Bidasoa Irun eta Billere Pau Pyrenees taldeen artekoa izango da finala

Ataria 2023ko urtarrilaren 28a

Haitz Gorostidi jokalari tolosarra.

Tolosa CF-ren mendeurrenaren harira antolatutako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketaren finala 19:15ean jokatuko da Usabal kiroldegian. Aurretik, Civitas BM Guadalajara eta BM Logroño La Rioja taldeek hirugarren eta laugarren posturako partida jokatuko dute.

Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa antolatu du Tolosa CF klubak, bere mendeurreneko eta eskubaloi atalaren 50. urteurreneko ekitaldien barruan. Lau talderen arteko torneoa atzo arratsaldean hasi zen Usabal kiroldegian. Lehen finalaurrekoan, BM Logroño La Rioja taldea eta Billere Pau Pyrenees taldea aritu ziren nor baino nor, eta emaitza frantziarren aldekoa izan zen, 37-34.

Bigarren finalaurrekoan, Euskal Herriko talde ikurra den Bidasoa Irun eta Civitas BM Guadalajara lehiatu ziren, eta irundarrak garaile izan ziren, 22-32ko emaitzarekin. Aipatzekoa da talde espainiarrean ari dela jokatzen Haitz Gorostidi tolosarra, Tolosa CF-ko jokalari izandakoa.

Beraz, 19:15ean hasiko den finala irundarren eta frantziarren arteko lehia izango da. Partida horren aurretik, 17:30ean jokatuko dute Civitas BM Guadalajarak eta BM Logroño La Rioja taldeek hirugarren eta laugarren posturako partida.

Festa borobiltzeko Isastegi sagardotegian afalduko dute nazioarteko txapelketan parte hartu duten guztiek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!