu udal gobernuak, besteak beste, Plan Berezia onartuta dago, Urbanizatzeko jarduketa-programa ere bai eta Urbanizazio proiektua bideratuta, beraz, laster errealitate bihurtuko da eta Tolosak zoru industrialaren beharrari erantzuteko aukera izango du».

Ander Figueridok bertako bizilagunen eskariak behingoz jaso izanaz «poza" azaldu du, eta salatu du «2009an onartu zen zentzugabeko HAPOaren ondorioak pairatzen ari direla bertako bizilagunak. 2014an saiakera bat egin zuen orduko udal gobernuak bidegabekeria hau eta San Estebango garapen espantsionista bezalako astakeriak albo batera uzteko, baina freno politikoa jarri zitzaion».

Bestalde, bilkuran onartutako beste puntuen artean aurkitzen da urtean udal langileen eta dedikazioz aritzen diren korporazio kideen ordainsarien %2,5eko igoera 2023rako. Olatz Peon alkateak zehaztu duenez, Estatuko Aurrekontuen Legeak ezarritako igoera da aplikatutakoa. Lanpostuen balorazioari dagokionez, «erabat teknikoa» dela esan du; «azterketa oso mardula egin da lanpostuz lanpostu funtzioak aztertuz. Balorazioa erabat objektiboa da, eta hori burutu ostean, inori jaitsierarik ez zaio aplikatu soldatan, eta hori da erabaki delako inori jaitsierarik ez aplikatzea». Ildo horretan, Andu Martinez de Rituerto EH Bilduren zinegotziak adierazi duenez, «udal langileei ere eragiten die KPIaren igoerak, eta erabaki honek hein batean eros ahalmena berreskuratzea dakar».

Tolosako udaleko lanpostu zerrendaren aldaketa ere onartu da azken bilkuran aho batez. Puntu horretan, Xabier Balerdi EAJ-ren zinegotziak azaldu du euren borondatea «langilearen alde egitea» izan dela: «Askotan esaten duzue ez ditugula langileak entzuten, ez dugula langileen alde egiten. Giza Baliabideen saileko teknikariaren kontrako txostena izanik ere, teknikoki esan digute ez dela posible Osoko Bilkuran lanpostuen zerrendaren aldaketa onartzea, kontsignazio ekonomikorik ez dagoelako, beraz, hurrengo pleno batean onartuko da txistulari bandako zuzendariaren eta irakaslearen lanaldi aldaketa (%100eko lanaldira)». EH Bilduko Ander Figuerido, kritiko azaldu da udal gobernuak gai horretan izan duen «egiteko modu traketsarekin». «Prozesua luzeegi joan ondoren, azken unean ezin izan da aldaketa bat onartu gobernu honen aurreikuspen faltagatik».

Abegi Etxea eraberritzeko obrek izan duten atzerapena dela eta, 2023rako Abegi kudeatzen duen elkarteari 40.000 euroan gehitzea diru laguntza ere onartu da bilkuran. Gainera, Tolosako Udalak eta bere Erakunde Publikoen Dirulaguntzen Ordenantza Orokor Arautzailearen aldaketa ere onartu da, legedia berrietara egokitzeko.

Bestalde, Tolosako udal kirol instalazioen kudeaketa integralerako zerbitzuen emakida-kontratuan, indarrean dauden tarifak eguneratzeko enpresa emakidunak egindako eskaera, ez da onartu. Andu Martinez de Rituerto EH Bilduren bozeramaileak tarifak familia bakoitzaren egoera ekonomikoaren araberakoak izatea eskatu du, «progresibitatea txertatuz aberastasunaren banaketan eragin eta aukera berdintasuna bultzatzeko».

Ibarrako zinegotziaren aurkako erasoa

EAJ-k aurkeztutako Arrazoi politikoengatiko indarkeria erasoek ez dute lekurik gure herrian mozioa ere onartu da bilkuran, kasu honetan, EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin, eta EH Bilduren aurkakoekin. EH Bilduren bozeramaileak, erasoa jasan duen zinegotziari «elkartasun eta babes osoa» adierazi dio, eta «erabat, irmoki eta inongo zalantza izpirik gabe» arbuiatu du gertakaria. «Indarkeriak ez du lekurik, ez gure herrietan ez eta gure gizartean eta zinez sinisten dugu errespetua oinarrizko baldintza dela elkarbizitzarako», gaineratu du. Era berean, «inongo motibazio politiko ezagunik ez duen gertaera isolatu tamalgarri» horrekin EAJ eta PSE egiten ari diren «erabilera politikoa» deitoratu du. «Aurkeztu duzuen mozioan kalean bizi dugun elkarbizitza giro ona desitxuratzen duzue eta bihotzez diotsuet garai ilun eta zorionez urrun baten mamuak astintzea ulergaitza egiten zaigula».

Olatz Peon alkateak, bere aldetik, ez dela erabilera politikorik egin erantzun du. «Modu oso objektiboan gertatu dena kontatu eta salatu dugu. Eusko Alderdi Jeltzaleko zinegotzia delako erasoa izan da Koldo. Horrela adierazi zioten. Ezin dut onartu gertaera gutxiestea. Egia da, ez gaudela lehenagoko garaietan, zorionez, beste garai batzuetan gaudela. Horregatik are eta larriagoa iruditzen zait, egoera batzuk gaindituak zeudela geundelakoan, garai baketsu hauetan, gaitzespenik ez egitea».

Alkatearen ustez, gertaera isolatua dela izendatu eta estaltzea ez da bidea. «Gertaera puntual eta isolatua izanik ere, badelako larria. Gure jarrera beti izan da eraikitzailea eta baikorra, elkarlanari lotuta, baina gertaera larriak bere gordintasunean azaldu egin behar dira, eta azaldu behar dira helburu bakar batekin: berriro ere gerta ez daitezen. Diskurtsoetan bat egiten dugu, hori egia da, baina ez dut ulertzen zuen jarrera mozioa ez onartzerakoan. Are gehiago, ez zait gainera ondo iruditzen».

Tolosak 19.886 biztanle, azken datu ofizialaren arabera

Urtarrileko Osoko Bilkuran Tolosako udalerriko biztanleriaren zifra ofiziala ere jakinarazi da. Hain justu, 19.886koa da, 2022ko urtarrilaren 1eko Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!